Turkia. Autoritarismoranzko norabidean. Huda Kaya. HDPko diputatua

«Hitzaren immunitatea defendatzen dugu»

Immunitatea kentzen diotenean «terrorismo» delituari egin beharko dio aurre Kayak; kezkaturik dago uste duelako Erdogan presidentea ez dagozkion botereak hartuta dabilela aspaldian eta harago joango dela.

BERRIA.
Istanbul
2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Huda Kaya (Istanbul, Turkia, 1960) HDP Herrien Alderdi Demokratikoko diputatua da, turkiarra, giza eskubideen defendatzailea. 1990eko hamarkadan ezagun egin zen Turkiako unibertsitateetan zapia debekatzearen kontra borrokatzeagatik. Emakumeen aldeko nazioarteko hainbat elkartetako sortzaile eta ordezkari da. Ekintzaile eta idazle izateaz gainera, Islamaren Batzorde Demokratikoko kidea ere bada.

Immunitatea kenduko dietenetako bat zara. Zergatik daukazu espedientea zabalduta?

Hainbat espediente dauzkat, bai, baina denak hitz egiteagatik, gobernuaren praktikak salatzeagatik. Ahoa zabaltzen dugun oro zabaltzen digute txosten bat. Begira, Surren [Diyarbakirgo alde zaharra, kurduen hiri nagusia] etxeratze agindua ezarrita zutenean, Islameko Batzorde Demokratikoko kideok martxa bat abiatu genuen hara. Eremu oso bat gotortuta zeukaten, eta jendea hiltzen ari ziren, sarraskia egiten. Ez ziguten utzi gerturatzen. Nik martxa hartan hitza hartu nuen, eta sarraskia salatu, eta terrorismoa leporatu zidaten. Sinets dezakezu?

Beste hitzaldi batean, Erdogan presidentea kritikatu nuen, eta Erdogan iraintzegatik ere txosten bat daukat. Parlamentari bat auzipetu behar dute gobernuaren praktikak salatzeagatik? Eta batez ere horrelako gobernu bat kritikatzeagatik? Nik salatzen jarraituko dut.

Legebiltzarrean ez daude soilik zuen alderdiko kideen kontrako txostenak. Legebiltzarkide gehiago auzipetu ditzakete. Zergatik diozue kurduen kontrako neurria dela?

Bai, txostenak badaude, baina AKP Justizia eta Garapena Alderdiko diputatuek immunitateaz hitz egiten dutenean soilik guri buruz ari dira. Galip Ensarioglu AKPko diputatu bat esatera iritsi zen, eurak direla hiru botereak: legegilea, betearazlea eta judiziala. Horrelako Turkia batean nork pentsa dezake gureak ez diren beste inoren txostenak bidaliko dituztela? Argi dago auzitegietara gure espedienteak bidaliko dituztela.Gure kontrako txosten guztiak adierazpen askatasunari lotutakoak dira; ez dugu deliturik egin, gobernuko ordezkariek egin dituzten bezala. Guk hitzaren immunitatea defendatzen dugu, ez gainerako delituena.

Eta orain zer?

Gobernuaren eta Erdoganen planak agerian uzten jarraituko dugu, egun demokraziaren kontrako sistema gidatzen baitu, eta harago joan nahi du gainera. Sistema bat eraiki nahi dute, non gizon bakar batek, hau da, Erdoganek, erabakiko duen dena. Eta guk ez diegu hori egiten utziko. Orain, HDPren immunitateaz aritu garenean, komunikabideek ezin izan dute guregana gerturatu, ateak itxita izan dituzte; ezin dira libre aritu. Baina guk komunikabideetan ahotsik gabe eta muga askoren gainetik herritarrei azalduko diegu zer gertatzen ari den, ahal ditugun espazioak erabiliz.

Atzoko bozketan ez zirudien beharrezkoak zituzten botoak eskuratuko zituztenik, joan den astearteko bozketa nola joan zen ikusita. Baina gertatu da.

Espero nuen CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak, oposizioko lehen alderdiak, ezezkoa emango zuela,gutxienez Turkia etsipenean ez sartzeko, bide oso arriskutsua hartzen ari baita. AKPk eta MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak baiezkoa emango zutela, hori seguru genekien. Jazarpena gero eta handiagoa izango da. Ez dago dudarik

CHPkoak neurri batean polarizazioaren eragile ere egiten ditu erabakiak.

Polarizazio hau gobernuaren eta Erdogan presidentearen lana da. Gu gara demokraziaren kontrako praktika horien kontra argi eta garbi gaudenak. CHP gertatzen ari denaren jakitun da, eta ozen eman behar zuen ezezkoa, baina ausardia falta zaio.

Nondik sortu zen immunitate parlamentarioa kentzeko proposamena? Zergatik orain?

Ez da oraingo kontua. Egoera tamalgarri hau iazko ekainaren 7ko hauteskundeen testuinguruan hasi zen. AKPk kaosean oinarritutako estrategia bat diseinatu zuen, herritarren zati handi batek onartzen ez zituen helburu batzuk lortzeko. Baina hauteskunde haietan AKPk ez zituen sistema aldatzeko moduko emaitzak lortu, eta, horren ondorioz, hainbat hiri kurdu suntsitu zituen: gerra egiten hasi zen. Zentzu guztietan txartu zen abiatu zuten demokraziaren kontrako bidea. Eta ez zitzaien batere gustatu guk estatuan ordezkaritza demokratikoa lortzeko ezartzen duten galga gainditu izana (%10). Boz horien emaitzen erantzun gisa hainbat hiri kurdu suntsitu zituzten militarrak eta tankeak erabiliz.

Baina iazko azaroan hauteskunde aurreratuak egin zituen, eta AKPk botoen ia %50 lortu.

Bai, eta baita zentsurari esker lortu ere, kaosa eta giro asaldatua eraginez. Horrek ezin du ona izan herrialdearentzat, eta ez da. Baina hori guztia gorabehera, haiek egindako legeak ezartzen duen %10 gainditzea lortu genuen. Orduan hasi ziren gu parlamentutik kanpo uzteko planak egiten.

Ahmet Davutoglu lehen ministroak dimisioa eman berri du, gogoz kontra. Jende guztiak daki Erdoganek agindu ziola. Zer dirudizu?

Erdoganen kolpe bat da, demokraziaren kontrakoa. Pentsa, kargua uztea behartu dio hauteskundeetan aukeratu zuten pertsonari, botoen %50 eskuratuta. Erdoganek ez du ahots ezberdin bat jasaten, ezta Davutoglu bezalako lehen ministro batena ere. Konstituzioaren arabera, Erdoganek partziala izan behar du, gobernuaren gidaritza lehen ministroari dagokio, baina AKPko buruzagi eta herrialdeko gidari absolutu bezala ari da etengabe, eta disimulurik gabe.

AKPren kongresu berezia egingo dute bihar. Davutogluren ordez perfil baxuko lehen ministro bat aukeratuko zutela esan, eta Binali Yildirim Garraio ministroa aukeratuko dute.

Lotsagarria da profil apaleko bat aukeratuko dutela esatea, inolako arazorik izan gabe.

Zer esan nahi dute profil apalarekin?

Erdoganek esandakoa egitera bideratuko duela bere jarduna. Erdogani gaizki iruditzen zaion ezer ez duela egingo, eta nahi duen kalifa-herria erraztuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.