Etxea, lurrari ongi lotua

2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Umetako abesti batek bazioen gure etxeko patioa bustitzen zela euria egiten zuenean. Ez ditut sekula oso ondo ulertu abesti horren hitzak, beste gauza asko ulertu ez ditudan bezala. Ba, noski, busti egiten da euria egitean, eta elurrez bete neguko egun hotzetan, eta sugandilak ibili udaren beroan. Gure etxea besteena bezalakoa da, ez hobea ezta txarragoa ere, baina geurea.

Urteetan etxe bat izan dugu guk, leihoren bat falta zitzaion, pintura esku bat beharko lukeena, teilatuan zulotxo txikiren bat, nik zer dakit, konponketa batzuk behar zituen. Gure etxea zen, ordea, eta goxo bizi ginen bertan. Batzuetan, udaren gogorrenean, beroak gogor jotzen zuen, eta, neguaren hotzenean, izoztuta gelditzeraino sartzen zitzaizun gorputz barruan, ziztada bat bezala. Haize bolada fuerteek ateak parez pare irekitzen zituzten batzuetan, eta, beste batzuetan, irekitzeko zailtasunak genituen.

Gure etxea zen, ordea, eta zutoinak firme zituen, sendo.

Urteak pasatu dira, eta etxearen zutoinak ahultzen hasi diren sentsazioa dut, lehen sendo ikusten genuen hori, egun ahul sentitzen dut. Gogorki lotzen gintuelako konbikzioa desagertzen joan da nire baitan. Etxean seguru sentitzen nintzen, ondo lagunduta sentitzen nintzen. Atea fuerte ireki eta fuerte ixten zenean barruan eroso nengoen. Baina gaur etxea dardarka sumatzen dut, ia-ia erortze arriskuan.

Etxea maite izan dut, maite dut oraindik, zintzoki maite ere. Ama hil zitzaigun, eta, hala ere, anai-arrebok aurrera jarraitzeko adorea izan genuen. Umezurtz sentimendu hori ez dugu gainetik kenduko, sekula kendu ere, baina estuki loturik, etxeak zutik iraun du.

Liskarrak izan ditugu anai-arreben artean, liskar gogorrak batzuk, lausoagoak beste batzuk, liskar eta enfrentamendu artean jo dugu aurrera, batzuetan, gehiegitan, gure artean; eta beste askotan, etxean arrotz zitzaizkigun horiekin.

Urteetan anai-arreba ugari etxetik aldentzen ikusi ditugu, batzuetan, gehiegitan, euren borondatearen aurka; horiek, ordea, urrun baina betiere teilatupean egon dira, hala sentitu ditugu, etxeko sukaldearen berotan.

Beste batzuek etxea borondatez utzi dute, egoerak gaindituta, espazio faltagatik edo etxeko lurrikara gorabeheratsu horiek mindurik.

Nire usterako, ordea, etxean lekua dago guztientzat, edo hala beharko luke. Etxe zabala da gurea, beti izan den legez. Etxe zabala, suaren gozotan berba ikaragarri luzeak egiteko aproposa, batzuetan minetik, bestetan esperantzatik. Gehienetan errespetutik, batzuetan zaintzatik.

Etxe honek konponketak behar ditu, baina asko gara bertan bizi garenak, eta eskuak lanerako prest ditugu, beti izan ditugun bezala. Leihoak aldatzeko, paretak koloreztatzeko, itoginak lehortzeko. Atea zabalik uzteko, sartu nahi duena bere etxean sentitzeko. Argi handi bat jarriko dugu sarreran, urrundu behar izan zirenek etxerako bueltako bidea erraz topatzeko.

Eta zutoinak konponduko ditugu, ongi lotuta egon daitezen, ez dadin etxea erori, hainbeste lanez zutik mantendu den etxea, hala iraun dezan, lurrari ongi lotua. Amak, hainbesteko lan, sufrimendu eta negarrez baina baita lagun, musika, kantu eta oihuz eraiki zuen etxe honek zutik iraun dezan. Gure ondorengoek ere, etxe erakargarria topatu dezaten honetan.

Amak eraikitako etxe honek zutik iraungo du; sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, lurrari lotuta gure amaren etxea defendituko dut, defendituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.