Bigarren eskukoak ere, «gutxiago eta garestiago»

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Auto saltzaileak eta erosleak ere nabaritzen ari dira txipen faltak eragindako krisia. Javier Bagues Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko presidenteak azaldu duenez, auto berria erosi eta jaso bitartean bi eta bederatzi hilabete artean itxaron behar dira, ibilgailu motaren edo horrek dituen gehigarrien arabera. Marka guztietan dago stock falta, eta gaineratu dute atzerriko merkatuetara jo izan dutenean ere esku hutsik itzuli direla:«Leku guztietan dago behar handia».

Egoera horretan, logikoa litzateke bigarren eskuko autoen salmentak ugaritzea, baina ez da hala. Baguesek azaldu duenez, normalean auto berria erosten delako saltzen da auto zaharra, eta, berririk ez badago, bigarren eskukorik ere ez da egoten. Gogoratu du merkatu horretan renting-ekoek edo enpresa autoek pisu handia izaten dutela: bat eta bost urte artean erabili ondoren salgai jartzen direnek. Eta hor arazo berarekin egiten dute topo saltzaileek: «Auto berririk ez dagoenez, enpresek ez dute flota berritzen, eta bigarren eskuko gutxiago ditugu saltzeko». Azken katebegia, beraz, bigarren eskuko auto zaharrak dira. Horiek egon badaudela dio Baguesek, «baina gutxiago, eta garestiago».

Aurrera begira, auto saltzaileak argi du txipen krisiak eragin zuzena izango duela autoen prezioetan, auto guztietan: bigarren eskukoetan, eta, produkzioa egonkortzean, berrietan ere bai. «Urte batzuk beharko dira stockak normalizatu arte, eta horrek prezio aldaketak eragingo ditu. Autogintzaren sektorea asko aldatzen ari da».

Gertatzen ari denarekin harrituta dago Bagues. «Kuriosoa da hain denbora gutxian txip falta hau egotea, eta arraroa da ekoizleek arazoa ez aurreikustea». Badu «hipotesi» bat: «Orain, stockik gabe geratu direnez, egoera baliatu dezakete auto mota berrien produkzioa, elektrikoena eta, lehenesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.