BAKARRIZKETA

Obra garestiek irteera atea ireki diote Lepaoni

Miren Garate -

2015eko urtarrilak 11
1 Zein da Thierry Lepaon? CGT Frantziako sindikatu nagusiko idazkaria da iazko martxoaz geroztik; etzi, seguru asko, idazkari ohi bihurtuko da.

2 Zergatik, bada? Dimisioa aurkeztu du, eta espero da kontrol batzorde nazionalak oniritzia ematea asteartean.

3 Zer egin du? Le Canard Enchaine astekariak argitaratu zuen CGTk 130.000 euro gastatu zituela Lepaonen etxea eraberritzen. Handik gutxira, publikatu zuen 50 metro koadroko bulegoa eraberritzen ere 62.000 euro gastatu zituela. Horrez gain, Normandiako CGTk ustez emandako kalte-ordain handi batek ere hautsak harrotu zituen.

4 Baina soldata murrizteko ere eskatu zuen Lepaonek, ezta? Bai, esan zuen gehiegizkoa zela hilean 5.200 euroko soldata garbia, eta 4.000ra jaisteko eskatu zuen. Jaitsi zioten, baina aurreko hilean, 20 hilabetetan 5.200 euro kobratu ostean eta haren gaineko eskandalua ordurako pil-pilean zegoenean.

5 Zer dio Lepaonek? Bere eta CGTren aurkako komunikazio kanpaina izan dela guztia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna