SASKI DA!

Sukaldariak baino are egolatrago

Danel Agirre -

2019ko martxoak 26
Tipo arrunt baten lorpena. Autoestimuaren araberako lanbideen sailkapenean, eliteko gizonezko saskibaloi entrenatzaileak ohorezko postuetan mugitzen dira beti, sukaldari mediatikoen gainetik eta prentsako zutabegileen pare. Zuzendutako talde bakoitza maisutasun ukaezinez eraikitako monumentu moduan ikusi ohi dute, eta adierazpen publiko bakoitzarekin bere obra kanoikadaka defendatu. Kantxan ezin istrionikoago azaldu ohi dira berriz, epaileekin arroxko, gertatzen ari denarenganako haien eragina inork ahaztu ez dezan. Horregatik, Saski Da! bereziki poztu du Valentzia Eurokopako finalera sailkatu izanak: aulkian eserita tipo normal bat du, Jaume Ponsarnau. Gainaktuaziorik, neurririk gabeko egolatriarik eta protesta nekagarririk gabeko beste bide bat posible dena frogatzen duen salbuespena.

Beretzat nahi izan zuena... 2015-16ko denboraldian, Gipuzkoa Basketek abendua iritsita lehiarik irabazi gabe zebilen Ponsarnau kaleratu zuen. Taldea LEB ligara bidean zen, baina apenas egon zen entrenatzaileari kargu hartu zion zalerik. Beste behin, udan etxekolanak ezin traketsago egitetik zetorren zuzendaritza (Ivan Johnson, Travis Wear eta Landon Milbournen udazken hura izan zen), eta GBCk ez zuen ACBn lehiatzeko inongo argudiorik. Ez Ponsarnaurekin, ezta Zeljko Obradovicekin ere. Porfi Fisacek Illunbera itzultzea onartzeko, proiektuaren osoko zuzenketa hitzeman zitzaion. Marcus Landry, Danny Agbelese, Taquan Dean, Mo Soluade eta Urko Otegi fitxatu ahal izan zituen, baina ez zuen askorako balio izan. 34 jardunaldiak jaitsiera postuetan eman eta nahi baino sos gehiago xahutu ondoren, maila galdu zuen GBCk.

... hurkoari ukatu nahi orain. Saskibaloi entrenatzaile apartaz gain, harreman publikoen lanketan jenioa da Fisac. Donostiara duela bi hilabete Zaragozarekin egindako bisitan lagatako bere esaldi batek haginetako mina eragin zion Saski Da!-ri: GBCk fitxaketekin salbatzeko saiakerarik ez egitea babestu zuen, «klubaren egoera ekonomikoagatik». Zentzuzko jarrera litzateke Fisacena, hiru urte lehenago are zulo beltzagoan zegoen GBCren altxortegia horrenbeste zukutu izan ez balu. Sergio Valdeolmillos lankidea baino gehiago, nahiago izan zuen oraindik politikara salto egin gabeko Nekane Arzallus presidentea goxatu, adierazpen instituzional samarrarekin.

Mikrofonorik gabe, hobe. Ignacio Nuñezek Arzallus ordezkatu, merkatua ikuskatzeko azken saiakera iragarri, Jorge Gutierrez antolatzaileak ospa egin, eta Valdeolmillosek nahiago izan zuen, halere, zuhur agertu. Fitxatzea premiazkoa ez zela adierazi zuen, eta salbatzeari uko egiten ez dion zalegoa pipertzea lortu beste behin. Klubera iritsi zenetik, prentsaren aurrean eseri den bakoitzean bere lehentasuna curriculuma are gehiago ez hondatzea zenaren susmoa iragarri du Valdeolmillosek. Zuribide eta trikimailu dialektiko traketsak erabili izan ditu agerraldietan, eta harmailarekin bizikidetza zaila izan du hasieratik. Baina urritik azkenputz izateari laga gabe ere, entrenatzailearen lana benetan ari da izaten egokia. Lantalde oso apalarekin, GBCk duin asko lehiatu dezan lortu du sarri. Eta kanpoaldean piper apur bat erantsi duten bi pieza berri iristea nahikoa izan zaio, aurkari oso ezeroso bilakatzeko. Taldea nekez salbatuko da, baina autoestimua guztiz birrindu gabe bukatu ahal izango du sasoia Valdeolmillosek.

Paraxutistaren misioa. Saskibaloi entrenatzailearen egoen sailkapenean, Rick Pitino pinakulutik oso hurbil legoke (Sito Alonso baino bospasei koska gorago, egin kontu). Panathinaikosekin lortzear dena, gainera, benetan da nabarmentzeko modukoa. 66 urterekin Euroligara lehen aldiz paraxutista moduan iritsi, eta noraezean zebilen jokalari multzoa bikain trinkotu du, ia final-laurdenetan jarri arte. Nick Calathesi taldearen giltzak eman, eta antolatzailea zoragarri ari da. Baskoniak hurrengo fasera pasatu gabe geratu behar balu (Saski Da! baikor da, eta ez du halakorik espero) Calathes aparta saritzeko izan dadila behintzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna