Bitartekaririk gabe ere elkarrizketari eustearen alde agertu da Mas

Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Artur Mas Kataluniako presidente ohiak begi onez ikusi du Espainiako Gobernuak eta Generalitateak elkarrizketa mahaia abian jarri izana, Kataluniako gatazkari konponbidea bilatzeko. Defendatu du merezi duela martxan dagoen mahai horri segida emateko ahalegina egitea, nahiz eta Madrilgo gobernuak ez onartu nazioarteko bitartekari batek parte hartzea. Masen esanetan, Kataluniako independentistek aztertu behar lukete negoziatzeko zenbateko borondatea daukan Pedro Sanchezek, eta mesfidantza gainditzeko modurik baden ikusi.

Masek argi utzi du gaur-gaurkoz ez dela fio Espainiako Gobernuarekin. «Hainbatetan sartu digute ziria». Hala ere, elkarrizketaren alde mintzatu da, Madrilekiko «sineskor» izan gabe.

Masen esanetan, mesfidantza hori gainditzeko baliabide egokia litzateke nazioarteko bitartekari batek parte hartzea, eta mesede egingo lioke elkarrizketa mahaiari. «Laguntzen du egiturazko mesfidantza higatzen». Baina, Espainiako Gobernuak bitartekariaren eskaria guztiz baztertuko balu ere, elkarrizketak hastea defendatu du, eta «mesfidantzak hobera egiten ez badu» eskari hori berreskuratzea.

Erreferenduma

ERCk eta PSOEk adostu zutenez, gobernu arteko elkarrizketa mahaian akordio politikorik lortzen bada, Kataluniako herritarrek bozketa batean erabakiko dute hura onartu ala ez. Masen iritziz, bozketa horrek bi aldeen proposamenak jaso beharko lituzke: Kataluniako Gobernuaren aldetik, independentzia, eta, Espainiako Gobernuaren aldetik, mahai gainean jarritako eskaintza.

Masek nabarmendu du Madrilek ez duela Kataluniarentzako proposamen politikorik aurkeztu oraindik, eta Generalitateak horretan jarri beharko lukeela indarra: Espainiari proposamen bat egin dezala eskatzean. Presidente ohiaren arabera, irtenbidea independentziaren ala autogobernu hobearen arteko erreferendum bat egitea litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.