Arrauna

Kirioak dantzan jartzekoa

Eusko Label eta Euskotren ligako kanporaketak jokatuko dira asteburu honetan. Gizonezkoetan, bost taldeetatik bik lortuko dute plaza; emakumezkoetan, lautik batek. Gaur izango dute lehena, Bermeon.

BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Arraun denboraldiaren amaierarekin batera, badatoz goren mailara igotzeko edota jarraitzeko kanporaketak ere. Gizonezkoetan, Tiran, Getaria, Kaiku, Meira eta Bueu lehiatuko dira Eusko Label ligako bi postuen bila; emakumezkoetan, Hondarribia, Tolosaldea, Deustu eta Cabo ariko dira, eta lehenengoak eskuratuko du Euskotren ligako plaza. «Luze» egiten ari zaie denboraldia, baina «itxaropentsu» daude denboraldia biribiltzeko. Gaur izango dute lehen asaltoa (17:40, ETB1), erlojuaren aurka. Itsaso narrasa eta haize petrala daude iragarrita.

IRAITZ LEGORBURU
Getariako arraunlaria


«Gaur atzean geratzen denak bihar zaila izango du lehen bitan amaitzea»

Ilusioa hizki larriz idatzi du Iraitz Legorburu Getariako arraunlariak (Getaria, Gipuzkoa, 1992). Hain zuzen, hitz bakar horrekin laburbildu du taldearen aldartea:«Guretzat kanporaketan egotea oparia da, eta gogotsu gaude». Aste honetan Bermeon izan dira entrenatzen, hango estropada eremura «egokitzeko» asmoz. Arlo psikologikoa ere landu dute:«Konfiantza, urduritasuna, presioa... sentimendu asko pilatzen dira geure buruan, eta horiek kudeatzea funtsezkoa izango da».

Argi dute asmoa: «Kanpora begiratu gabe, gure onena eman behar dugu». Batez ere, gaurkoa dute begiz jota; itsasoan jostari baitabil Esperantza, eta bertute horri zukua atera nahi diote:«Gaur atzean geratzen denak bihar zaila izango du lehen bi postuetan amaitzea». Kontxako Banderako sailkapen estropadan Getaria, KAE 1 ligako txapelduna, izan zen azkarrena. «Gaur, ordea, guztiak hutsetik hasiko gara», gogorarazi du. Aurkari guztiak jo ditu «arriskutsutzat».

LEANDRO SALVAGNO
Kaikuko arraunlaria


«Kaikuk merezi duen lekuan utzi nahi dut: gorengo mailan»

Jose Luis Kortak Kaikuren gidaritza hartu zuenetik behetik gora egin du Sestaoko taldeak (Bizkaia). KAE 1 ligako azken hiru estropada irabazita, «konfiantza berreskuratu» dutela nabarmendu du Leandro Salvagno arraunlariak (Colonia, Uruguai, 1984). Dena den, ez du ezkutatu «luze» egin zaiela lau asteko etenaldia. Zierbenan (Bizkaia) egin dituzte prestalanak, «nahiz eta gaurko iragarrita dagoen itsasoaren baldintzetan ez entrenatu». Salvagno «kezkaz» mintzatu da, itsasoan ez baitira ur geldoetan bezainbeste ibiltzen: «Bermeotik bizirik ateratzen bagara, bihar aukera izango dugu». Esperantza ontzia aipatu du kanporaketa irabazteko faborito gisa: «Getariari irabazten badiogu, datorren denboraldian TKEn izango gara».

Eskarmentu handiko arraunlaria da Salvagno, eta Bizkaitarra ontziaren urte loriatsuan tostartean aritu zen: «Kaikuk urte askoan eman didana itzuli nahi diot; merezi duen lekuan utzi nahi dut: gorengo mailan».

