Ehungintza

Izara zuriei beste bizialdi bat ematen

Ternua markak hoteletako izara zuriak jantzi bihurtzen ditu Wearcycle proiektuaren bidez. Lau eragileren artean abiarazi dute proiektua. 12.000 jantzi inguru egin dituzte dagoeneko, eta beste hainbeste erosteko aukera izango da martxotik aurrera.

Ternuak hoteletako izarekin ekoitzitako hiru jantzi. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Arropa jasangarria sortzeko egitasmobat jarri du martxan Ternua taldeak: Wearcycle. «Erakutsi nahi dugu kalitatezko arropa sortu daitekeela zabor bihurtzen diren ehun hondakinekin», hala azaldu du egitasmoaren helburua Edu Uribesalgok, Ternuako Berrikuntza Zuzendariak.

Hoteletako izara zuriekin egiten dituzte jantziak. Oiartzungo (Gipuzkoa) Gureak garbigunean hoteletako maindireak garbitzen dituzte, eta, garbitu ahala, hondatu egiten dira denborarekin. Uribesalgoren arabera, jakin zuten hondatutako izara horiek guztiak zaborretara bota eta berriak erosi behar izaten dituztela hoteletan: «Esan genien gustatuko litzaigukeela aztertzea ea botatako izara horiekin zerbait egiterik geneukan. Horrela hasi zen proiektua».

Lau eragileren artean sortutako proiektua da Wearcycle. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ternuak abiarazi dute, Belda LLorens eta Gureak enpresekin elkarlanean. Uribesalgoren hitzetan, batera aritu dira lanean lau eragileak: «Gureak garbigunetik eskuratutako izarak Alacanteko Belda Llorens enpresak iragazi eta xehatu egiten ditu. Hala, haria sortzen dute horrekin, oso erresistentea eta guztiz jasangarria dena».

Uribesalgok jakinarazi du egitasmoaren barruan sortu dituzten jantzi guztiak «ekodiseinatuta» daudela; jantziak dituen osagai guztiak material berarekin eginda daudela, alegia. Izan ere, %100 kotoizkoak dira: «Horrek esan nahi du jantzi horiei atera beharreko etekin guztia ateratzen zaienean erraza izango dela birziklatzea».

Uribesalgok azaldu du hemezortzi janzki mota sortu dituztela oraingoz; Ternuako zazpi eta Loreak Mendian markako 11: «12.000 bat jantzi egin ditugu gaur arte. Orain, bi tona izara jaso ditugu, eta uste dugu 50.000 edo 60.000 jantzi inguru egin ditzakegula horrekin». Gehitu duenez, jantziak ohiko saltokietan jarriko dituzte salgai, martxotik aurrera.

Ezinbestekotzat du Uribesalgok Wearcycle proiektua, «bide berri bat da kontsumitzaileak gero eta kontzienteagoak diren merkatu batean». Izan ere, bere ustez, jantzi bat egin eta erabilera guztien ondoren, zakarretara botatzeko joera dago: «Horrek aldatu beharra dauka, eta Wearcycle da aldaketa horren eredu».

Uribesalgoren iritziz,«proiektu berezi hau ezin hobeto egokitzen zaio Ternuari», eta, dioenez, ekonomia zirkularraren adibide da Wearcycle programa, ingurumen abantaila handiak dakartzana. «Saihesten dugu arropa botatzea, eta erabilitako ehunen iraunkortasuna luzatzen dugu, gainera».

Egitasmoaren sustatzaileek azpimarratu dute egitasmoak baduela balio erantsi bat: «Produkzio eredu bat ezartzea ahalbidetzen du proiektuak, enplegu aukerak sortzen dituena, laneratzeko zailtasun handiak dituzten pertsonentzat». Gainera, ekonomia linealari izkin egin, eta zirkularra zabaltzen laguntzen duela diote sortzaileek: «trantsizio ekologikoak ekartzen dituen ekonomia eredu berriak hedatuz».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 30.000 eurorekin lagundu du proiektua. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak aurkezpen ekitaldian aipatu zuen «ehungintza jasangarriaren abangoardian» dagoela Gipuzkoa: «Saihesten dugu hondakina sortzea, sustatzen dugu materialak berrerabiltzea, eta bultzatzen dugu ekoizpen eredu berri bat, balio duena tokiko ekonomia bultzatzeko eta hazteko».

Ontzat jo dute sortzaileek proiektua: «Oso esperientzia ona izan da. Ehun hondakinei bestebizialdi bat eman dakiekeela erakusten du proiektuak, kalitateko haria sor daitekeela, jantziak egiteko lehengai berriak erabili beharrik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.