Maria Silvestre. Soziologoa

«Oraindik duela 25 edo 50 urteko adinekoak ditugu buruan»

Gizarteak adinekoez duen irudia eta adinekoek euren burua zelan ikusten duten ez datoz bat. Silvestreren esanetan, oro har osasuntsuak eta aktiboak dira, eta ez mendekoak eta eriak.

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Bizkaiko hedabideetan adinekoen zer irudi hedatzen den aztertzen ibili da Maria Silvestre Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakaslea (Bartzelona, 1967), Bizkaiko Adinekoen Kontseiluak eskatuta. «Aurretik egin diren beste ikerketetan ikusitakoa berretsi dugu: irudia oso ezkorra da».

Zelakoa da hedabideek zabaltzen duten irudi «ezkor» hori?

Gaixotasunekin, mendekotasunarekin, pobreziarekin eta urteengatiko hondamenarekin lotzen dira adinekoak. Irudi sentsazionalista izan ohi da sarritan. 65 urteko pertsona bat eta 85eko bat, biak jotzen dira adineko, alderik gabe. Azken batean, alde handia dago gizarteak eta hedabideek adinekoen inguruan duten irudiaren eta adinekoek euren burua ikusten duten moduaren artean. Adinekoak, oro har, pertsona osasuntsuak dira, aktiboak, eta euren esperientzia eta urteekin lortutako jakituria daukate gizarteari emateko. Hori ez da hedabideetan islatzen. Eta identitate arazo bat sortzen die adinekoei. Ez dute euren burua adinekoen definizio horretan islatuta ikusten. Ez dute adineko izan nahi.

Inork ez du izan nahi gustatzen ez zaion zerbait, ezta?

Hori da. Oro har, pertsona guztien irudia ere okerra dugu: denok izan behar dugu gazte, osasuntsu eta aktibo. Adibidez, zahartze aktiboaren irudia ere okerra dugu. Egin bilaketa Googlen eta ikusiko duzu: ilea urdinduta duten gizon-emakumeen argazkiak topatuko dituzu, oso erakargarriak fisikoki, mendian, igeri egiten edo bizikletan. Zahartze aktiboak ez du ezinbestean kirolari izatea esan behar. Izan daiteke bidaiak egitea, antzerkira edo zinemara joatea, dantza egitea, ikastea, irakurtzea... Aitortu behar dugu gaur egun 65 urterekin erretiroa hartzen duen pertsona ez dela adinekoa. Erretiroa hartzea eta adinekoa izatea orain ez doaz batera. Gaur egun erretiroa hartzen duenak, osasunak lagunduz gero, beste 20 edo 30 urteko bizi itxaropena du. Orain ez dakigu nola izendatu oraindik osasuntsu eta aktibo dauden baina soldatapeko lanik ez duten pertsona horiek. Eta gizarteak ez daki zer leku eman behar dien.

Bizi itxaropena asko luzatu da urte gutxian. Gizartea ez da abiadura berean egokitu?

Lekuz kanpo harrapatu gaitu. Oraindik duela 25 edo 50 urteko adinekoak ditugu buruan. Baina egun 80 urteko pertsona bat oso aktiboa izan daiteke. Arazoa da gure gizarteak ez diola baliorik aitortzen balio ekonomikorik ez duenari. Uste da ez dutela balio ekonomikorik, ez dutelako soldatarik. Baina hori ez da zuzena. Pentsioa dute, kontsumitzen dute. Are gehiago: aberastasuna sortzen dute egiten dituzten zaintza lanekin, batez ere, bilobak jagoten. Baina ez diegu aitortzen, ez da ikusgai egiten. Bizkaiko adinekoen %21ek boluntario lanak egiten dituzte, eta hori ere ez da kontutan hartzen. Gizartearen laurdenak 55 urtetik gora ditu. Hau da, aktibo politiko eta ekonomiko garrantzitsuak dira, eta agenda baldintzatu dezakete. Irudi ezkor hori aldatzeko ezinbestekoa da hedabideen lana, baina adinekoek eurek ere kontzientzia hartu behar dute, zer indar duten ohartu behar dira, eta aldarrikatu.

Pentsiodunen mobilizazioak izan daitezke adibide bat?

Noski. Erakutsi dute antolatzeko gaitasuna dutela, egonkorrak direla euren aldarrikapenetan, eta aldarrikapen horiek agenda politikoa baldintzatzeko gaitasuna dutela.

Irudia bera da adinekoa gizona edo emakumea izan?

Ez. Andreak mendekoagoak eta kalteberagoak direla uste da. Zaintza lanekin lotzen dira, eta hori egin ezin dutenean, ia emakume izateari ere uzten diote. Eta publizitatea oso maltzurra da haiekin: hortzik gabe geratzen dira, gernua galtzen dute eta ilea tindatu behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.