Tortura eta tratu txarren ikerketa. Ondorena

Ikerketaren garrantzia eta sinesgarritasuna goretsi du zenbait elkartek

Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak interesgarritzat jo du. Foro Sozialaren ustez, azterketak erreparaziorako oinarriak jarri ditu

Jeroen Schokkenbroek eta Iñigo Urkullu, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Zenbait elkartek garrantzitsutzat jo du EAEko tortura salaketei buruz Paco Etxeberriaren taldeak aurkeztutako txostena. Jeroen Schokkenbroek CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko idazkariak aitortu du oraindik ez duela ezagutzen edukia, baina azaldu du CPTk «errespetuz» hartzen duela «lan serio oro», eta«oso interesgarria» iruditu zaio EAEn halako bat egin izana. Schokkenbroekentzat inportantea da ikerketa egitea, «torturarik berriro ez izateko eta etorkizun hobea izateko». Prebentzio neurriak hartzea ere ezinbestekoa dela uste du, hartara estatuko aparatuek jakin dezaketelakoan «ikerketa serioa» egingo dela salaketen ondoren.

Eusko Legebiltzarrean izan da, Espainiako Estatuari buruzko 2016ko txostena aurkezteko, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu du. Schokkenbroeken iritziz, «aurrerapen bat» izan da atxiloaldian inkomunikazio kasurik ez egotea 2015-2016an Espainiako Estatuan, baina eskatu du legeditik kentzeko neurri hori.

Foro Sozial Iraunkorrak ontzat eman du tortura azterketa, «biktimek erakundeen aldetik merezi duten erreparaziorako oinarriak jarri dituelako. Jaurlaritzak egia argitzeko bide bat eskaini du, eta, era berean, egunen batean erakundeek egin beharreko aitortzarako tresna litzateke». Foroak jakinarazi du Etxeberriaren lantaldeak antzeko prozesu bati ekingo diola Nafarroako Gobernuarekin aurki. «Euskal Memoriak egin zuen lehenengo ikerketa baten arabera, ia mila pertsona torturatu zituzten Nafarroan».

Erreferentzia

Egiari Zor fundazioak esker ona adierazi die tortura kasuen ikerketan parte hartu duten kideei. Azterketa «profesionala, irmoa, zorrotza eta objektiboa» izan dela dio, «eta aurrerantzean erreferente bilakatuko da Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan gertatutako guztia ezagutzeko».

Adinako garrantzia eman dio laneko ondorioari: jendea torturatu dela iritzi dio. «Txostenak zientifikoki egiaztatu du aspaldidanik jakina zen errealitate bat: tortura modu sistematikoan eta inpunitate osoz erabili da Euskal Herriko biztanlegoaren kontra». Fundazioak uste du erantzule asko daudela horretan: «Sekula zigortu gabeko krimen sistematiko bat da, urte luzez aurrera eramana Poliziaren, Guardia Zibilaren eta, 1990eko hamarkadatik aurrera, Ertzaintzaren komisarietan. Txostenak argi utzi du gaitz hori amaitzeko aukera izan zutenek ez zutela ezer egin: epaileek, auzi medikuek, politikariek, komunikabideek».

Esan Ertzaintzako sindikatuak nabarmendu du txostenean egiaztatu dela EAEko Poliziak ez duela torturatu. Ertzaintzako ELAk Jaurlaritzari eskatu dio torturaren edo tratu txarren salaketa gehiagorik ez izateko «berme gisa neurriak» jar ditzala. Esan-ek bezala, adierazi du Ertzaintzaren aurkako epairik ez dela egon. Covite biktimen elkarteak, berriz, Jaurlaritzak txostena sustatu izana deitoratu du. AI Amnesty Internationalek laster argitaratuko du prentsa ohar bat azterketaz.

Etxeberriaren lantaldeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 4.113 tortura salaketa ikertu ditu, 1960-2014 aldikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.