Albistea entzun

Memoria historikoa

Ihes egin behar izan zutenen duintasuna

Frankistengandik ihesi, hamar urtez Lapurdin bizi behar izan zuen Jose Alfarok, familiatik aldenduta. Hark eginiko argazkiekin, erakusketa bat prestatu du Nafarroako Memoriaren Institutuak, frankismotik ihes egindako nafarrak oroitzeko.
Jose Alfaro eta Santiago Doxandabaratz iheslari tafallarrak Baionan, Errobi ibaiaren bazterrean, 1937an.
Jose Alfaro eta Santiago Doxandabaratz iheslari tafallarrak Baionan, Errobi ibaiaren bazterrean, 1937an. JOSE ALFARO Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko martxoak 6 - Iruñea

Niretzat ohore kontua da Egia esatea, Egia Guztia eta Egia besterik ez». Hala mintzo zen Jose Alfaro (Iruñea, 1895 - Tafalla, Nafarroa, 1979) 1968an idatzitako dokumentu batean. Bere bizitza kontatu zuen bertan: frankistengandik jasandako errepresioa, ihesean egondako hamar urteak... eta, horrekin batera, pentsioa eskatu zien agintariei. Nafar askok bezala, frankisten altxamenduaren ondoren ihesi joan behar izan zuen Alfarok, familia herrian utzita. Lapurdin hamar urte igaro zituen gordeta, eta, orain, garai hartan egindako argazkiak agertu dituzte Iruñeko Planetarioan, Nafarroako Memoriaren Institutuak prestatutako erakusketan: Jose Alfaro. Erbestea eta duintasuna.

 

Batetik bestera ibilitakoa izan zen Alfaro. Iruñean sortu zen, baina Tafallako Eskolapioen eskolan eta Hiriburuko (Lapurdi) eskola publikoan ikasi zuen. Correoseko funtzionario lanpostua eskuratu zuen 16 urterekin, eta Hoyosen eta Kordoban (Espainia) aritu zen. 1914ko irailean, Nafarroara itzuli zen, eta Lizarra, Zangoza, Villafranca eta Tafallako posta bulegoetan aritu zen. Kasedako (Nafarroa) zentral hidroelektrikoan ere aritu zen 1921etik aurrera, baina 1933an Tafallako postetxera itzuli zen.

Errepublikazalea zenez gero, 1930ean Tafallako Centro Republicano sortu zuen auzokoekin batera, eta 1931ko apirilaren 14an herriko udaletxeko balkoira atera zen Espainiako II. Errepublika aldarrikatzera. 1936an, frankistak altxatu zirenean, ez zen inon afiliatua, baina uztailaren 29an atxilotu zuten, eta Tafallako kartzelan sartu. Senide baten bidez pasaportea eskuratu, eta Baionara ihes egitea lortu zuen. Elia Garcia emaztea, amaginarreba eta lau seme-alaba Tafallan geratu ziren. Are, Garcia errepresaliatua izan zen: ilea moztu zioten udaletxe plazan, eta senarrari egotzitako bi isun ordainarazi zizkioten. Alfaro 1946an itzuli zen Nafarroara, Dantxarinetik.

Lapurdin emandako denboran, argazkigintza zaletasuna garatzeko aukera izan zuen, eta, orain, irudiak eta negatiboak familiak gordetzen ditu. «Gure etxean ahozko tradizioa izan dugu: errepublikaren, frankismoaren eta erbestearen garaiko kontuez hitz egin digute amak eta izeba-osabek», azaldu du Javier Aierra Atxu-k, Alfaroren bilobak. «Kontatu digute zer izan zen haientzat aitatxirengandik hamar urtez bananduta egotea, edo aitatxi ia hil izana. Eta amatxi: bera izan zen ordaintzaile nagusietakoa».

Jose Alfaro errepresaliatuaren argazki erakusketa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Erakusketan 1936tik 1946ra ateratako 229 argazki bildu dituzte. Irudietan, Baionan izandako bisitak, ihesi joandako beste kideen bilkurak, Lapurdiko txangoak edota Frantziara egindako bidaiak jaso zituen Alfarok. «Haren argazkien aberastasuna gustatu zitzaigun: erbestea nola bizi eta sufritu zuen kontatu zuen argazki horien bidez», azaldu du Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendariak.

Ez atzentzeko, testigantzak

Iaz abiatutako Nafarroako Erbestea proiektuaren jardueretako bat da erakusketa. Proiektu horren helburua ikerketa, dibulgazioa eta ihesi joandakoen ordaina edo aitortza dira. Katalogo bat ere argitaratu dute, eta hor Alfarok 1968an idatzitakoak tartekatu dituzte argazkien artean.

Nafarroatik ihes egin behar izan zuten guztiak oroitu nahi ditu gobernuak. «Erbestea drama bat da», esan du Gastonek. Esan duenez, testigantza gehiago jaso nahiko lituzkete, gertatutakoa atzendu ez dadin. Aierrak gogoan jarri du azpimarra: «Memoria historikoa argitara atera behar da. Gogoratzeak min eman dezake, baina atzendura askoz ere makurragoa da».

Katalogoa ikusteko: https://pazyconvivencia.navarra.es/eu/jose-alfaro

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jendea Arbonako lur okupatuetan, gaur goizean, Lurrama jaialdiaren hasieran. ©Lurrama Elkartea

Lurrama jaialdia ospatu dute Arbonan

Berria

Kontzertuak, hitzaldi bat eta beste egin dituzte, eguraldia lagun. Arbonan kokatu dute aurten, okupazioari sostengua emateko.

Hainbat lagun hegazti migratzaileei behatzen, atzo, Lizarietako lepoan, Saran. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txorien bidaia, largabistekin

Oihana Teyseyre Koskarat

Agorrilaren erditsutik hasiak dira hegaztien migrazio mugimenduak. Horiek zaintzeko lanetan ari da CPAL elkartea, Saran, Lizarietako lepotik begira.

 ©JON URBE / FOKU

«Sentiberatasunak egon behar du beti argazkien atzean; funtsezkoa da»

Jakes Goikoetxea

Ohiko sinadura izan da Euskal Herriko hainbat egunkaritako argazkietan. Urteek hezitako eta zaildutako begirada bat. Egoera eta aldaketa askoren lekuko zuzena izan da, lekuko deserosoa sarritan. Argazkilaritza utzi du; argazkigintza ez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.