Loinatz jaiak Beasainen

Txosnak, festei aurrea hartuta

Beasaindarrak Loinatz jaietan murgilduko dira gaur. Txosna batzordea festa giroan dabil jada

Eragile eta norbanakoek osatzen dute batzordea, eta 50 lagun inguruk hartu du parte. BEASAINGO TXOSNA BATZORDEA.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Lehertu da Beasaingo (Gipuzkoa) Loinatz jaietako lehenengo txupinazoa. Lehenengoa, bi botako baitituzte: txosna batzordeak eta Andramendi ikastolak. Ohiko egitaraua baino egun bat lehenago ekin die festei txosna batzordeak, eta atzo bota zuten suziria. Genero ikuspegia lantzeko ahalegin berezia egin du aurten taldeak, nola txosna gunea prestatzerakoan hala egitaraua osatzerakoan ere. Gaur lehertuko da bigarren txupinazoa, eta maiatzaren 25era arte iraungo dute Loinatz festek.

«Herriko jaiez gozatzeko gune aske eta segurua». Horrelako txosna gune. bat eraiki nahi dutela azaldu du Iker Garmendia batzordeko kideak. Herriko hainbat eragilek eta norbanakok osatzen du taldea. Aurten 50 lagun inguru aritu dira batzordean lanean: «Deialdi berezia egin genuen batzordea osatzeko, eta oso erantzun ona izan du», adierazi du Garmendiak. Gazte askok parte hartu dutela azpimarratu du, baita neskek ere.

Loinatz jaiak antolatzeko lantaldeak osatu dituzte txosna batzordeko kideek: musika batzordea, genero batzordea, ekintza taldea, tekniko taldea... «Talde bakoitzak bere dinamika izan du. Ondoren, guztiok batzartzen ginen, elkarren berri izateko», esan du Garmandiak.

Jaiak aurreratzeko gogoz zeuden txosna batzordeko kideak. Horregatik egin zuten atzo Ansiosx eguna. Egitarau ofiziala gaur hasiko duten arren, atzo ere izan zen festarako aukera. Iaz antolatu zuten lehenengoz egun hori, eta aurten ere egitea erabaki dute: triki-poteoa, txupinazoa eta kontzertuak izan zituzten.

Genero ikuspegia lantzeko ahalegin handia egin du aurten txosna batzordeak, Garmendiak azaldu duenez. Besteak beste, erasoen aurkako protokoloa osatu dute, eta hura lantzeko tailerrak egin dituzte. Ildo beretik, txosnetako txanda guztiak mistoak izango direla bermatu dute.

Festa eta lana

Egitaraua osatzerakoan ere kontuan hartu dute genero ikuspegia: «Egunero emakumeen presentzia bermatzen saiatu gara. Ez dugu erabat bete, baina bidea hasi dugu», azaldu du Garmendiak. Horren isla dira, esaterako, ProsOdia rap talde feministaren atzoko kontzertua, edo maiatzaren 18rako antolatutako Transfeminista Eguna.

Jai giroa jartzeaz gain, elkartasunerako aldarria ere egingo du txosna batzordeak. Hango kideak azaldu duenez, herriko gazte bat epaituko dute Madrilen maiatzaren 21ean, terrorismoa egotzita: «Zazpi urteko espetxe-zigor eskaera dauka gazteak. Egunero izango du horrek oihartzuna festetan».

Festak atzo hasi zituzten, baina aspalditik ari da lanean txosna batzordea. Egitaraua osatzea izan da lehenengo eginkizuna. Aste honetan, berriz, txosna gunea prestatzen aritu dira. Festa egunetan ere lan ugari izango dute, ia bi aste iraungo baitute jaiek. Antolatzea eta ardurak ondo banatzea da festa eta lana uztartzeko formula, Garmendiaren arabera. Denerako aukera izango dute beasaindarrek Loinatz jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.