Espainiako kontuei osoko zuzenketa jartzea baztertu dute EAJk eta EH Bilduk

EAJk kupoa berritzeko akordio bat egin du Espainiako Gobernuarekin. EH Bilduk erabakitzeko dauka zer bozkatuko duen ostegunean

Aitor Esteban, atzo eguerdian egindako prentsaurrekoan, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Amaitu da 2023ko Espainiako aurrekontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea, eta EAJk eta EH Bilduk ez dute halakorik aurkeztu. EAJk jakinarazi du akordio bat lortu duela kupoa berritzeko, baina gehitu du negoziazioa martxan dagoela oraindik ere. EH Bilduk ere negoziatzen jarraitzeko asmoz hartu du erabakia, eta azaldu du koalizioaren bost botoak ez daudela ziurtatuta osteguneko bozketan: «Aukera guztiak irekita daude gaur-gaurkoz».

EAJk Espainiako Kongresuan duen eledun Aitor Estebanek eman ditu jeltzaleek eta Moncloak egindako akordioaren xehetasunak. Jakinarazi du kupoa «parametro beretan» berritzeko akordio bat lortu dutela. Gaur egun indarrean dagoenaren jarraipena litzateke, «segurtasun juridikoa emateko» balioko lukeena. Izan ere, 2017an izenpetu zuten azkenekoz, eta, egun, haren indarraldia luzatuta dago. Hala, azaldu du datorren hileko 20a baino lehen kontzertu ekonomikoaren Batzorde Mistoa elkartuko dela, akordioari forma emateko.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen eskualdatzearen arloan egindako aldaketa txalotu du Estebanek. Aldiriko trenen kudeaketa eskualdatzeko proposamena jarri du horren adibide gisa. Jeltzalearen esanetan, Moncloaren proposamena «ganoraduna» da, eta, beraz, baikor agertu da, bi aldeek akordio bat lortu dezaketelako. Aldaketak izan dira aurrez egindako akordioetan jasotako inbertsioen exekuzioei dagokienez ere. Hala azaldu du behintzat Estebanek, eta esan du urte amaierarako emaitzak «onak» izango direla. Halere, ez ditu amaitutzat jo aurrekontuen inguruko elkarrizketak, eta azkenera arte negoziatzeko asmoa adierazi du.

EH Bilduk, berriz, azaldu du koalizioaren helburua dela «euskal gizartearen premia sozial eta ekonomikoei erantzungo dien akordio bat» lortzea, eta, horretarako, «zorrotz» eta «diskrezio handiz» negoziatzen ari direla. Hau da, koalizioak «muturreraino jarraitzeko» asmoa du, osteguneko osoko zuzenketen inguruko bozketatik harago ere, aurrekontuen gaineko akordio bat egiteko. «Negoziazio dinamikari zabalik eustea, mahai gainean jarri dituen edukien inguruan akordioa lortzen saiatzeko».

Era berean, Espainiako Gobernuari gogoratu diote EH Bilduk ez duela «inolako konpromisorik» haiekin, «estatuko langile klasearekin eta herriekin baizik». Hala, koalizioaren botoak irabazi egin beharko dituztela adierazi die gobernuko kideei: «Espainiako Gobernuak jakin behar du gehiengo plurinazionala eta aurrerakoia osatzen duten ezkerreko indar subiranistak ezinbestekoak eta erabakigarriak direla gobernuak 2023ko aurrekontuak aurrera atera nahi baditu».

Azkenera arte bere erabakiaren berri eman ez duen hirugarrena ERC da. Azkenik, alderdi hark ere elkarrizketarako tartea ematea erabaki du, «martxan diren negoziazioei irekita eusteko» baldintzak bermatzeko. Halere, aurrekontuen alde bozkatzetik «urrun» daudela azaldu dute. Besteak beste, inbertsioak eskatu dituzte aldiriko tren zerbitzuetan, eta aldaketak sedizio delituaren tipifikazioa aldatzeko.

Ohiko bazkideekin

Espainiako Gobernuaren aurrekontu proiektuak igaro beharko duen lehen azterketa ostegunean izango da, Kongresuan. Aurrekontuen aurkako osoko zazpi zuzenketa aurkeztu ditu oposizioak. PP, Vox, Ciudadanos, Foro Asturias alderdiek, eta Navarra Sumako bi diputatu ohiek esan dute proiektua ez dela sinesgarria eta horregatik aurkeztu dituztela zuzenketak. JxCk eta CUPek, berriz, Kataluniarako jarritako diru sailak kritikatu dituzte. «Ezin dugu normalizatu gobernuak inoiz ez ordaintzea», adierazi du JxCk.

Kontrara, zuzenketa horien aurka bozkatuko dutela iragarri dute PDeCAT, Mas Pais, Compromis, PRC eta Teruel Existe alderdiek. BNGk eta Coalicion Canariak, berriz, azaldu dute euren botoa zehazteko dagoela, nahiz eta haiek ere zuzenketak aurkeztea baztertu duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.