Koronabirusa

Laugarren olatuak indarra galtzen segitzen du: 258 positibo atzeman dituzte

Abuztu hasieratik Hegoaldean izan den kutsatu kopururik apalena da. ZIUetan direnen kopuruak ere beheraka jarraitzen du: 74 gaixo daude

Gasteizko Txagorritxu ospitalea, artxiboko irudi batean. JON RODRIGUEZ BILBAO / EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bistakoa da beheraldia. Laugarren olatuak indarra galtzen segitzen du Hego Euskal Herrian, eta, egunetik egunera, koronabirusaren transmisioa geldotzen ari dela gero eta agerikoagoa da lau lurraldeetan. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, joan den abuztu hasieratikizan den kutsatu kopururik apalena atzeman zen ostiralean Hegoaldean: 258. Egunetik egunera izan daitezkeen aldaketak gorabehera, kurbak beheranzko joeran jarraitzen du. Zehazki, azken bi asteetako datuei so, Hegoaldean eguneko 318 kasu zenbatu dira batez beste.

Hegoaldeko osasun sistemek COVID-19a atzemateko 8.543 diagnostiko proba egin zituzten herenegun, eta horietako %3k eman zuten positibo. Ehuneko horrek egunak daramatza %5etik behera, hau da, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko ezarritako mugaren azpitik. Hala, adierazle horrek ere baieztatu egiten du aspaldi honetan izurriak erakutsi duen apaltzeko joera.

Birusaren transmisioaren datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien ostiralean: 118 izan ziren. Nafarroan 59 kasu detektatu zituzten; Gipuzkoan, 55, eta Araban, 22.

Gero eta gaixo gutxiago

Kutsatzeen barealdia zuzeneko eragina izaten ari ospitaleen egoeran, eta gero eta ohe gutxiago daude okupatuta Hego Euskal Herriko erietxeetan birusagatik. Azken datuen arabera, herenegun hogei lagun erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta; Osakidetzaren ardurapeko zentroetan sartu zituzten horietako hemezortzi, eta Osasunbidearen zentroetan beste biak.

Gainera, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan direnen zenbatekoak ere beheraka segitzen du, ia etenik gabe: Hegoaldean 74 gaixo dira unitate horietan gaitzak jota. Iazko irail amaieratik ZIUetan izan den eri kopururik apalena da hori; zehazki, irailaren 26an 75 lagun zeuden unitate horietan larri. Ekain hasieratik, gainera, ZIUetan ere aski handia izan da apaltzea: ekainaren 1ean 106 paziente ziren larri ZIUetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.