MADALEN EGUNA BERMEON

Lurreko ondarea urpeko bildumara

Urteroko ohiturari jarraituz, Bermeok Izaro uhartearen jabetza aldarrikatu du Madalen egunean. Dozenaka ontzi portutik irlaraino joan dira, itsas erromerian. Aurten, XVI. mendeko baserri bateko teila bat bota du alkateak itsasora, lurrari keinua eginez.

Zihara Jainaga Larrinaga.
Bermeo
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun

Dozenaka itsasontzik inguratuta, dotore zegoen Izaro irla atzo eguerdian. Kondairak dioenez, duela zenbait mende Bermeok eta Mundakak (Bizkaia) estropada batean jokatu zuten uhartearen jabetza. Elantxobe izan omen zen epaile lehia bizian, eta Bermeo atera zen garaile. Ordutik, Madalen egunean, uztailaren 22an, berena dela aldarrikatzen dute, harrotasun handiz, Bermeoko agintariek eta bizilagunek. Hain zuzen ere, teila bat botatzen dute itsasora, Bermeoren mugak noraino iristen diren zehazteko. Atzokoan, Bermeoko Artika auzoan dagoen XVI. mendeko Tribis baserriko teila bat bota zuen Izaro inguruko uretan Aritz Abaroa alkateak. Hala, Bermeok historikoki itsasoarekin eta lurrarekin ere lotura estua izan duela goraipatzeko baliatu nahi izan zuten atzoko ekitaldia.

«Gomendatzen da kazetariak urdinez edo arrantzalez jantzita etortzea»; badaezpada, zehaztasun hori zekarren Madalen egunerako Bermeoko Udalak bizpahiru egun lehenago hedabideei bidalitako oharrak. Izaera handikoak dira bermeotarrak, eta jaiak ere modu berezian ospatzea gustatzen zaie. Goizeko hamarrak jo gabe zirela, herriko kale estu eta aldapatsu zein plazetan urdin kolorea —Urdaibaiko arraun taldea berezi egiten duen kolorea— nagusi zen. Herria mahonezko jantziekin esnatu zen, eta goizean goiz hasi zen jai giroa: «Madalenara, Madalenara...» entzuten zen kale bazterretan.

Emozioaren olatua

Suak 2013an kiskalitako udaletxearen parean jarri zuten hitzordua, 12:00etarako hamar minutu falta zirela, eta, unea gerturatu ahala, plaza urdintzen hasia zen. Plazaren erdian, baina, gazte talde batek eremu handi bat zuen hartua: motxilak lurrean botata zituzten eta nekatu aurpegia zuten; urdinetik gutxi. Euskal Herrian zehar ibilbide bat egiten ari zen Bartzelonako gazte talde bat zen, eta, kasualitatez, Bermeon egin zuten lo aurreko egunean. Herri erdian harrapatu zituen festak. «Tradizioa zein den azaldu digute, eta hunkigarria iruditu zaigu; beste baterako apuntatu dugu itsasontzian joatearena», aitortu zuen Julia Garcia kideak.

Kankinkabara taldeko txistularien doinuek eguneko ekitaldiak hastera zihoazela ohartarazi zuten Alkate soinua jotzen hasi zirenean. Bertan hasi eta portura bidean, Lamera zeharkatu zuten udalbatzak eta politikari mordo batek. Eta, agintarien aurretik, taldea gidatzen, txapliguak botatzeko arduraduna. Eguraldia lagun, ehunka herritarren txalo eta algara artean egin zuten kalejira, eta, emozioaren emozioz, negar malkoei eustea kosta zitzaion bati baino gehiagori.

Portuko sarreran dagoen harrizko atea gurutzatzeko unea izan zen ibilbideko momentu hunkigarriena. Olatu urdinak adierazten zuen porturako bidea. Lagun taldeak eta familiak batu ziren jaira. Familia horietako batek txalupak portutik ateratzen eta iristen ikusteko asmoa zuen, «bermeotarrentzat hain berezia den egun honetan». Izaroz galdetuta, senar-emazteak ez zetozen bat: aitak ez zuen zalantzarik Bermeorena zela esatean. Amak, baina, «perzebea Mundakakoa da» zehaztu nahi izan zuen.

12:00etan atera ziren itsasontzi ofiziala eta herriko txalupak, Bermeoko portutik. Itsaso lasaia egokitu zen atzokoan; hala ere, hiru kilometroko ibilbidean ez ziren dinbili-danbala ibiltzeaz libratu, herritarrak, agintariak eta erakundeetako ordezkariak. Hasieran urrunean ikusi arren, azkar batean iritsi ziren Izaro irlara. Han, Aritz Abaroa alkateak, teila botatzearekin batera, lehen aldiz esan zituen hitz ezagun hauek: «Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak». Erabat hunkituta, eguneko unerik sinbolikoena izan zen.

Ia 13:30ak jota, Elantxobeko portura sartzeko lanak izan zituzten itsasontziek. Bermeon gisara, zeruak eta itsasoak bat egiten zuten lurreko kolore urdinean. Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak aginte makila eman zion Abaroari, herrira iristean. Agintarien ekitaldi ofizialak bukatuta, gaueko ordu txikietara arte iraun zuen festak Bizkaiko kostaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.