SINADURA DANTZA

2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Eguna-ko artikulu eta umore grafiko egileen artean, badira kulturgile anitz. Jarraian ageri direnak, euretako zenbait besterik ez dira.

Tomas Agirre Urdalleta 'Barrensoro'

Errezil, Gipuzkoa, 1898 — Algorta, Bizkaia, 1982

Tolosan (Gipuzkoa) 1931n egin zuten Euskal Poesiaren Egunera aurkeztutako hiru piezekin nabarmendu zen olerkari gisa. Urte berean irabazi zuen Kirikiño kazetaritza saria, eta urte berean hasi zen Euzkadi egunkariaren euskarazko atalean kolaboratzen. Estepan Urkiaga Lauaxeta-k Euzkel-Idazle-Batza sortu zuenean, 1933an, hango kide egin zen. Elkarte horretan zegoen gerora Eguna-ko zuzendari izan zen Manu Ziarzolo Abeletxe ere; azken horren bitartez heldu zen, seguruenik, euskarazko egunkariaren kolaboratzaile bihurtzera. 1933an plazaratu zuen Barrenso-rok Gazigozoak poema, narrazio eta itzulpen bilduma. 1937an eman zuen argitara Uztaro eleberria.

Txomin Arruti Gurmendi 'Mendi Lauta'

Zarautz, Gipuzkoa, 1897 - 1968

Xabier Lizardiren lagun mina zen, eta elkarrekin ondu zituzten euskarazko egunkari bat sortzeko proiektuaren aurrekontua eta egitura. Donostiako Argia aldizkarian hainbat artikulu idatzi zituen gerra aurretik. Baita El Día eta Euzkadi egunkarietako euskal orrietan ere. Lizardik ez bezala, Arrutik lortu zuen ametsa gauzatuta ikustea. Eusko Jaurlaritzak egunero argitaratzen zuen Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa euskaratzeko Telesforo Monzon jeltzaleak Bilbon osatutako taldeko kidea izan zen, baita Eguna kazetako kolaboratzaile ere. Han eman zuen argitara, atalka,Loretxo eleberria. Azken hori da 36ko gerraren inguruan ezagutzen denlehendabiziko nobela. Nafarroako Artxibategi Nagusian dagoen Erantzukizun Politikoen Erregio Epaitegiaren epai liburuaren arabera, «egunkari separatistetan Mendilanta [sic] ezizenez kolaboratzea» eta «Eusko Jaurlaritzako prentsa eta propaganda sailean kementsu aritzea» leporatu zioten, besteak beste, eta, ordainetan, 10.000 pezetako isuna, 12 urteko erbestealdia eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zizkioten.

Ander Arzelus Toledo 'Luzear'

Donostia, 1898 — Baiona, 1949

Donostiako Argia aldizkariko zuzendaria zen 1929tik, eta El Día egunkariaren astean behineko euskarazko orriaren arduradun egin zuten 1930ean. Euskarazko egunkari baten beharraren alde agertu zen, Xabier Lizardi, Txomin Arruti eta beste hainbatekin batera. 1932an, euskara hutseko irrati saio bat abiarazi zuen Donostiako Union Radion, Joseba Zubimendirekin batera. Gerra aurreko urte haietan, Gibelaundi eta Neskamearen marmarrak antzezlanak eta Charles Dickensen Eguarri Abestiak itzulpena eman zituen argitara. Eguna egunkariaren Aholku Batzordekokidea zen, baina Luzear ezizenez oso testu bakanak argitaratu zituen han. Santoñan (Kantabria, Espainia) hartu zuten preso, 1937an, eta Duesoko espetxera sartu. Han zegoela epaitu, eta heriotza zigorra ezarri zioten. 1938an, Burgosko (Espainia) espetxera aldatu zuten. Lau urte eta erdi egin zituen han. Haietako lehendabizikoa, bere aurkako heriotza zigorra artean indarrean zegoela. 1942an, 14 urteko kartzelaldira jaitsi zioten zigorra. Hurrengo urtean itzuli zen Donostiara, Koldo Mitxelenarekin batera, indultua jasota. Ekintzailetza klandestinoan hasi zen, eta, Francoren Polizia ere horren jakitun zela nabaritu orduko, Donibane Lohizunera (Lapurdi) aldatu zen 1946an. Han sortu zuen Euskadi Irratia, Joseba Rezolarekin batera. Irratiko zuzendaria izan zen.

