Arrauna. Eusko Label eta Euskotren ligak

Metro batzuekin, oihal erdia

Urdaibaik irabazi du Zarauzko Ikurrinaren lehen jardunaldian, eta gaur bandera irabazteko zortzi segundora utzi du Hondarribia. Cabok ohorezko txandatik kanpo utzi du Orio
Urdaibaiko trainerua, ahalegin betean, atzo, Zarauzko Ikurrinako lehen jardunaldian.
Urdaibaiko trainerua, ahalegin betean, atzo, Zarauzko Ikurrinako lehen jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko abuztuak 19
Ona dena ona da, eta kalitate hori edonoiz erakusten du. Baita logikak kontrakoa dioen egoeretan ere. Zarautz. Bertako Estropadaren lehen jardunaldia. Itsasoa popare giroan, metro pasatxoko olatuekin. Eremu jator olatuetarako. Lehen bi txandetan, aurreneko kalekoek hobeto amaitu dituzte barrurako luzeak, eta laugarren kalean joan direnek etekina atera diete luze horietako lehen metroei. Horra logika, datu objektiboetan oinarrituta. Urdaibaik dena hankaz gora bota duen arte hirugarren eta azken txandan, bigarren luzearen hasieran ia hamar segundoren koska ateraz beste guztiei aurreneko kaletik. Txapeldunek logika propioa izaten baitute.

Kanpoko ziabogako balizatik buelta eman eta berriz talde osoa arraunkera hartzen hasi bezain pronto, txiki utzi zituen alboan zeuzkanak, Orio, Zierbena eta Hondarribia. Olatu baten gainean metro asko eginez, Zarauzko ikurrin preziatuaren oihal zati handi baten jabe egin zen. Bi segundoan ziren ziabogan Urdaibai, Hondarribia eta Orio, baina, handik gutxira, hamar segundo aurretik zen Bermeoko taldea.

Logikak, aurreko txandetan gertatuan oinarritutako horrek, esaten zuen Hondarribiaren unea behar zuela izan tarte horrek, baina beste muturretik egin zuen hegan Bou Bizkaia traineruak. Bigarren luzearen amaiera baino pixka bat lehenxeago aldea jaitsi egin zuen Ama Guadalupekoa ontziak, baina ziaboga baino lehen berriz ere bederatzi segundo atzetik zen, beste txandetako logika bete baitzuen Urdaibaik une horretan. Zierbena eta Orio hamahiru eta hamabost segundora zeuden bigarren maniobra horretan. Traineruak zuzentzea eta Hondarribiarekiko aldea hamahiru bat segundora igotzea, dena bat izan zen Urdaibairentzat. Baina lortu zuten ligako bigarrenek pare bat segundo jatea hirugarren luzean, eta hamaika segundo atzetik ziren hirugarren ziabogan.

Bigarren luzean gertatua ez zen berriz gertatu laugarrenaren hasieran, eta Urdaibaik ez zuen aldea handitu. Baina jaitsi ere ez zen egin, Hondarribiak olatuaren gainean metro luze batzuk egin zituen arte. Lau segundora ere jarri zen, baina, luzearen azken metroetan, Urdaibaik zortzira igo zuen tartea, eta horrela sartu ziren helmugan Eusko Label ligako lehen bi sailkatuak. Sailkapenean, hamar punturena da orain aldea, bizkaitarren alde. Gaur eguerdian argituko da ea Zarauzko ikurrina ere Euskal Herriaren mendebaldera joango den (12:30, ETB 1). Itsaso pixka bat emanda dago gaurko ere, eta popare giroa izango da. Zortzi segundoren aldea bada zerbait, baina ezin esan erabakita dagoenik.

Gaurko ohorezko txandan, Cabo eta Zierbena izango dituzte alboan Urdaibaik eta Hondarribiak. Baina urrun daude ikurrina irabazteko lehiatik: Zierbena 20 segundora, eta galiziarrak, 23ra. Urrunago geratu zen Orio, ohorezko txandatik kanpo eta 29 segundora. Oso zaila izango du iazko garaileak orduko garaipena berriz lortzea. Donostiarra, Santurtzi, Ondarroa [herenegun Rene Thiare taldekide ohiaren bat-bateko heriotzaren kolpea hartuta], San Pedro, Tiran, San Juan eta Kaiku.

Emaitza horietan, nabarmendu egin behar da Tiran puntu batera jarri zaiola San Juani jaitsierako lehian, eta hiru estropada baino ez zaizkie geratzen. Azken estropadetan, Tiranek ia alde osoa jan dio Pasai Donibaneko taldeari.

San Juan Euskotren ligan

Gizonezkoen lanaren aurretik emakumezkoena jokatu zen Zarautzen, eta San Juanek hamabigarren garaipena eskuratu zuen Euskotren ligan. Gaur bukatuko dute liga (11:45, ETB 1), eta jokoan dutena Zarauzko ikurrina izango da, Orio bi segundo eta hogeita hamasei ehunenera bakarrik baitago.

Azkenaldiko estropada askotan bezala, bien artean ez zen tarte handirik egon, ez bukaeran, ezta lehiaren garapenean ere. Irekia dago, hortaz, gaurko jardunaldia eta, horrekin batera, Zarauzko garaipena. Arraun 24 segundora geratu zen atzo, eta Hondarribiak 57 segundo galdu zituen.
Aitor Manterola

Informazio osagarria