Udako azken egunen argiak eta itzalak

Elkarren arteko distantzia gordez eta maskara jantzita beti, askok aukeratzen dute Abandoibarrako pasealekua goiza igarotzeko. Bilbotarrak, gertukoak, turistak: guztiak erakartzen ditu itsasadarrak, eta, udako egun beroetan, baita gerizpeak ere.

Gazte talde bat Louise Bourgeoiseren Ama eskulturari so. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Itsasadarraren berde iluna, zeru oskarbiaren urdin argia, ibiltarien jantzien kolore aniztasuna: horiek dira nagusi Bilboko Abandoibarrako pasealekuan, udako goizetan. Askorentzat da eguneroko edo, behintzat, ohiko ibilbidea, eta eguraldiak aitzakia paregabea eman du hamaikagarrenez bide hori egiteko. 11:00k dira ia, eta eguzkiak gogor jotzen du Abandoko aldetik. Izpiek nabarmen proiektatzen dituzte pasealeku pareko arbolen eta elementu arkitektonikoen itzalak, baina, horien arteko eremuan, eguzkiak bete-betean jotzen du.

Maria del Carmen Romano Hidalgok itzal luze horietako bat aprobetxatu du berotik ezkutatzeko, eta baita izpiek itsutu ez dezaten ere, Euskalduna zubiari argazkia ateratzen ari baita. Aurretik argazkilari lanetan zebilen beste emakume baten lekukoa hartu du Romano Hidalgok. Kanaria Handitik (Espainia) etorri da, eta, aurretik ere Bilbon egona zen arren, oraingo honetan astebeterako etorri da, hiria «patxadaz» ikusteko. Arratsaldean, Arriagatik hasten den ibilbide gidatu batean parte hartuko du, baina, ordura arte, Bilbo bere kabuz bisitatzen ibiltzeko asmoa du. «Orain arte ikusi dudana oso ederra iruditu zait». Zubiari eta pareko antzokiari beste hainbat argazki atera, eta Abandoibarratik jarraitu du, Guggenheim museorako bidean. «Ea inork ateratzen didan argazkia niri, ni ere baten batean agertzeko».

Emilia Doya Jimenez Laudiokoa (Araba) da, eta astero edo bi astean behin ibiltzen da Abandoibarran. Gaur, ordea, argazkietarako baliatu du egun ederra hark ere, tokia aski ezaguna zaion arren. Gerizpean jarri da haurraren gurdiarekin, eta bere bikotekidea haiei itzala ematen dien begiratokira igo da argazkia ateratzeko. «Badakigu hemen zer gertatzen den egun on hauekin; beraz, aprobetxatu behar ditugu. Bestela, etxean itxita geratzea da alternatiba».

Argazkiak ateratzea ez, baina aspaldian bisitatu gabeko pasealekuan ibiltzea otu zaio Aurkene Gutierrezi. «Aspaldi ez naiz hona etorri. Beste eremu batzuetan egon gara, esango nuke hemen jende askoz gehiago egongo zelako ustean». Gutierrezek dio etxetik urrun duela Abandoibarra, eta, azkenaldian, beste kontu batzuek hartu diote denbora: «Oso gustuko dut paseoa. Nire lagunekin bai, etortzen nintzen, baina, orain, parkera edo mendira joaten naiz semearekin, lasaiago egon dadin». Bere laguna Vanesak eta biek itsasadarreko pasealekuan ibiltzea erabaki dute oraingoan, ibilbidez «aldatzearren», eta, goizeko egoera ikusita, jendetzaren hipotesia baztertu du Gutierrezek: «Jendea korrika eta oinez dabil, baina ez dago jende asko, eta distantzia gordetzen dute».

Enrique Martinez Aialak ezagunagoa du Abandoibarra. Eguneroko paseoa egin eta gero, gerizpeko banku batean jesarri da irratia entzuten. Oinez ibiltzea «komeni» zaionez, Areatzaraino joaten da barruko bidetik, eta buelta itsasadarraren paretik egiten du. Eguzkiaren «etsaia» izanik, itsasadar aldameneko bide biluzitik aldendu da oraingoan.

Gerizpeak, desagertzen

Martinez Alaiak dioenez, asteburuan batzen da jendea Abandoibarran, bereziki, baina astebarruan «libreago» egoten omen da pasealekua. Begoña Maza eta Celsa Sanchez ez dira hor ibiltzen larunbatetan eta igandetan, baina jende kopuruak ez du zerikusirik horrekin. «Asteburuetan, etxekoandre lanetan ibiltzen gara», dio Sanchezek. Normalean, goizago irteten dira, baina, oraingo honetan, «egoera batzuek» atzeratu egin dituztela dio Mazak. Presaz dabiltza; izan ere, familiakoekin geldituta daude, eta azkar batean joan dira Euskalduna jauregiaren norabidea hartuta.

Halaber, ihes egin zezaketen eguerdiko eguzkitik. Izpiak jada ez dute izkina batetik jotzen, itsasadarraren gainetik baizik. Goizeko itzal luzeak murriztu eta ahuldu egin dira, eta gero eta gutxiagorentzako aterpea dira jada. Arbolen pareko bankuetara jo dute askok; ozta-ozta estaltzen ditu zuhaitzen gerizpeak, baina badago aukerarik oraindik freskotasunaren abaroan egoteko, eguzki bizitik salbu. Batzuek, ordea, argira atera behar dute: emakume batek maskara esku batean eta xala bestean utzi du Udaletxeko zubiak ematen zion itzala, burumakur, Erripako kaira bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.