Xaquin Garcia-Muros.
ARGI ALDIAN

Erregresibitatea ez da aitzakia

2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Europako Batasunak ekonomia deskarbonizatu nahi du Green Deal-aren eta duela gutxi onartutako neurri sortaren (FIT-for-55) bidez. Euskadin, KLIMA 2050 estrategiak ezarritako helburuaren arabera, berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak %40 gutxitu behar dira 2030. urterako. Garraioa funtsezko sektorea izango da helburu hori lortzeko, Euskadin era horretako gas gehien isurtzen duen sektorea baita: %34 2019an. Gainera, sektore horretako gas isuriak ez dira gutxitu, handitu baizik: %9ko hazkundea izan dute 2015etik. Horrek esan nahi du eskura ditugun tresna guztiak erabili beharko ditugula, baita ingurumen zerga sistema edo zerga sistema berdea ere. Hala ere, ingurumen zergetan azkenetakoak gara Europan, erregaien prezioei eragiten dietenetan zehazki. Espainiak euroguneko zerga apalenetakoak ezartzen dizkie gasolinari eta gasolioari. Bereziki deigarria da gasolioaren zergaren kasua, gasolinaren zerga baino apalagoa baita gaur egun.

Nazioarteko erakundeak konturatu dira egoeraz. Espainiako Gobernuari hainbat aldiz eskatu eta gomendatu diote igo ditzala ingurumen zergak, erregaienak bereziki. OCDEk, NDFk eta Europako Batzordeak hitz egin dute zerga irregulartasun horri buruz. Espainiako Gobernuak, 2020 amaieran, dieselaren zergak igotzea proposatu zuen aurrekontuei buruzko eztabaidan, horrela gasolinaren zergekin parekatzeko. Baina proposamena bertan behera utzi zuen, komunikabideetan eragindako zalapartak eta beste talde politiko batzuen kontrako iritziak bultzatuta. Atzera botatzeko arrazoi nagusia izan zen pentsatzea zerga horiek herritar pobreenei eta langileei kalte egiten dietela gehien. Alegia, ikuspegi sozial batetik, neurri bidegabea zela. Frantzian Jaka Horiekin gertatutakoaren mamua agertu zen eztabaidan. Hala ere, geure buruari galdetu beharko genioke ea zer neurritan diren zerga horiek erregresiboak, eta, era berean, eanola hobetu daitezkeen, sozialki bidezkoak izateko.

Hasteko, argitu beharra dago datuek erakusten dutela garraio pribatuari ezarritako zergak ez direla bereziki erregresiboak: ez diete eragiten modu nabarmenagoan diru sarrera gutxiago dituztenei, gehiago dituztenei baino. Egia da gizarteko talde batzuei kalte egin diezaieketela: erdiko klasea, esaterako, gehiago erabiltzen baitu garraio pribatua; baita garraio publikoa eskura ez edukitzeagatik mugikortasunerako alternatiba gutxi dauzkatenak ere, landa eremuetakoak adibidez. Dena den, garrantzitsua da eztabaidan agerian uztea erreformak osorik aintzat hartuta duen eragina. Zergek garestitu egiten dituzte zergapetutako ondasunen prezioak, baina diru sarrera gehigarriak ematen dizkiete gobernuei, eta diru horrekin konpentsazio neurriak onartu ditzakete talde zaurgarrientzat. Hainbat kalkuluren arabera, gasolioaren zergak gasolinaren zergekin berdintzeak 1.200-1.700 milioi euro arteko diru sarrera gehigarriak eragingo lituzke. Diru horrek aukera asko eskaintzen ditu zergak igotzeak kalte egin diezaiekeen talde zaurgarriak modu egokian konpentsatzeko. Horrela, erreforma sozialki bidezkoa izango litzateke, eta ingurumenarentzat eta osasunarentzat mesedegarria.

Europako Batasunak bultzatutako Green Deal-ak neurri handinahiak hartzera behartuko du datozen urteetan. Neurri horiek energia fosilak garestituko dituzte. Testuinguru horretan, erregresibitatea ezin da aitzakia izan gobernuek neurri handinahiak eta beharrezkoak ez hartzeko trantsizio energetikoa egin ahal izateko. Ondorio erregresiboak mugatuak izaten dira askotan, erregaien zergak, esaterako. Gainera, zerga horiek sortutako baliabideak ondo erabiliz gero, erregresibitate arinak konpondu ditzakete, kalte egin diezaieketen pertsona zaurgarriak konpentsatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.