Laurence Tresse. Astrofisikaria eta CREAL zentroko zuzendaria

«Zenbat eta urrunago begiratu, orduan eta gazteagoa da unibertsoa»

Europan sona handiena duten adituetako bat da Tresse doktorea, astrofisikaren eta kosmologia behatuaren esparruan. Ezinbestekotzat jotzen ditu teknologia berriak, espazio urrunean dauden galaxiak ikusi eta unibertsoaren jatorria ulertzeko.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2017ko maiatzak 14
Teleskopioa hartuta, denboran atzera egiten du Laurence Tresse astrofisikan doktoreak (Argentan, Frantzia, 1967). Paris-Diderot unibertsitatean, Cambridgeko Astronomiako Institutuan eta Bolognako Astrofisikako Institutuan doktoretza lortu ostean, Marseillako Astrofisikako Laborategiko Kosmologia taldeko ikerketa buru izendatu zuten. 2016tik CRAL Lyongo Astrofisikako Ikerketa Zentroko zuzendaria da. Iruñean izan da aste honetan, UEU Udako Euskal Unibertsitateak gonbidatuta, Ikergazte kongresuan parte hartzeko.

Kosmologian eta astrofisikan aditua zara. Zein da, zehazki, zure ikerketa esparrua?

Batez ere, astronomia estragalaktikoaren esparruan egiten dut lan, eta kosmologia behatuan espezializatu nintzen unibertsitatean. Lyongo CRAL zentroan, nire egiteko nagusia da gugandik urrunen dauden galaxiak ikertzea, horien eboluzioa ezagutu ahal izateko. Galaxien masaren metaketa ikertzen dut, horien neurria, adina eta kokapena zehazte aldera; eta, horretarako, ezinbestekoa da teknologia aurreratuena erabiltzea. Horregatik, hurrengo belaunaldiko teleskopio eta behatze-tresnen diseinuan eta prestaketan ere lan egiten dut. Txilen eraikitzen ari diren ELT Extremely Large Telescope proiekturako, adibidez, espektroskopio bat prestatzen ari gara. 2024. urterako bukatu nahi dugu.

Zein izanen da teknologia berri horren ekarpena, astrofisikaren alorrean?

Aurrerako urrats itzela izanen da. Gaur egun, hiru proiektu nagusi daude mahai gainean, zein baino zein interesgarriagoa: aipatu dudan ELT, Palmako [Espainia] TMT 30 metroko teleskopioa, eta NASAk 2018rako prest izan nahi duen James Webb teleskopio espaziala. Egungo behaketa-sistema aurreratuenek baino askoz ikuspegi sakonagoa emanen digute. Adibidez: ELT sistemaren irudiak Hubble teleskopioarenak baino 16 bider argiagoak eta zehatzagoak izanen dira; eta James Webb teleskopioak infragorri sentikorrak izanen ditu, unibertso sakona aztertzeko.

Zer lortu nahi duzue zehaztasun maila itzel horrekin?

Izar eta galaxia urrunetatik datorkigun argitik jasotzen dugu informazioa, baina argi hori aspaldikoa da, unibertsoa oso gaztea zen denborakoa: mila milioi urtetik behera zituen unibertsoak, argi izpi horiek sortu zirenean. Egungo teknologiarekin, ezin dugu argi iturri horien kokapena erabat zehaztu, eta kalkuluen bidez egiten dugu lan. Hurrengo belaunaldiko teleskopioei esker, Lurraren eta espazio sakon horren arteko distantzia zehatz-mehatz jakin ahal izanen dugu. Horrek badu bigarren abantaila bat ere: gailu berriek emanen diguten informazioari esker, galaxia urrunen ezaugarri fisikoak ere ezagutu ahal izanen ditugu. Izan ere, gugandik gertu dauden galaxiekin alderatuta, espazio sakonean dauden horiek ezaugarri bereziak dituzte: txikiagoak dira, izarrak sortzeko prozesu bete-betean daude, eta transformazio etengabean ikus ditzakegu. Hori guztia ulertzen saiatuko gara, teknologia berriaren laguntzarekin.

Galaxia horiek unibertsoa oso gaztea zen garaikoak direla diozu. Unibertsoaren jatorria ezagutzeko balioko al dute zuen ikerketek?

Bai. Pertsonalki, hori da nire helburu kutunetako bat. Lehenbiziko galaxietaraino iritsi, eta lehen argi izpiak ikusi. Izan ere, espazioa aztertzen ari garelarik, zenbat eta urrunago begiratu, orduan eta gazteagoa da unibertsoa.

Zientzia fikzioa dirudi. Edo poesia.

Bai, ezta? Finean, argiak baldintzatzen du gure lana, eta argiak ia 10 bilioi kilometro ibiltzen ditu urtebetean. Hori da argi urte bat. Lurretik abiatuta, argiak 100.000 urte beharko lituzke gure galaxiatik ateratzeko soilik. Eta espazio urrunean dauden galaxietara iristeko, berriz, 1 eta 12 bilioi urte artean. Hortaz, orain jasotzen ditugun argi izpi horiek aspaldikoak dira, eta unibertsoaren lehen garaiei buruzko informazioa ematen digute.

Zer daki zientziak unibertsoaren jatorriari buruz?

Asko da oraindik ez dakiguna, Astronomia izugarri zabala baita. Adibidez, ez dakigu nola sortu ziren lehenengo izarrak eta galaxiak. Eginak ditugu kalkuluak eta simulazioak... baina ez dakigu zehatz-mehatz nolakoa izan zen sortze prozesua, eta nola garatzen diren. Uste dugu gas bidez elikatzen direla galaxiak, eta gas horrek sortu zituela izarrak, baina oso zaila da horren lekuko izatea, orain arte, irudi lauso batzuk besterik ez baitugu jaso. Zeintzuk dira gasaren efektuak? Nondik dator gas hori? Zergatik gelditzen da, une jakin batean, galaxien sortze eta zabaltze prozesua? Galdera asko ditugu unibertsoaren sorreraren inguruan, eta, oraingoz, informazio gutxi.

Astronomia puri-purian dago orain, planeta berrien aurkikuntzak direla eta...

Bai, 3.000tik gora exoplaneta aurkitu dituzte orain arte. Planeta handiak dira gehientsuenak, horiek baitira topatzen errazenak. Lurraren gisakoak aurkitzea da gakoa, izar batetik hurbilegi ez daudenak, ezta urrunegi ere. Ura ?eta, ondorioz, bizitza? topatzekotan, horietan topatuko dugu.

Eta zuk zer uste duzu?

Aurkituko ote dugun bizitza estralurtarrik? Gerta liteke, bai. Zergatik ez. Finean, unibertsoa izugarri zabala da, bilioika izar daude, eta horien inguruan, bizitza izan dezaketen planetak.

Erresuma Batua, Italia, Frantzia, Txile... Hainbat herrialdetan lan egin izan duzu. Behar besteko garrantzia ematen al diete astronomiari eta espazioaren ikerketari?

Inoiz ez da nahikoa... kar, kar! Nire ibilbide profesionalean ikusi dudanaren arabera, esanen nuke Frantzian, eta Europan, oro har, badagoela dirua zientzian eta ikerketan inbertitzeko, baina ez dela behar bezala banatzen. Dirua badago, baina ez dira postu egonkorrak sortzen. Epe motzeko politikek mugatu egiten gaituzte, kontratu laburrak besterik ez baitute eskaintzen, behin-behinekoak, eta graduondoko edota doktoretza praktikekin lotutakoak. Epe motzeko ikuspegiak agintzen du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna