Sanferminak Iruñean

Burrunbaren azpitik, infrasoinuak

Berri Txarrak, Broken Brothers Brass Band, Carmen Paris, Skakeitan, Bad Gyal... Kontzertu sorta eklektikoa prestatu du Iruñeko Udalak, sanferminetan ere musika onenaz gozatzeko aukera dagoela frogatzeko.
Berri Txarrak taldearen kontzertuak piztu du ikusminik handiena.
Berri Txarrak taldearen kontzertuak piztu du ikusminik handiena. ARITZ LOIOLA / FOKU

Ion Orzaiz -

2018ko uztailak 8
Zein da gai infrasoinuak entzuteko? /Behingoz aintzat hartzeko? /Zein da gai su artifizialak tarteko /arreta jarri eta adi egoteko?

Sanferminetako ohiko zarataren azpitik, oihuen, barraketako sirena hotsen eta alkoholan leundutako eztarri marrantatuen azpitik, musika hari fin bat antzeman daiteke Iruñeko Alde Zaharreko karriketan. Festaren soinu banda da. Txupinazoak zerua urratzen duen unetik beretik, agertoki erraldoi bilakatzen da Iruñea. Bederatzi egunez, askotariko kolore, erritmo eta estiloko doinuek janzten dute festa. Bertokoak nahiz mundu zabalekoak.

Izaera plural horretan sakondu nahi izan du Iruñeko Udalak azken urteetan, sanferminetako musika eskaintza ahal bezain eklektikoa eta zabala izan dadin; eta horri gehitu behar zaizkio herri mugimenduko elkarteek ondutako programazio alternatiboak, Errekoleten plazan, O plazan, Vistabellako Oinez Txokoan eta Antoniutti parkeko txosnetan.

Duela hiru urte, sanferminetako musika eskaintza errotik aldatzea erabaki zuen udalak, ordura arteko formula agortua zegoela sinetsita. UPNren agintaldian, Espainiako irrati formulen eta talent show-en neurrira diseinatutako programazioa ezarri zen urtez urte, eta, artista famatuenen kontzertuek jendetza erakartzea lortzen bazuten ere, gainontzeko egunetan hotz samarra izaten zen gune horietako giroa. Foruen plazan, batez ere.

Azken urteetan, espezializazioari ekin dio udalak bere agertoki nagusietan: Foruen plazan gazteentzako kontzertuak programatu dituzte; eta Gazteluko plaza, festaren epizentro den heinean, dantzaleku erraldoi bihurtu dute, orkestretan, rantxeretan eta musika dantzagarrian oinarritutako eskaintza zabala onduta eta, batez ere, telebistako artistak alde batera utzita.

Foruen plazako kontzertu sorta antolatzeko tenorean, berriz, bi izan dira udalak aintzat hartutako irizpide nagusiak: kalitatea eta oreka. Kontzertu kopurua lau egunera murriztuta (uztailak 6, 7, 8 eta 13), eskaintza trinko eta kalitatezkoa osatu du udalak, erreferentziazko taldeak eta proposamen berriak uztartuta. Bestalde, pluraltasuna bermatu nahi izan dute, oreka zainduz: tokiko artisten eta kanpokoen arteko oreka, emakumezko eta gizonezko musikarien artekoa, gazteen eta beteranoen artekoa, estiloen eta hizkuntzen artekoa... Besteak beste, hard rock, trap, pop, ska edota reggae doinuekin gozatzeko aukera izanen dute egunotan Foruen plazara bilduko direnek.

Indartsu abiatu zen egitaraua txupinazoaren egunean bertan, La Pegatina talde katalanaren eta Los Caligaris argentinarren emanaldiarekin. Jai giroko musika mestizoa eskaini zuten biek ala biek; askotariko estiloen eta erritmoen nahasketa erakargarria, pop eta rock oinarri baten gainean. Atzo, Iseo & Dodosound with The Mousehunters taldea eta Nathy Peluso abeslaria igo ziren Foruen plazako oholtza gainera. Fusio musika eskaini zuten biek, nork bere erara: Iseo & Dodosound bikote nafarra ezaguna da Euskal Herrian, eta dub, reggae eta trip hop estiloak barnebiltzen dituzte proposamen minimalistan. Nathy Peluso argentinarrak, berriz, swing, soul, rhythm and blues, jazz eta blues musikaren aldeko apustua egiten du.

Ikusminik handiena piztu duen kontzertua, baina, gaur iluntzekoa da: Berri Txarrak eta Jupiter Jon taldeen emanaldia. Infrasoinuak lan berria aurkeztuko du Lekunberriko (Nafarroa) hirukoteak Iruñean, mundu osoan kontzertuak eskaini eta Barakaldoko BEC bete ostean. Hard rock, metal, stoner rock, power pop, indie, punk... zaila da Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek osatutako taldea etiketa bakar batekin definitzea, soinu propioa lortu baitute, bi hamarkada luzeko ibilbide arrakastatsuaren ostean. Haien aurretik, Jupiter Jon laukote irundarra igoko da taula gainera. Abangoardiako talde eklektikoa da, eta rhythm and blues, punk, reggae eta folk estiloak uztartzen dituzte.

Jazz eta munduko musikak

Bi agertoki nagusietan ez ezik, Alde Zaharreko hainbat gunetan ere Euskal Herriko folkloreaz eta doinu herrikoiez gozatzeko aukera izanen da; Sarasate pasealekuan, besteak beste.

Konpainia plazakoa da, ordea, Iruñeko Udalaren apustu handienetako bat. Hilaren 9ra arte, nazioarteko jazz taldeak eta bakarlariak igoko dira oholtza gainera, Jazzfermin programaren barruan. Gaur, adibidez, Susana Sheiman Quintet eta Carmen Parisen emanaldiak ikusteko aukera izanen da. Bihar, berriz, Iruñeko Broken Brothers Brass Band taldeak eta Kenny Garreth saxofoi jotzaile estatubatuarrak itxiko dute zikloa.

Hilaren 10etik aurrera, berriz, mundu zabaleko erritmoz beteko da Konpainia plaza, Mundumusika zikloari esker. Jazzfermin programan bezala, bi emanaldi eskainiko dituzte egunero: bat 20:00etan, eta bestea gauerdian. Neurona Ta Erdi, La Yegros (Argentina), Berriketan, Les Filles de Illighadad (Niger), Quantic Live (Kanada) eta Solea Morente (Espainia) talde eta artistak arituko dira taula gainean, festaren soinu banda osatzen duten infrasoinuen garrantzia aldarrikatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna