Miguel Martin. Donostiako Jazzaldiaren zuzendaria

«Artista gaztez ondo hornitua dator Jazzaldia»

Jazzaren esparruan sortzen ari diren artista gazteak Donostiara ekartzeaz harro dago Miguel Martin. Lasai, berriz, ordainpeko kontzertuetarako sarrera ia guztiak salduta daudelako.

mikel lizarralde
Donostia
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Datorren asteazkenean abiatuko da Donostiako 53. Jazzaldia, ohi bezala, eskaintza zabal eta ugariarekin. Jazzak —bere aldaera guztietan— izango du protagonismoa ehunetik gora kontzertuetako askotan, baina izango da beste musika estilo batzuetako proposamenak ikusi eta entzuteko aukera ere. Prestatutako egitarauarekin gustura dago Miguel Martin zuzendaria (Donostia, 1956).

Zenbateraino da asteazkenean hasiko den Donostiako Jazzaldia orain dela urtebete buruan zenuena?

Nik esango nuke orain dela urtebete buruan geneuzkan artistetako batzuk badaudela programazioan. Cecile McLorin Salvant, Jacob Collier eta beste hainbat zeuden gure nahien artean... eta buruan geneuzkan, askotan ikusarazteko erraza ez den arrazoi batengatik; hau da, jende gaztearekiko interesa dugulako. Gero, beste artista batzuk joan dira gehitzen. Bada, horien artean, haren berri ez genuen baten bat ere bai. Esate baterako, ez genekien R+R: Now taldea bazenik ere... Baina zoragarria iruditu zitzaigun, eta pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela programatzea. Gerora, beste gazte batzuk ere gehitu dira: Tom Ibarra, Julian Lage... Esango nuke jaialdia artista gaztez ondo hornitua dagoela. Etorkizuneko musikariak dira, eta uste dut aurten hori ikusarazteko moduan gaudela.

Ezezko asko jaso behar izaten dituzue programazioa osatzeko?

Bai, bai. Izen asko sartu nahiko genituzke programazioan, baina, arrazoi asko direla medio, dela birarik egingo ez dutelako, dela kontzertu nahikoa izan ez eta bira bertan behera gelditzen delako, dela eskaintza zoragarri bat egin eta Finlandiara joaten direlako.... Europa osoan hazi egin da jaialdi kopurua, eta horrek zaildu egiten du programatzea... baina, tira, ez da gauza berria ere. Jaialdi bat programatzeak dauzkan arauen barruan kokatzen da hori ere.

Aurten, ohi baino beranduago hasiko da jaialdia, uztailaren 25ean.

Horrek arrazoi politiko bati erantzuten dio, uztailaren 25a ez baita jaieguna aurten. Gu, normalean, saiatzen gara 25aren inguruan mugitzen, nolabaiteko asteburu bikoitz bat izateko, baina aurten ezinezkoa da. Ez zuen zentzurik aurreko asteburuan hasteak, eta, gainera, Gasteizko Jazzaldiarekin ere topo egingo genuen. Hori ere ez da gure gustuko kontua. Aukera bakarra asteazkenean hasi eta igandean bukatzea zen...

Iaz, ikus-entzunezko saio berezi batekin abiatu zenuten jazzaldia. Aurten, berriz, Jazz Band Ballaren ohiko eskemara itzuli zarete.

Bai, kontua da iazkoa Donostia 2016ri lotutako proiektu bat izan zela. Kultur hiriburutzaren urterako zegoen aurreikusita, baina sortzaileak [Stefan Winter] ez zuen denbora nahikoa izan amaitzeko, eta iaz eman behar izan genuen. Oso proiektu berezia zen, eta uste genuen interesa izan zezakeela, baina ez pentsatu genuelako halakoak egin behar genituela urtero.

Ruben Bladesekin hasiko duzue jazzaldia. Iaz esan zuen saltsa utzi behar zuela, baina ematen du erabakia atzeratzen ari dela. Badakizue zer kontzertu mota emango duen?

Guk esan dezakegu Ruben Blades musikari handia dela, baina esaten duenaz ez gara arduratzen! [barrez] Egia da hiru urte daramatzala agur esaten! Hasiera batean, beste proiektu bat genuen buruan Jazz Band Ballerako, baina ez zen atera. Eta iritsi zitzaigun Rubenena... birako azkena izango da. Niri Ruben Blades izugarri artista errespetagarria iruditzen zait, konpositore bikaina da, oso kantari ona, eta bere kantuetako batzuk oinarrizko bilakatu dira. Gainera, iruditzen zait oso ondo egokitzen dela Agertoki Berdera.

Agertoki Berdeak presentzia handia du Donostiako Jazzaldian, baina azkeneko urteetan badirudi badagoela horko aurrekontua ez gehiegi puzteko ahalegin bat. Egon da uneren bat zeinetan jazzaldiaren oreka hautsi den?

