HILBERRIA. Don Everly

Itzali da Everly anaien azken ahotsa

BERRIA.
aitor biain
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Don Everlyren heriotzak behin betiko isilarazi ditu Everly anaien ahotsak. Harmoniaren anaiak ziren, rock-and-rollaren aitzindariak, eta musikari bikoterik esanguratsuetako bat. Erreferentziazkoa izan zen haien ahotsa 1950eko hamarkadaren hondarrean eta 60koaren lehen urteetan. Baina 2014an eten zen harmonia hura, Phil anaia gazteenaren heriotzarekin. Zaharrena hil da orain, Don, 84 urterekin. Iragan larunbatean zendu zen, familiak Los Angeles Times egunkariari jakinarazi dionez. Ez dute azaldu heriotzaren zergatia, halere. «Bihotzak agindu bezala bizi izan zen», azpimarratu dute.

Isaac Donald Everly 1937ko otsailaren 1ean jaio zen, Brownien (Kentucky, AEB). Gurasoengandik jaso zuen musikarako zaletasuna, Phil anaiak bezalaxe. Eta, hain zuzen, familian hasi ziren elkarrekin jotzen eta sortzen. Everly Family izenpean hara eta hona aritu ziren hainbat urtez, musika ibilbide bati ekin nahian, harik eta Nashvillen egonkortu ziren arte. Countryaren eta rock-and-rollaren habia zen hiria ordu hartan, eta han hasi ziren bi anaiak musikari bikote moduan.

Columbia Records diskoetxearekin kaleratu zuten lehen lana: The Sun Keeps Shining. Ez zuen arrakasta handirik izan, baina Chet Atkins country gitarrista ospetsuaren arreta bereganatu zuten hari esker. Haren bitartez, harremanetan jarri ziren Cadence Records etxearekin, eta zigilu horrekin plazaratu zuten The Everly Brothers aurreneko lan arrakastatsua. Lan hartan jaso zituzten Bye Bye Love eta Wake Up Little Susie kantuak, besteak beste. Berehalakoa izan zen sona, eta milioika kopia saldu zituzten mundu osoan.

Rockaren eta countryaren artean mugitzen ziren, ahots harmoniak gitarra konponketa burutsuekin batera uztartuz. Iraultzaileak izan ziren garai hartan; Rolling Stone aldizkariak «rock bikoterik garrantzitsuena» izendatu zuen, eta eragin nabarmena izan zuten ondoren etorri ziren musikari askorentzat: The Beatles, Simon & Garfunkel, eta The Mamas and The Papasentzat, besteak beste.

Banandu egin ziren 1973an, eta bakarka aritu ziren hainbat urtez. Hamar urte geroago berriz elkartu, eta zuzeneko disko bat kaleratu zuten. 1988an grabatu zuten azken estudioko lana: Some Hearts. Bihotzak agindu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.