Italiako Giroa

Bizkartzain berriz ere

Mikel Nievek seigarrenez hartuko du parte Italiako Giroan, eta oso argi du «rol jakin bat» duela: Simon Yatesi laguntzea. Iazko txakalaldia ikasgai izan da bere taldeko liderrarentzat, eta «sendo» ikusi du.

Bizkartzain berriz ere.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Oroitzapen onek pisu handia dute. Ziur asko bai, itzuli handirik gustukoena dut Giroa. Hiru etapa irabazi ditut nire ibilbidean han, eta oso gustuko dut nola bizi duen proba Italiako jendeak. Tourra show bat da, erraldoia, jende pila bat dago. Giroa, aldiz, gertukoagoa da, eta errepideetara irteten dena, benetako zalea da». Aitormena Mikel Nieverena da (Leitza, Nafarroa, 1984). Gaur seigarrenez ekingo dio proba kutunari. Bigarrena du Mitchelton-Scott taldean, eta berriz ere Simon Yatesen bizkartzain izango da mendian.

«Rol jakin bat izateak lagundu egiten dizu, badakizu zertarako zauden, eta Simon iaz baino hobea da aurten», onartu du, umil. Badaki Yates babestea dela bere jarduna. «Normala da, logikoa. Talde indartsua daramagu eta lider sendoa, irabazteko lehian egongo dena».Yatesek, iaz, 18. etapan egin zuen pott, garaiezina zirudienean, eta ordukoak sendotu egin duela uste du. «Berak ere badaki zer pasatu zitzaion. Liderra izatea nekagarria da. Etapa amaitzean, kontrolak, podiuma, agintariak, hedabideak... daude.Hotelera taldekideak baino bi ordu geroago iristen da, eta higatu egiten zaitu. Orain, badaki. Gero, Espainiako Vuelta irabazi zuen, eta horrek konfiantza handia eman dio».

Yates lehertu ondoren iaz katea askatu zioten Nieveri, eta, ondoren, etapa irabazi zuen Cervinian, 2016an Cividale di Fruin eta 2011n Val di Fassan egin bezala. Horrez gain, Nieve bi aldiz izan da hamargarren sailkapen nagusian eta behin mendiko irabazlea. Eta hori, beti, morroi joanda. Inoiz ez diote lider moduan joateko aukerarik eman. Berak, baina, ez duela merezi izan uste du. «Argi dut Giroa irabaztea inoiz ez dela egon nire hanketan. Hamargarren postutik podiumera dagoen jauzia oso handia da». Eta libreago ibiltzeko aukera? «Taldeak markatzen du hori. Zorionez, ia beti, Giroa irabazteko moduko taldeetan egon naiz, talde handietan. Askatasun hori edukitzeko beste talde mota batean egon beharko nuke. Eta ni gustura ibili naiz egon naizen taldeetan».

Dumoulin, lehenbizikoa

Giroa gaur hasiko da 8,2ko erlojupeko batekin, eta Tom Dumoulin (Sunweb) izango da irteten aurrenekoa (16:50). Faborito gehienak lehen ordu laurdenean irtengo dira, Simon Yates (Mitchelton) izan ezik (19:43). Ekaitz arriskua emanda dago Bolognan, eta saihestu egin nahi izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.