Julene Azpeitia Gomez 'Arritokieta'

Zumaia, Gipuzkoa, 1888 — Bilbo,Bizkaia, 1980

Irakaslea zen ogibidez, eta ikastolen sorreran eta haurrentzako ipuin eta irakurgaiak idazten nabarmendu zen. Literatur sariketa ugaritara aurkeztu zen, irratsaio ugari egin zuen, kultur ekintzaile izan zen. 1925ean, Bizkaiko Diputazioaren saria jaso zuen, Irakurri, matte lanarekin. Argia, Karmel, Yakintza eta Egan aldizkarietan eta Euzkadi egunkariko euskarazko sailean argitaratu zituen bere artikuluak gerra aurretik. 1933an, Kirikiño saria irabazi zuen. Eguna-n ere kolaboratu zuen, haurren inguruko bere kezkak eta gogoetak gai hartuta gehienetan. Frankistak nagusitu izanaren ondorioz, erbestera bidali zuten. Horren ondorioz, sei urte egin zituen Burgosko herri txiki batean irakasten. Ez zion idazteari utzi, hala ere. Horren lekuko dira Zuentzat, Goizeko Izarra, Auntza baratzan eta Amandriaren altzoan bildumak; eta Odolak, odolari dei eta Martxela eleberriak.

Inazio Eizmendi Manterola 'Basarri'

Errezil, Gipuzkoa, 1913 — Zarautz, Gipuzkoa, 1999

Umetan aldatu zen bizitzera Zarautzera, eta, 18 urte berte berri zituela, 1931n argitaratu zituen lehen bertso jarriak Euzkadi egunkariko euskarazko atalean. Argia aldizkarian Nere bordatxotik sailari eman zion hasiera. El Día egunkarira, Euzkadi-ra eta, azkenik, Eguna-ra aldatu zuen. 1935ean, Lehenengo Bertsolari Eguneko txapela jantzi zuen, Txirrita, Lexo eta beste garaituta. Gudari joan zen gerra hastean, eta Eusko Jaurlaritzaren Agintaritzaren Egunerokoa euskaratzen aritu zirenetako bat zen, eta ertzaina, eta Eguna-ko kolaboratzaile. Gerraren ondorioz, erbestean egon zen. Hamaika bertso bidali zituen orduan Euzko-Deya-ra. Preso langile batailoietan aritu zen denbora luzez. Zarautzera bueltatu zenean, bertsolaritzan hasitako bideari ekin zion berriro.

Eusebio ErkiagaAlastra 'Endaitz'

Lekeitio, Bizkaia, 1912 — Bilbo, 1993)

Yakintza eta Euzkerea aldizkarietan idatzi zuen gerra aurreko urteetan. Eguna egunkariko erredakzioko kideetan nagusiena bera zen, 24 urterekin.Nobela, antzerkia, poesia eta ipuinak idatzi zituen. Arranegi, Araibar zalduna, Batetik bestera, Txurio Txoria eta Irribarrea galtzen danean eleberriak; Antzerti yayan izan naz antzezlana eta Jean Paul Sartre-ren ardi galduak, Nora oa? eta Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta olerkiak idatzi zituen, besteak beste.

Jon Zabalo Ballarin 'Txiki'

Manchester, Ingalaterra, 1892 — Londres, Ingalaterra, 1948

1930eko hamarkadako kartelgintzako izen handien artean dago berea. Aurreko hamarkadan hasi zen lan horietan. Baita aldizkari, egunkari, iragarki eta liburuak ilustratzen ere. Bereziki, Ixaka Lopez Mendizabalen Xabiertxo eta Martin Txilibitu liburuetako ilustrazioek ezagutarazi zuten euskaldunen artean. Txomin Agirreren Garoa eleberriaren azala ere bere lan batek jantzi zuen. Horrez gain, Argia, El Pueblo Vasco, Antzerti, Euskalerriaren Alde, El Día... argitalpenetan ikus zitezkeen haren lanak. Nikolas Ormaetxea Orixe-ren Euskaldunak ilustratzen ari zela jazo zen 36ko estatu kolpea. Bilbo aldera jo zuen frankistek Gipuzkoan aurrera egin ahala. Eusko Jaurlaritzarentzako aritu zen lanean. Eguna egunkarian hainbat marrazki argitaratu zituen. Erbestera jo zuen azkenean. Londresen ezarri zen. Bertan hil zen.

Augustin Zubikarai Bedialauneta

Ondarroa, Bizkaia, 1914 — Galdakao, Bizkaia, 2004

16 urte zituela hasi zen Euzkadi egunkarian idazten. Han eman zuen argitara lehen antzezlana: Illobearen indarra. 20 urte besterik ez zuen. Bi urte geroago, 1936an, Itsas lapurrak eman zuen. Eguna abian jarri zenean, hango zuzendariorde jarri zuten. Erredakzioaren ardura berea izan zuen. Bizkaia frankisten esku geratu ostean, Laredon (Kantabria, Espainia) atxilotu zuten, 1937an. Kazetari truke bati esker lortu zuen askatasuna, baina erbestera joanda. 1945eko Miarritzeko Lore Jokoetako lehen saria irabazi zuen, Itxasora antzezlanarekin. Toribio Alzaga saria birritan eman zioten 1963an eta 1969an, hurrenez hurren, Iru alaba eta Bizi garratza. Mendu zaharrak obrengatik. Beste genero batzuk ere landu zituen, hala ere. 1978an, esaterako, Espainiako Kritika saria jaso zuen Bale denborak eleberriarekin, eta 1979an Azkue saria eman zioten, Esan eta esango narrazio bildumagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.