Baltikoko eta Kataluniako prozesuen abiada

2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Baltikoan 1986an izan ziren 1939ko Alemania-SESB itunaren aurkako lehen protestak, baina txikiak, jende gutxikoak. Hiru urtera, 1,5 milioi laguneko giza katea egin zuten. «Harrigarria izan zen prozesua zein azkar garatu zen», dio Vicent Partal katalan kazetariak. «Ni Estoniara 1988ra heldu nintzen, eta orduan han inor ez zen independentista». Katalunian, halako mobilizazioek antzeko ibilbidea izan dute: 2009ko Diadan, 30.000 laguneko manifestazio independentista egin zuten —ordura arteko handiena—, eta 2012koan, 1,5 milioi lagunekoa; giza katea urtebete geroago izan zen, 1,6 milioikoa.

Baltikoko giza katea baino sei urte lehenago Moskun editatutako buletin ofizial batek zekarren SESBek «nazionalitateen arazoa betiko konponduta» zeukala. 1990eko martxoaren 11n, Lituaniak independentzia aldarrikatu zuen, eta 1991rako munduko estatu nagusiek Estonia, Letonia eta hiruren independentzia aitortua zuten. Aurretik AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Txinak SESBek mende erdi batlehenago Baltikoko herrialdeak okupatu izana txarretsi zuten. 1989an Berlingo harresia erori eta 1991n SESB desegin izanak ere izan zuten garrantzia Baltikoko prozesuan.

1989an Sajudis, Lituaniako burujabetzaren aldeko mugimenduak, uste zuen SESBen errepresioa pairatuko zutela, «baina prozesuak segitu beharra du», zioen, «baita Sajudisko zuzendaritza fusilatzen badute ere. Inboluzioari ezingo diote bi urtean baino gehiagoan eutsi». Lituaniarrek esaten zuten partida Vilniusen jokatuko zela, ez Moskun. «SESB irabazten irtengo litzateke Baltikoari eskuak libre utziko balizkio, Erresuma Batuak bere koloniekin egin bezala», idatzi zuen 1989an Lituaniako aldizkari batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.