Gatazkaren ondorioak. Euskal presoak

Hainbat biktimak bat egin du Bilboko urtarrileko martxarekin

Muguruzak, Brouardek eta Roderok bakearen alde mobilizatzera deitu dute Sareren agerraldian

Joseba Azkarraga, Paul Rios, Ane Muguruza, Edurne Brouard eta Rosa Rodero, atzo, Bilbon, Sareren prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Jatorri desberdineko indarkeria jasan duen zenbait biktimak bat egin du Sare plataforma herritarrak urtarrilaren 13rako euskal presoen eskubideen alde Bilbon antolatu duen manifestazioarekin. ETAren eta GALen hainbat biktima atxiki zaizkio deialdiari. Rosa Rodero ETAren biktimak eta Ane Muguruza eta Edurne Brouard GALen biktimek agiri bat irakurri zuten atzo, Bilbon. «Ideologia eta atxikimendu politikoak alde batera utzita», bakearen eta elkarbizitzaren alde mobilizatzeko eskatu zuten. «Eskuak batu ahal izateko eta Bilboko kaleetan elkarrekin ibiltzeko, bakea, giza eskubideak, elkarbizitza eta konponbidea eskatzen ditugu», adierazi zuten.

Indarkeria lehen pertsonan bizi izan dutenez, nabarmendu zuten ez dutela nahi beste inork halakorik pairatzea. «Ez dugu nahi gure izenean pertsona presoei eta haien senideei eskubideak urratzen jarraitzea». Euskal presoen urruntzea, larri gaixo dauden presoen kartzelaldia eta «bizi osorako ezkutuko zigorrak ahalbidetzen dituen salbuespenezko legedia» indargabetzeko garaia dela azpimarratu zuten, prentsaurreko batean.

Esnal aske uzteko eskaera

Donibane Lohizuneko (Lapurdi) herriko kontseiluko hautetsien gehiengoak Jakes Esnal euskal presoa baldintzapean aske uzteko eskatu du. Herri Berri oposizioko talde ezkertiar eta abertzaleak aurkeztu zuen testuak dio Esnal baldintzapean askatzeak ez dakarrela arriskurik ordena publikorako, «eta hori oso garrantzitsua da», Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu duenez. Bederatzi urte dira Donibane Lohizuneko presoak baldintzapeko askatzea eskatzen ahal duela, eta epe horretan behin egin du. Abokatuak dioenez, «orain arte, ordena publikoa arriskuan jar lezakeela arguditzen zuten eskaera ezeztatzeko, baita dosier berean direnentzat ere». Haren ustez, hautetsiek izenpetu testuak erakusten du «gizartea erabat ados» dela haiek askatzearekin eta «desiatzen duela». Esnalek 28 urte daramatza preso; besteak beste, bizi osorako kartzela zigorra jaso zuen Argala komandoko kide izateagatik. 1990ean atxilotu eta kartzelatu zuten, Unai Parot, Frederic Haranburu Txistor eta Ion Kepa Parotekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.