IRATI GAZTELUMENDI
Hondarribiako arraunlaria


«Gure onena emanez gero, lehen posturako borrokan ibiliko gara»

Euskotren liga amaitu zenetik, kanporaketa «gorriz biribilduta» zuen Hondarribiak, Irati Gaztelumendi arraunlariaren esanetan (Lezo, Gipuzkoa, 2002): «Eguna heltzeko amorratzen geunden». Ostera, guztiek jokoan «asko» dutenez, presioak «gain hartu» diela onartu du. «Tentsioa kudeatzea garrantzitsua izango da».

Aste osoan gaurko estropada izan dute buruan: «Olatuak albotik etorriko zaizkigu; beraz, hasieratik arraunketa ez galtzea funtsezkoa izango da». Gaurko estropadatik «bizirik» atera nahi dute berdeek: «Ezin dugu hutsik egin».

Kontxako Banderan bi jardunaldiak batuta, Tolosaldea haien aurretik geratu zen. Gaztelumendi, ordea, emaitza horretan ez da itsutu: «Gure onena emanez gero, lehen posturako borrokan ibiliko gara».

Ama Gudalupekoa laugarrenez ariko da kanporaketan; azken bietan —lehenengoan San Juan jaitsi zelako mantendu zen— azkarrenak izan dira, eta esperientzia hori lagun dutela ekingo die aurtengo kanporaketari. Halere, zuhurtziaz mintzatu da: «Dena bi estropadetan jokatzen denez, burua hotz mantendu behar dugu».

ITSASO AIZPURUA
Tolosaldeako arraunlaria


«Iazko urduritasunak uxatu, eta denboraldia biribiltzeko gogoz gaude»

Tolosaldearentzat ez da berria kanporaketa jokatzea. Iaz lehiatu zen Euskotren ligan laugarren postua lortzeko borrokan, baina atarian geratu zen, irteeran egindako hutsa tarteko. «Beste aukera bat noiz etorriko zain egon gara, gaur arte. Iazko urduritasunak uxatu, eta denboraldia biribiltzeko gogoz gaude», azaldu du Itsaso Aizpurua taldeko arraunlariak (Zizurkil, Gipuzkoa, 2000).

ETE ligan aise nagusitu da Patxi Francesen taldea; hamar bandera irabazi ditu. Baina ez da batere fio aurkariez: «Besteak ere arerio oso gogorrak dira, eta edozein huts eginez gero, aukera gal dezakegu». Beraz, argi du: «Gaurtik hasita, oso kontzentratuta eta ahalik eta lasaiena atera beharko gara». Gehiago zehaztu du: «Gure burbuilan sartu behar dugu, eta, gure arraunketa hartuta, ontzia azkar joango da».

IRATI PEREZ DE NANCLARES
Deustuko arraunlaria


«Erronka handi honi aurre egiteko gogotsu eta zentratuta gaude»

Deustuk denboraldia hasi aurretik, sasoia nolabait luzatzea zuen helburu. «Eta lortu dugu», dio pozarren Irati Perez de Nanclares arraunlariak (Bilbo, 1990). «Erronka handi honi aurre egiteko oso gogotsu eta zentratuta gaude». Prestaketa «berezia» egin dute gaurko eta biharko zita garrantzitsuetarako: «Kontxako Banderarako sailkatu ginen arren, albo batera utzi genuen, kanporaketara begira geundelako, eta emaitzetan islatu zen hori». Zortzigarrenak izan ziren, Chapelaren atzetik.

Tomatera ontziko arraunlariek jakin badakite «oso zaila» izango dutela Euskotren ligarako sailkatzea. «Baina aukerak baditugu», nabarmendu du. Hain justu, Josu Ortuberen taldea Tolosaldeari birritan nagusitu zaio ETE ligan, eta Euskadiko Txapelketan Hondarribiaren aurretik sailkatu zen: «Lorpen horiei balioa emanez eta elkar motibatuz bi estropadetan lan txukuna egin dezakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.