Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Hipodermiarik gabeko kinkiak

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
'Las leyes de la frontera'

Zuzendaria: Daniel Monzon. Herrialdea: Katalunia. Iraupena: 130 minutu.

Girona, 1978 urtea, trantsizio garaia. Katalunia, burgesia katalana, txarnegoak—Espainiatik etorritako migranteak—, ijitoak eta auzo txinatarra delakoa. Aldaketa garaia da, politikoa, ekonomikoa eta soziala, irekiera garaia, txiroek eta baztertuek bere horretan jarraitzen dute, errebalean. Haientzat gauzak ez baitira gehiegi aldatu.

Daniel Monzon zuzendariaren lanak, beste askoren artean, Eloy de la Iglesia zinemagileak jorratutako kinki zinema hartuko du oinarri, haren bertsio eguneratua aurkezteko. Javier Cercas idazlearen eleberrian oinarrituta, Nacho, Tere, Zarco eta lagunei jarraituko diegu, bata bestearen atzetik sortuko dituzten anabasetan.

Teknikolorrean filmatutako film entretenigarria izango da, girotzea nahiko modu sinesgarrian irudikatzen duena, nahiz eta tarteka artifizialtasuna nabariegia den. Istorioa erraz aurresan daiteke: gazte jator eta zintzoa neska ederraz maitemintzen da, horren ondorioz jendaila eta inguru nahasi eta arriskutsuan murgiltzeko.

Penagarria da filmak nola ez dion merezi bezainbeste justizia egiten garaian De la Iglesiak edo De la Lomak egiten zuten zinemari. Film estetiko eta neutroa izango baita, politikoki zuzena. Kritika sozialik ez duena ia, eta gainazaletik pasatzen dena, sinesgarritasunik ez duen protagonistarekin. Tere (Begoña Vargas), berriz, pantailaren jabe egiten da, liluragarriak baitira guztiz haren lana eta pertsonaia; benetako harribitxia, jarraitu beharrekoa izango da bere ibilbidea datozen lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.