Erradiologiak Curie du abizena

Marie Curie fisikaria izan zen Nobel saria irabazi zuen lehen emakumea; senarrarekin batera polonioa eta radioa aurkitu zituelako saritu zuten. Haien ondorengoak ere erradiologiari lotutako ikerketetan ibili dira.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bada familia bat fisikari erabat lotua. Marie eta Pierre Curie senar-emazteek sortu zuten saga: Nobel saria irabazi zuten erradioaktibitateari lotutako lehen ikerketak egiteagatik, Henri Becquerelekin. Marie Curie izan zen Nobel bat jaso duen lehen emakumea. Haien alaba Irene Joliot-Curiek eta haren senar Jean Frederic Joliotek ere Kimika arloko Nobela irabazi zuten, erradioaktibitate artifiziala aurkitzeagatik. Bigarren bikote horren alaba Helene Langevin-Joliot ere Fisikako doktorea da, eta erradioaktibitate nuklearra izan du ikerketarako gaia. Bilbon izan da, bere familiari buruzko jardunaldietan. Iruditzen zaio Marie Curieren inguruan «mito bat» sortu dela. Eta hautsi egin nahi izan du.

Lehenik eta behin, ukatu egin du Curiek bere bizitza zientziagatik «sakrifikatu» izana. Era berean, zalantzan ipini du emakume eta zientzialari zelako «trabak» izan zituenik. «Marie Curiek berak esandakoa da: 'Nire lanean andrea naizelako baino eragozpen gehiago izan ditut bitartekoak falta izan zaizkidalako'. Beti ez dira bat etortzen garai bakoitzean bizitza jakin batetik atera ditzakegun ondorioak eta bizitza hori bizi izan zuen pertsonak benetan sentitu zuena».

Uste du bere amama ez zela feminista izan «konbentzimenduz eta ideologiaz», baina bai «jarreraz». «Emakumeen boto eskubidez galdetzen ziotenean, beti erantzuten zuen emakumeek eta gizonek balio bera dutela». Joliot-Curieri iruditzen zaio gaur egun ere estereotipoak daudela, eta horiek hautsi beharra dagoela. Berak hitzaldiak egiten ditu neskak zientzia arlora gerturatzera animatzeko.

Maria Sklodowska-Curie Varsovian jaio zen, 1867ko azaroaren 7an. Garai hartan, inguruko potentzien mende zegoen Polonia; hiriburua, Errusiako Inperioarenean. Horrek ikastea zaildu zion. Hala ere, Parisera joatea zuen amets, Sorbonara. Umetatik poesia zuen gustuko, baina zientzia ikasketak egin zituen. 1893an bukatu zituen Fisika Zientzietako ikasketak. 1984an lizentziatu zen Matematika Zientzietan. Joliot-Curiek ere Matematika eta Fisika zituen gustuko, Historiarekin batera; ikasketak aukeratzerakoan, aitita-amamen eta gurasoen bideari segitu zion.

Ezusteko aurkikuntza

XIX. mendea bukatzear zegoela, Marie Curiek doktoretza tesia egiteko gaia erabaki behar izan zuen. Aurkitu berriak ziren X izpiak. Baina Curie senar-emazteek beste izpi batzuen aldeko hautua egin zuten: Henrie Becquerelek uranio gatzetan zeuden beste izpi batzuk ikusi zituen. 1898ko urtarrilean, uranio izpiek airean eragiten zuten eroankortasuna neurtzen hasi zen Marie Curie. Ohartu zen uranioak eragitea espero zena baino erradiazio handiagoa zegoela. Neurketa akats bat zela pentsatu zuen, baina, behin eta berriro neurtuta, emaitza bera lortu zuen. Orduan ondorioztatu zuen ezezaguna zitzaion beste elementu bat egon behar zela tartean. Hala aurkitu zuten polonioa. Bere sorterriari omen egiteko ipini zion izena. Eta ondoren aurkitu zuten radioa, are elementu garrantzitsuagoa. «Ez zeukaten ez dirurik, ez baliabiderik, ez laborategirik. Baina amamak esaten zuen hangar miserable hartan igaro zituela bere bizitzako ordurik zoriontsuenak».

Radio kloruro dezigramo bat isolatu zuten 1902ko udaberrian. 1903ko uztailaren 25ean, Curiek bere tesia irakurri zuen Sorbonako Unibertsitatean, eta Zientzia doktore izendatu zuten. Urte bereko abenduan, Fisikako Nobel saria eman zieten. Hasieran, Henri Becquerel eta Pierre Curie izan ziren sarituak, baina Curiek uko egin zion, emaztea ere saritzen ez bazuten. «Hainbat gutun bidali zituen, bai izendapenaren berri eman zion Frantziako Matematika doktore bati, bai Suediako Zientzia Akademiako idazkariari». Sorbonak Fisika katedra sortu zuen Pierre Curierentzat, eta Marie Curie izendatu zuten buru.

Joliot-Curiek bi Marie Curie bereizi ditu: ikerketak egin zituena eta 1914ko gerra ostekoa. Lehen Mundu Gerrak lehentasunak aldatzera bultzatu zuela uste du. «Gerratik eraldatuta atera zen Marie. Fisikariek soilik osatutako mundutik atera zen, eta beste era bateko pertsonekin hitz egitera ohitu zen, batez ere militarrak eta medikuak, eta horrek aztarna utzi zuen harengan». Ikerketa utzi, eta ezagutza praktikan jarri zuen. Gerra frontera joan zen, X izpien ekipodun autoekin. Ospitaleetan makina horiek zelan erabili irakatsi zien erizainei. Soldaduei erradiografiak egin zizkien, eta medikuei gorputzetan balak aurkitzea erraztu zien hala. «Milaka bizitza salbatzen lagundu zuen». Eta ez gerran bakarrik: bera buru izan zen Radioaren Curie Institutuak minbiziaren aurkako tratamenduak ikertu eta aurkitu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.