Bai, Agertoki Berdea jazzaldiaren agertoki nagusietako bat da, batik bat, bere heterodoxiagatik. Hor ez da jazzik entzungo. Hondartzako agertoki bat da, herrikoia, gustatzen zaiguna, baina ez dena jazza. Baina urte batzuetan, edo gehiago gastatu genuelako edo mauka batzuk lortu genituelako, Agertoki Berdeak itzal egin zion gainerako programazioari. Eta hori ez da posible. Agertoki batek ezin ditu besteak itzalpean utzi. Eta, izatekotan, Trinitatekoak izan beharko du hori. Azken batean, jazza programatzen ez duen agertokia ezin da izan jazzaldiko gune nagusia. Ondorioz, programazio orekatua egiten saiatu gara. Baina horrek ez du esan nahi kalitatean galdu dugunik. Esaterako, bertan arituko dira guk aspalditik nahi genituen artista batzuk: Too Many Zooz, Gary Clark eta Anna Calvi. Gero, jakina, sortu dira beste proposamen batzuk, gau donostiarra esaterako [Amateur eta Mikel Erentxun bilduko ditu], eta Izarorekin ere aspaldi hitz egin genuen, ikusten genuelako oso indartsu zetorrela. Ez da 2010-2011. urteetan gastatu genuen diruaren mailara iritsiko den Agertoki Berde bat, baina jazzaldiko beste agertoki batzuetan gastatzen ari garenarekin orekan dago. Eta, gero, denetarik entzuteko aukera emango du: soula, indie-a, bluesa, definitzeko zailagoak diren proposamenak...

Iaz, Trinitate plazako edukiera murriztu behar izan zenuten. Horrek nola eragin du aurrekontuaren orekan?

Aurrekontua zenbakiak dira, eta batetik kentzen duzuna beste batek eman behar du. Baina zortea dugu, eta bai Trinitate plaza bai beste agertokiak ere bete egiten dira. Hamasei emanaldi ditugu ordainpekoak, eta horietako bederatzitarako sarrerak salduta daude. Eta beste guztiak ere oso ondo doaz. Alde horretatik, Trinitateko edukiera murriztu behar izatea ez da mingarria izan.

Aurten, Jacob Collierrekin abiatuko duzue Trinitateko programazioa. Gaur egun dagoen artista gazte ezagunenetakoa bilakatzen ari da.

Bai, guretzat oso pozgarria da, eta gustatuko litzaiguke urtero hain jende gazte interesgarriarekin hastea. 2000. eta 2010. urteen artean, denok aipatzen genuen jazz izarrak dozena bat zirela, eta horiekin ibili behar genuela urtero, askotan izen berberak behin eta berriro errepikatzen. Jakina, beti da gozagarria Chick Corea bat, edo Herbie Hancock, edo Pat Metheny ekartzea, baina izugarri pozgarria da 40 urtetik beherako artistak agertzea eta Trinitate plaza betetzen ikustea, izan Jacob Collier edo izan Kamasi Washington.

Bada Trinitate plazan atentzioa ematen duen beste izen bat, Salvador Sobralena, Eurovision jaialdiak bilakatu duelako ospetsu. Ez da oso ohikoa hori.

Sobral kantu zoragarri batek egin du ezagun, baina aspaldi ezagutzen ditut bai bera bai bere arreba Luisa. Estimatzen ditut, baina ez nintzen ausartzen ekartzera, hemen inork ezagutzen ez zituelako. Baina, Eurovisionen ondoren, gurekin harremanetan jarri ziren, eta aukera eman ziguten. Uste dut Sobralek merezi duela.

Beste publiko bat eramango du Jazzaldira?

Sarrera guztiak saldu dira, eta bai, jende bat etorriko da Eurovision irabazi duelako.

Beteranoen artean Dave Holland eta Chick Corea nabarmentzen dira. Azken hori, gainera, formatu akustikoan.

Bai, Corea askotan izan da Donostian, eta azkeneko aldiz proiektu elektriko arranditsu batekin gainera. Zalantza izan genuen, baina azkenean ekarri dugu, hirukote akustiko formatuan arituko baita, Kursaalean egin zuena baino proiektu serioago eta jazzy-ago batekin. Corea, gainera, musikari bikaina da, eta halako gauzak oso ondo egiten ditu. Gainera, bi musikari bikainekin dator, John Patitucci eta Dave Wecklekin.

Kursaaleko programazioa Veloso klanarekin hasiko da. Caetano eta haren hiru semeak izango dira oholtza gainean. Zer eskainiko dute?

Gitarra eta perkusioekin ariko dira, modu akustikoan. Eta, errepertorioari dagokionez, Caetanoren piezekin batera, Tomenak ere joko dituzte. Tomek, normala denez, ez du aitaren proiekzio publikoa, baina Brasilen oso inportantea da, eta talde zoragarrietan ibili da. Bestalde, hemen Caetano askok ezagutzen dute Cucurrucucu Paloma-gatik, baina oso musikari ipurterrea izan da beti. Hemen izan zen Ce proiektu elektrikoarekin orain dela urte batzuk, eta jende batek, amaieran, esaten zuen hura ez zela Veloso. Eta, alderantziz, hura zen Veloso! Caetano inkorformista horren zerbait izango du aurtengo kontzertuak, nahiz eta formatu akustikoan izan.

