Realak eta Athleticek Kopari ekingo diote gaur

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko azaroak 25
Gaur eguerdian helduko diote Espainiako Kopari Athleticek eta Realak. Final-zortzirenetako partidak jokatuko dituzte, eta Betis eta Valentzia izango dituzte aurkari, hurrenez hurren. Bi taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Kale edo baleko partidak izango dira, kanporaketa partida bakarrera jokatuko baita. Bi taldeek ilusioz ekingo diote Kopari.

Ez da ohikoa sasoi honetan txapelketa hori jokatzea, denboraldi amaieran jokatzen baitzen. Gainera, Ligako zortzi talderik onenek jokatzen zuten. Baina datorren ekainean Munduko Kopa jokatuko da Frantzian, lehiaketako eredua aldatu behar izan dute. Hala, denboraldi osoan zehar jokatuko da, eta Lehen Mailako talde guztiek parte hartuko dute. Ikusteko dago datorren sasoian horri eutsiko zaion.

Bolada onean da Athletic, azken hiru partidak erreskadan irabazi eta gero. Gainera, sasoi hasieran golak sartzeko izandako zailtasunak gainditu dituela ematen du. Partida lehiatua espero da, Betis ere gorantza ari baita. Laugarren dago Ligan, eta Athletic bosgarren. «Egun gutxi izan ditugu indarrak biltzeko, baina dena emango dugu. Partida lehiatua izango da, baina guretzat garrantzitsua da Kopan aurrera egitea. Kolpea litzateke hain azkar txapelketatik kanpo geratzea. Gainera, bolada on hau luzatuko genuke, eta horrek konfiantza emango liguke», adierazi zuen Nekane Diez Athleticeko jokalariak.

Espainiako Koparekin arantza du Athleticek. Beti begiz jota izan duen txapelketa da, baina ez du sekula irabazi. Bi aldiz ailegatu da finalera, 2012an eta 2014an. Baina ez zuen zorterik izan. Lehen finalean luzapenean galdu zuen Espanyolen aurka, eta bigarrenean penaltietan Bartzelonaren kontra. Bada datu argigarriago bat: hamasei denboralditan sei kanporaketa baino ez ditu gainditu. Litekeena da Joseba Agirrek aldaketak egitea hamaikakoan, aurreko asteazkenean, Logroñoren aurka aulkian utzi batzituen Ainhoa Tirapu, Garazi edo Yulema bezalako jokalariak.

Liga oso ondo hasi eta gero, azken partidetan behera egin du apur bat Realak.Azken bi partidak galdu egin ditu, eta Kopan emaitza eta joko bolada onera itzuli nahi du.

Valentzia ligako talderik indartsuenetakoa da. Baina liga hasiera kaskarra egin du. Jokatutako bederatzi partidetatik bi baino ez ditu irabazi, eta hori baliatu nahi dute txuri-urdinek.

Garaipena lortzeko beharrezkoa ikusten du Gonzalo Arkonadak defentsan hobetzea. «Ez da partida erraza izango. Baina aurrera egiteko gogoa eta ilusioa dugu. Kopa lehiaketa erakargarria da, motza baina emozioz betetakoa».

Gaurko partidari begira, hainbat jokalari berreskuratuko ditu Arkonadak. Hala, Manu Lareo eta Iraia deialdira itzuli dira. Jokalari bakarra faltako da, horrenbestez: Sandra Ramajo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna