Frankismoko azken fusilatzeek 40 urte. FRAPeko kideak. Manuel Blanco Txibite. FRAPeko kide izandakoa

«Marra guztiak gainditu zituen Francoren erregimenak bost lagunak fusilaturik»

Sanchez Bravo, Baena eta Garcia Sanz FRAPeko kideak hil zituzten, eta heriotza zigorra kommutatu, berriz, Vladimiro Fernandezi eta Manuel Blanco Txibite donostiarrari. 1966an Kazetaritza ikasketak egitera Madrilera joan, eta bertan garatu zuen Francoren erregimenaren kontrako militantzia.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Madril
2015eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Zer izan zenuen frankismoa?

Turismoa, hondartza, paella, zezenak… horixe zen frankismoa, han ez zen iji-aja etengabea besterik, azalean. Dena zen festa, ¡olé, olé! eta algara. Muinean, berriz, beldurgarrizko errepresioa ezkutatzen zuen. Tortura indarrean egotea zenuen seinale. Kalean zenbiltzala, konparazio batera, edozein poliziak, edozein guardia zibilek zuen inor hiltzeko baimena. Eta ez zen ezer gertatzen. Ezer gertatzekotan, kondekoratu egingo zuten. Horman pintada bat egiten harrapatzen bazintuzten, kartzelara! Hori, onenean! Okerrenean, tiroa tiratuko zintuzten ezer baino lehen, eta, gero, onik atera bazinen, zeunden lekuan bertan geldirik gelditzeko aginduko zizuten. Horixe zen giroa. Galarazita zeuden grebak, era guztietako bilkurak, elkarrizketak… Dena galarazita. Bestalde, eguneroko ogia zen jazarpen politikoa, sindikala eta soziala. Hortik ongi osatuta geunden. Jakina, lan egin, etxera joan eta txintik esaten ez bazenuen —zirkinik ez egin—, bada, onik ateratzeko aukera handiak zenituen. Alabaina, giza eskubiderik oinarrizkoena gauzatu nahi bazenuen, akabo!, erregimenaren pistolekin egingo zenuen topo. Gogoan dut polizia bat, Dafauce zuen izena, Donostiakoa. Asteburuan autoa errentatzeko ohitura zuen, putetara joateko —horixe zen jendilaje haren giza maila, izan ere—, eta nik lan egiten nuen garajean hartu ohi zuen autoa, Antigua auzoko Juan de Garai kalean. Hamazazpiren bat urte izango nituen nik, eta autoak garbitzen eta bestelako lanak egiten jarduten nuen han lanean. Garaje hartako arduraduna munduan ibilitako gizona zen, hamaika herrialdetan bizi izandakoa, eta, behin, Dafauceri zuzendu zitzaion esanez: «Komisario jauna, nola liteke salbuespen egoera hau, Europan dabiltzan haizeak ikusita!». Eta Dafauceren erantzuna: «Zu ez kezkatu, ez da ezer gertatzen. Saltsatan sartzen ez bazara, jabetu ere ez zara egingo salbuespen egoera den, ez den!». 1966 edo 1967 izango zen urtea, salbuespen egoeragatik ari naiz.

Horixe zure errealitatea…

Uste dut diskurtso horrek orduko errealitatearen parte bat aski garbi erakusten duela: telebista piztu, eta ez zen ezer gertatzen; irratia piztu, eta aipatzekorik ez; egunkariak, ipurgarbitzaile zintzo eta trebeak zenituen, ez zuten errealitate hartaz ezer esaten. ABC kazetak demokratatzat du bere burua, baina garai hartan Francoren simaurra jaten zuen, eta eskerrak ematen zizkion, gainera. Luca de Tena familiak —monarkia zalea eta faxista—, 40ko hamarkadan zoriondu egiten zuen Hitler urtebetetzearen karietara. Bestelako gertakariak zirenean, berriz, egunkariek poliziaren, gobernu ordezkaritzaren edo dena delako erakunde ofizialaren oharra zabalduko zuten, bere horretan, hitzez hitz eta ortografia hutsak berak ere ukitzeke, zuzentzeke. Turismoa zen telebistako albistegia zabaltzen zuen berria: «Milioigarren turista heldu da Mallorkako Palmara!». Eskizofrenia hutsa zen hura. Alde batetik, gure eguneroko errealitatea zegoen: pertsegituak ginen, zelatatuak, zapalduak, torturatuak; bestetik, España cañí hura zeneukan, familia sakratu hura. Orain bezala, kasik: turismoa, kanpoko inbertsioa eta emigrante oldea. Horixe zen herrialdearen zutarria.

Behin baino gehiagotan salatu duzu garai hartan indar armatuek jendea hiltzen zutela. «Zer edo zer egin behar zen», esan izan duzu. Horregatik sortu zen FRAP, PCE marxista-leninistaren gerizan?

Hasteko, esan behar dut FRAP ez zela inoiz inoren beso armatu izan, ez PCE (m-l)rena, ez beste inorena. Are gehiago, beso armatu ere ez zela izan esango nuke. FRAPek asko zuen borrokatik, eta gutxi armatutik. Zorigaitzez, armak, gaur bezala orduan ere, Estatuaren eskuetan zeuden, ejertzitoaren, guardia zibilen, poliziaren eta haren laguntzaile diren zerbitzu sekretu eta gainerakoen eskuetan. Jakina, zer edo zer egin behar zen, besterik ez bazen ere geure burua defenditu, ez zegoen erauntsi hura besoak gurutze eramaterik. Une jakin batean, FRAPek Erregimenaren hilketei erantzun puntualak ematea erabaki zuen; pertsona jakin batzuei erasotzea, batik bat. Baina erakundearen asmoa ez zen beso armaturik eratzea. FRAPek, haren izenak adierazten zuenez, Fronte Iraultzaile Antifaxista Abertzalea, fronte izateko bokazioa zuen, Francoren Erregimenaren kontrako erakundeak biltzeko nahia zuen. Fronte borondatea zuen.

Inondik ere, zuk esan duzun moduan egin zuen FRAPek, pertsona jakin batzuei eraso. Zenbait atentatu burutu zituen, poliziaren bat eta guardia zibilen bat hil ere bai Madrilen…

Zenbait hildako eta zenbait zauritu ere eragin zituen Valentzian eta Bartzelonan... Baita gu kartzelan geundela ere! Eta barruan geundela gertatu zen atentatu batengatik ere prozesatu ninduten militarrek, esate baterako. Baina, bai, zenbait eraso gauzatu zituen FRAPek...

Errepresio latza eragin zuen horrek…

Hori ere bai. Hainbat jende atxilotu zuten, eta oso bizkor. Jakina, hor torturak dira tartean, eta torturatuak esaten dituenak, eta esanarazten dizkiotenak. Dena dela, niretzat gauza bat dago garbi: FRAP ez zen erakunde armatua, ez zuen horretarako bokaziorik, eta, ondorioz, haren klandestinitate maila ez zen orduko CCOO sindikatuak zeukana baino handiagoa. Pentsatu ere ez zen erakunde armatu bati zegokion klandestinitate maila izatea, hau da, erakundeko militanteek ohiko etxebizitza uztea, agiri faltsuak ibiltzea aldean, laneko giroarekin haustea… Beharbada, frankismoa luzatu izan balitz FRAPek hortik joko zukeen, baina sasoi hartan ez zegoen horrelako proiekturik. FRAPeko militanteek klandestinitate zorrotzik ez izateak erraztu egin zituen poliziaren sarekadak. Oker ez banago, Espainian hirurogeita hamarren bat lagun atxilotu zituzten eta, horietatik berrogei, Madrilen harrapatu zituzten.

Tartean harrapatu zintuzten zu, polizia bat hil zuen taldeko kide zinelakoan…

70eko hamarkada oso garai latza izan zen. Borroka politikoa oso gogorra zen. Krisia ere, hala ekonomikoa nola politikoa Espainian, oso larria zen. Oina azeleragailuan genuela bizi ginen. 1974, Franco gaixorik, militar zenbait ere disidente... egoera nahasia zen, zeharo, eta dena eman beharra zegoen: presionatu egin behar zen, agitatu, krisia areagotu… Dinamika horrexetan barrena sartu ginen, larrua jokoan jartzen ari ginela jakinik, okerrena gerta zekigukeela jabeturik. Zerrendak ere badira, pintadaren bat egiten ari zela hildako jendearena, edo panfletoren bat zabaltzen ari zena akabatutakoa, edo errepideko kontrolean hildakoa, edo ura eskatzen ari ziren manifestazio batean Granadan garbitu zutena... Hilean behin edo bi hilez behin norbait asasinatzea Erregimenaren paisaiaren parte zen. Atergabea zen tentsioa, eta gu jakitun ginen, bagenekien dinamika hartan uneoro larrua jokatzen ari ginela.

Behin eta berriz eta askotan esan da FRAPek ez zuela aski sostengurik. Gizarteak ez zintuztela babesten…

Gizartea… Gizartearen zein zatik, zehazki? Bada gizartearen zati bat lozorroan dagoena, pisu hila, politikoki garrantzirik gabekoa, baina une jakin batean mobilizatzeko gai izan daitekeena… Gure garaian ere bazen gure borrokarekin bat egiten zuen gizartearen zati bat. Gogoan dut poliziari erasotzen hasi ginenean, guk batere uste ez genuela, informazioa iristen hasi zitzaigula. Jende normala zen, guztiz arrunta: «Nire etxe aurrean polizia bat bizi da», «Halako lekuan polizia bat bizi da», «Guardia zibila dut auzoan»... Harri eta zur nengoen, hainbeste informazio jasorik. Auzo apalenetan batik bat. «Egunero, ordu berean, guardia zibiletako sarjentu bat igarotzen da hemendik». Jende hura neutralitatean bizi zen itxuraz, baina, bat-batean, gurekin kolaboratzeko prest zegoen, faxismoaren kontra gorrotoak erraietaraino jota.

Harrapatu zintuzteten, eta epaitu, baina ohiko epaiketa gabe, gerra kontseilua izan zenuten…

Eskubideak bermatzen zituen epaiketarik ez zen hemen. Francoren Espainiak bere legislazio propioa zuen. Nahikoa zenuen panfleto banaketan ibiltzea, kartzelara sar zintzaten. Lege faxisten araberakoa zen! Banatu orrialde berriemaile edo errebindikatibo bat lantegiaren atarian eta sei urteko kartzela-zigorra erantsiko zizuten, propaganda ilegala banatu zenuela argudiatuz. Legislazio faxista hutsa zen hura, han ez zen eskubiderik kabitzen. Propaganda banatzen ari zinela tiroa jotzen bazizuten, bada, tiroa jaso zenuen, eta kito. Ondoriorik ez. Gerra kontseiluak are okerragotzen zuen egoera, auzitegi militar faxistak izan genituelako aurrean. Inolako defentsa saiorik prestatu ahal izateko lege-zirrikitu bila ibiltzea alferrikako lana zen, justizia militarraren kodeak zirrikituok ezabatu egiten zituelako automatikoki. Gerra kontseilua egiteko moduak berak galarazi egiten zuen legerik norberaren alde baliatzea. Konparazio batera, gure kasuan defentsak 124 froga gauzatzeko eskatu zuen. Hiru heriotza zigor eskatzen zituzten, eta bost ginen prozesatuok. Esan nahi dut, gure abokatuen eskaria ere ez zela neurriz gainekoa, kontuan harturik fiskalaren eskaria ez zela txori-kaka: hiru heriotza zigor, eta hogeita hamarna urteko bi zigor.

Frogarik ez zen gauzatu, inoiz inon irakurri nuenez…

Ez froga daktiloskopikorik, ez balistikorik, ez lekukotzarik... Auziaren komandante instruktoreak ofizioz ukatu zituen froga guztiak, irakurri ere ez zituen egin. Gerra kontseiluaren barruan ginela, konparazio batera, fiskaltza ez zen ustezko pistola bat erakusteko gai izan, Xose Humberto Baenak, ustez, eta omen, atentatu batean erabili zuena. Erran delako pistola hura ez zen gerra kontseilu hartan azaldu ez beste inon, Brigada Politiko Sozialaren argazki batean izan ezik. Fiskaltza ez zen gai izan bere lekukoak, ustezkoak beti, aurkezteko ere. Gure abokatuek beren lekukoak aurkeztuko moduan! Gerra kontseilua defentsa-gabeziarik absolutuenean egin zen. Aretoa Brigada Politiko Sozialeko kidez mukuru zegoen! Nik esatera, abokatuek kontrako giro hartan egin zuten lana kasik heroikoa ere izan zen. Miguel Castells, Benitez Lugo, Fernando Salas, Eduardo Carvajal… chapeau bete zuten beren lana.

1975eko irailaren 27an fusilatuak ditugu Sanchez Bravo, Baena, Garcia Sanz, Txiki eta Otaegi. Zuri, aldiz, zigorra kommutatu zizuten…

Xose Humberto Baenari heriotza zigorra ezarri zioten. Halaber, bigarren gerra kontseilu batean, El Golosoko kuartelean, heriotza zigorra ezarri zieten Jose Luis Sanchez-Bravo Solla eta Ramon Garcia Sanzi. Berdin Txiki eta Otaegiri. Aldiz, Vladimiro Fernandez eta bioi, heriotza zigorra kommutatu eta hogeita hamarna urteko kartzela ezarri ziguten... Bost fusilamendu haiek inork ez zituen gogo onez hartu. Edo kasik inork ere ez. Jendeari iruditu zitzaion marra guztiak gainditu zituela Francoren erregimenak bost lagunak fusilaturik, eta halaxe pentsatu zuen Europako iritzi publikoak ere. Frantzian, konparazio batera, lanuztea eta geldialdia egin zituzten, elkartasunez, urteetan eta urteetan ez bezalakoa.

1977an aske geratu zinen, Amnistia legea tarteko. Ez diozu, hala ere, borrokatzeari utzi…

Irten nintzenetik ari naiz borrokan era batera edo bestera. 1992an PCE (m-l) alderdia desegin genuen nahiz eta Raul Marcok eta beste zenbait kidek bigarrenez berregin 2006an. Siglak hor dira oraindik. Interesgarria da gai hori ere, alderdiaren eredua borroka tresnatzat harturik... Baina bai, honetan eta hartan jardun dut beti, erresistentziaren bideetan barna. Oraintxe, Argentinako kereila dugu langai eta, horrez gain, tartean behin zenbait mintzaldi egin ohi ditut bateko eta besteko zentro errepublikanoetan. Gizarte erresistenteari loturik segitzen dudala esan nezake, nolabait esatearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.