Gregory Porter iaz izan zen Jazzaldian, eta aurten berriro dator. Zergatik hain azkar?

Gregory Porterrek ziklo bat itxiko du Donostian. Iazko emanaldiaren arrakasta izugarria izan zen, eta kontzertuaren amaieran jendea hasi zitzaigun eskatzen berriro ekartzeko. Aurten, orkestra sinfonikoarekin jotzeko aukera atera zen, eta, tira, iruditu zitzaigun polita eta ezberdina. Baina egia da lau emanaldi egin dituela Donostian oso denbora laburrean, eta gelditu beharko dugula.

Kenny Barron pianistak Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen 2000. urtean. Eta aurten ere hemen izango da.

Barronekin zalantza gutxi. Ahal dugun guztietan ekarri dugu. Bikote moduan, hirukotean, piano laukotean... Guri asko gustatzen zaigu, eta esango nuke Donostiako ikusleentzat ere beti dela plazera hura entzun eta ikustea.

Aurten, aurrenekoz, euskal musikari batek jasoko du jazzaldiaren saria, Michel Portalek.

Portal erreferentziazko musikaria da Europako abangoardian, eta, gainera, azken urteetan berriro itzuli da indar handiz, Emilie Parisien eta Vincent Peiraniren eskutik. Portalek baditu proiektu zail batzuk, baina Donostian jende guztiarentzat izan daitekeen proposamen baten barruan izango da. Uste dugulako jende guztiak izan behar duela Portalen handitasunaren berri.

Mary Stallingsek jasoko du jazzaldiaren beste saria.

Hasiera batean, Carla Bley zen Donostiara etortzekoa, baina deitu ziguten esateko kontzertu gehiegi zituela, eta birako egun batetik aurrerako emanaldiak bertan behera utziko zituztela. Pena eman zigun, baina baliatu genuen Mary Stallingsi deitzeko. Aspalditik genuen hura ekartzeko gogoa. Prest azaldu zen etortzeko, eta eskertu genion, kantari bikaina izan arren ez duelako hedapen handirik izan. Ez da saiatu AEBetatik eta, zehazki, San Frantziskotik ateratzen. Han grabatu ditu bere diskoak, eta ez da oso ezaguna handik kanpo. Baina, beste aldetik, jazz kantari batek duen guztia du: ahots bikaina, dotorezia, swinga... Kantari handia da. Eta, hona etorriko zela jakin genuenean, erabaki genuen aitortza egin behar geniola. Jazzaldiaren sariak balio behar du musikari batzuei aitortza egin eta haien lana balioesteko. Mary Stallingsen kasua oso agerikoa da.

Euskal musikariek ere izango dute lekua jazzaldian...

Iñaki Salvador izango da Mikel Laboaren omenezko saio batekin, Trizak taldea ere bai, Joseba Irazoki eta Axiaritarrak Bas(h)oan proiektuarekin... Ez dakit jazza den, baina ze inporta du! Izugarria da... Ez da Beñat Axiari jazzaldira ekartzen saiatzen garen lehen aldia, baina beti daukagu arazo bat. Errobiko festibalarekin bat etortzen da jazzaldia, eta bera ibiltzen da antolatzen. Aurten ez dugu arazorik izan. Gu saiatzen gara egiten denaren gainean egoten. Uste dut oso garai onean dagoela euskal jazza, oso maila handia duela, eta jazzaldian lekua izan behar duela.

Orain dela urte batzuk, egoera ekonomikoak eraginda, egokitu egin behar izan zenuten jaialdiaren tamaina. Ze egoeratan dago orain?

Urtetik urtera pixka bat hazten gara, baina ez da gure asmoa hori baino gehiago haztea. Gutxi gorabehera, bi milioi euro gastatzen ditugu, horietatik 450.000 euro langileen gastuetan. Sarrerei dagokienez, lehen esaten zen hiru herenetan banatu behar zirela sarrerak: administrazioaren laguntza, sarrera propioak eta babesleak. Egia da orain azken horien partea handiagoa dela, %40ren pixka bat gainetik. Baina ezin gara kexatu Donostiako Udalaren laguntzaz eta ezta salmenten sarrerez ere.

Noiz arte duzue hitzarmena egina Heinekenekin?

Hurrengo urtera arte. Urrian hasi beharko dugu hitz egiten, baina denak gustura bagaude ez da arazorik izango elkarrekin segitzeko.

Amaitzeko, egingo dituzu jazzaldirako hiru proposamen?

Hiru baino gehiago emango dizkizut. Hiru ezagun: Cecile McLory, Brad Mehldau eta R+R: Now. Eta ezustekoa eman dezaketen beste hiru: Endangered Blood, Bas(h)oan eta Naisam Jalal & Rhythms of Resisteance.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.