Miren Basaras Ibarzabal.
PENTSALDIAN

Estigmatizazioa

2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Azkeneko asteetan gure artean ezohikoa den gaixotasun baten berri izan dugu: tximino baztanga. Infekzio hori sorrarazten duen birusa ez da batere ezezaguna, baina lekualdaketa bat izan du, eta, Afrikan endemikoa den lurralde batzuetatik munduko hainbat herrialdetara hedatu denez, azaleratzen ari den infekzioa kontsideratzen da. Une honetan, agerraldi epidemiko garrantzitsu baten aurrean daude hainbat herrialde, Europakoak barne, eta, gutxienez, Afrikatik kanpoko 21 herrialdetan agertzen ari dira hainbat kasu.

Tximino baztangaren birusa zoonotikoa da, hau da, animalien artean dago; bertatik gizakiarengana transmititu daiteke. Gordelekua karraskariak omen dira, eta, animaliak kutsatu ondoren, tximinoak barne, gizakiarengana ailega daiteke.

Gizakiz gizaki transmisioa oso zaila da, eta hurbileko kontaktua behar du, infektatutako pertsona baten larruazaleko lesioen material infekziosoarekin edo aurrez aurreko kontaktu luze baten ondoren kutsa ditzaketen fomiteen (objektuak) eta arnas tanta lodien bidez, gehienetan familia-kideen arteko transmisioa.

Agerraldi epidemikoak agertzean lortu behar dena da kasu indizeak edo lehenengo kasuak nola kutsatu diren jakitea lehenbailehen. Egungo agerraldian, nahiz eta informazio hori kasu guztietan ezaguna ez izan, badirudi kutsatutako kasu gehienak sexu harremanen ondorio direla eta gizonekin sexua duten gizonen artean nabarmen hedatu dela.

Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak dioen bezala, tximino baztangaren kasuan, babesik gabeko sexu-bikote ugari dituzten pertsonentzat kutsatzeko arrisku orokorra altua da, eta, aldiz, biztanleria orokorrarentzat baxua.

Oraingoz ez dago argi birus hau sexu bidez transmititu ote den, hau da, birusa semenean edo jariakin baginaletan ote dagoen. Baina argi dagoena da bide sexuala badela sexu-kideen arteko hurbileko kontaktu bat: beraz, transmititzeko arriskua oso altua da.

Ezaguna denez, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, egunero milioi bat pertsona baino gehiago kutsatzen dira sexu bidez transmitituriko infekzio batez; kasu gehienak sintomarik gabekoak dira, baina, hala ere, beste sexu-kideei transmiti diezazkiekete mikroorganismoak. Espainiako Estatuan, esaterako, 2016tik 2019ra artean gonorrea, sifilisa edo klamidiaren kasuak igo egin dira nabarmen (gonorrearen kasuan, % 35eko igoera izan du).

Mikroorganismoak modu ezberdinez transmititu daitezke gizakien artean, eta sexu-bidea bada transmisio bide garrantzitsu bat. Ezin da pentsatu bide hau bakarrik garrantzitsua dela populazio talde jakin batentzat: babesik gabe sexu-kide ugari dituen edozein pertsonak arriskua izan lezake.

Betiko moduan, erasandako herrialdeekĀ  ahalegin handiak egin beharko dituzte kutsatutakoen jakinarazpenak egiten, kontaktu estuak azkar identifikatzen eta haien segimendua egiten. Mundu mailako edozein gaixotasun infekziosoren segimendua jarraitu beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.