Zortzi talderen kontzertuak Viktoria Eugenian, Jazzeñe zikloan

Donostiako 56. Jazzaldiaren barruan egingo dute zikloa, SGAE fundazioarekin lankidetzan. Kontzertuak Internet bidez emango dituzte

Andoni Imaz.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako jazz musikarien lana zabaltzeko asmoz, Donostiako Jazzaldiak eta SGAE fundazioak Jazzeñe zikloa sustatuko dute jaialdiaren 56. aldian. Zortzi talde hautatu dituzte Viktoria Eugenia antzokian aritzeko: Ariel Bringez Quintet, Caminero Quintet, Chano Dominguez Trio, Daniel Garcia Trio, Smack Dab, Sumrra, Alba Careta Group eta Manolo y Curra. Lau saio bikoitz egingo dituzte, datorren ostegunetik igandera, 12:30ean. Talde bakoitzak 45 minutuko emanaldi bana egingo du. Sarrerak hamabi euroan daude salgai jazzaldiaren webgunean eta antzokiko txarteldegian.

Atzo aurkeztu zuten zikloa, Donostian. Han izan ziren Miguel Martin Donostiako Jazzaldiaren zuzendaria; Juan Jose Solana SGAE fundazioko presidentea; Oscar Castaño SGAEren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako delegazioko presidentea, eta Javier Estrella Jazzeñeren zuzendaria. SGAEren ordezkariek adierazi dute haientzat garrantzitsua dela Donostiako Jazzaldian parte hartzea, Europako jazzaren erreferentetzat daukatelako.

Denera 252 artistak eman zuten izena zikloan parte hartzeko, eta fundazioak egin du horien arteko hautaketa. Jazzeñeren helburua ez da soilik taldeen kontzertuak antolatzea, baizik eta taldeei aukera ematea haien lana mundu osora zabaltzeko. Horregatik, hainbat jazz jaialditako ordezkariak deitu dituzte Donostiako zikloan parte hartzera, musikariek programatzaileak eta antolatzaileak ezagut ditzaten. Emanaldiak ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, Internet bidez ere emango dituzte, zuzenean.

Disko berriak aurkezten

Datorren ostegunean, Ariel Bringuez Quintetek egingo du lehen kontzertua. Nostalgia Cubana aurkeztuko du, 1950eko hamarkadako artista kubatarrei egindako omenaldi bat. Bigarren saioan, Caminero Quintetek jazza eta flamenkoa uztartuko ditu.

Biharamunean, Daniel Garcia Triok Travesuras diskoa aurkeztuko du; «azkenaldiko lanik indartsu eta originalenetako bat» da, antolatzaileen ustez. Chano Dominguez Triok, berriz, Chumbulum diskoa atera berri du, konfinamenduan sortutako kantuz osatua, neurri batean.

Smack Dab boskoteak irekiko du larunbateko saioa. Haien musikaren erroak jazz tradizionalean eta musika afro-amerikarrean daude. Sumrra hirukotea ariko da ondoren. Egungo munduari buruzko gogoetaz betetako kantuak sortu dituzte.

Zikloko azken egunean, Alba Careta Groupek tronpeta lan «sotil eta sentibera» bat erakutsiko du lehenik. Manolo y Curra bikoteak itxiko du programa, ahotsez eta pianoz sortutako antzezlan gisako emanaldi batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.