Sanantonioak Igorren

Talentuaren plaza

'Zu bai zu!' talentu lehiaketa egiten ari dira bigarrenez Igorren; Euskal Herri mailakoa izango da aurten. Igandean egingo dute finala, festetan

Dantzak presentzia handia eduki du Zu bai zu! talentu lehiaketan. BEGITU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Azken urteetan, telebistan eta bestelako hedabideetan talentu lehiaketak ugaritzen ari dira. Joera horri eutsi, eta Ismael Pereira igorretarrak antzeko lehiaketa bat antolatu zuen 2016an bere herrian. Arratia mailako txapelketa egin zuten lehen aldi hartan, eta uste ez zuten erantzuna jaso zuten. Bai ikusleen eta bai parte hartzaileen aldetik. Emanaldi guztietako sarrerak bukatu egin ziren, eta, denetara, Arratiako 34 kidek hartu zuten parte. Aurten, bigarrenez egiten ari dira apirilaz geroztik, eta arrakasta hori errepikatzen ari da lehiaketa. Finala igandean jokatuko dute, San Antonio jaietako egitarauan.

Aldaketak dakartza, ordea, aurtengoak. Duela bi urtekoan ez bezala, Euskal Herriko parte hartzaileak izaten ari dira aurten Igorren. Denetara, 43 lehiakidek hartu dute parte, eta lau gala, bi finalerdi eta igandeko finala egin dituzte. «Pentsatu genuen, Arratiako jendearekin lehiaketa egin ondoren, akaso berriz ere eskualdeko jendea erakartzea zaila izango zela; Euskal Herri mailan hemen egiten ez diren gauzak badaude, eta interesgarria zen horiek erakartzea». Eta Pereirak uste du horrek lehiaketa bera aldatzea ekarri duela. Haren ustez, duela bi urte egin zen lehen aldian lehiaketa herrikoiagoa izan zen, «auzoko jendea ikustera zetorren jendea». Aurten, baina, uste du lehiaketak kutsu profesionalagoa hartu duela.

Aurreko lehiaketan bezala, denetariko ikuskizunak eskaini dituzte parte hartzaileek: musika, dantza eta bestelako ikuskizunak. «Telebistako Got Talent programan parte hartu duten parte hartzaile batzuk ere izan ditugu gure artean; beraz, esan daiteke ikuskizuna bermatuta egon dela».

Ikusleen parte hartzea

Zu bai zu! lehiaketan ikusleek daukaten iritziak pisu handia izan du aurten ere. Lasarte aretoan egin dira lau gala eta bi finalaurrekoak, eta denetan sarrerak agortu egin direla azaldu du Pereirak. Aurreko aldian ere berdin gertatu zen. Baina, duela bi urte, barruan zeuden ikusleek zeukaten bozkatzeko aukera, eta aurten bide hori zabaldu egin dute. Emanaldi guztiak Youtube plataformatik eskaini dituzte zuzenean, eta Interneteko aplikazio baten bidez bozketak egiteko aukera eduki dute etxetik ikusten ari zirenek. «Antolaketa handia egin dugu aurten», azaldu du Pereirak.

Igorreko Lasarte aretoan, gainera, 300 pertsona inguru sartzen dira, eta Pereirak dio finalerako sarrera horiek guztiak salgai jarri eta 50 minutura bukatu zirela. Bada, kaleko jendeak antzoki barruan gertatzen ari dena ikusi ahal izateko, pantaila bat ere jarri dute kalean. «Jendeak oso ondo erantzun du», azaldu du Pereirak.

Erantzun horren atzean jendeak duen jakin-mina egon daitekeela uste du Pereirak. «Zein ikuskizun eskaintzen duten jakin nahi du jendeak». Gainera, ez du uste Euskal Herriko beste inon halako emanaldirik dagoenik, «ez behintzat halako aniztasunean». Dantza, edo musika talentu berriak bilatzeko lehiaketak badaudelako, baina talentua orokorrean neurtzen duenik ez du ezagutzen berak: «Parte hartzaileek halako zerbait behar zela esaten digute».

'Zu bai zu!' herrikoia

Igandean egingo den finalaren atariko, ordea, herritarren arteko talentu lehiaketa egingo dute bihar gauerdi inguruan, txosnagunean. «Iraganean, playback lehiaketa egiten zen, eta Zu bai zu!-ren aurreko aldian egin genuen bezala, aurten ere lehiaketa hori baliatu dugu igandeko motorrak berotzeko». Ostiral iluntzeko kontzertuen ostean, oholtza gaineko mikrofonoak zabalik egongo dira hara igo nahi duen edonorentzat, bertan euren talentua erakusteko. «Pentsa daitekeen bezala, ordu horietan denetariko talentua erakusten dute parte hartzen dutenek».

Denetariko ikuskizunak eskainiko dituzte biharkoan taula gainean, «dena giro onean». Hala ere, emanaldi nagusia igandean izango da, Lasarte aretoan. Pereiraren ustez, garrantzitsua da lehiaketa hori Igorren egitea, talentua erakusteaz aparte, halako ekitaldia euskaraz egiteak hizkuntzari ere beste bultzada bat ematen diolako. «Euskaraz bestelako gauzak egitea posible dela erakutsi nahi izan genuen, eta erakutsi dugu hala dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.