Eusko Jaurlaritzak uste du Udalen Legea ez dela konstituzioaren aurkakoa

Hori argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiari aurkezturiko azalpenetan. Haren ustez, legeak ez du euskara «gaztelaniaren gainetik» jartzen

Kontseiluak maiatzean egindako elkarretaratzea, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak uste du Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Legea, eta zehazki euskararen erabilera arautzen duen artikulua, ez dela Espainiako Konstituzioaren kontrakoa, ez duelako euskara «gaztelaniaren gainetik» jartzen. Hori da behintzat Jaurlaritzak darabilen argudioa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari aurkeztu dizkion azalpenetan.

EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, Voxek aurkezturiko helegite bati erantzunez, zalantzak agertu zituen Udalen Legearen 6.2 artikuluaz. Hizkuntza ofizialak nola erabili arautzen du artikulu horrek, udal akta eta agirietan adibidez; Auzitegi Nagusiaren ustez, Espainiako Konstituzioa urra dezake, «gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala eragotzi» dezakeelakoan. Auzitegiak hamar eguneko epea eman zien bi aldeei gaiari buruzko azalpenak aurkez ditzaten, eta orain iritsi dira Jaurlaritzarenak.

Jaurlaritzak argudiatu du legean euskara ez dela gaztelaniaren gainetik jartzen, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak dagoeneko ebatzi duela udal erakundeek euskara zein gaztelania erabil dezaketela beren arteko harremanetan eta herritarrei eskaintzen dieten informazioan.

Muga bakarra jartzen du Auzitegi Konstituzionalak, Jaurlaritzaren interpretazioaren arabera: erakundeek «beharrezko mekanismoak» ipini behar dituztela, gaztelania erabiltzeko eskubidea «herritarrentzako aparteko zamarik gabe» gauza dadin. Jaurlaritzaren ustez, hori bermatuta dago Udalen Legearen 6. artikuluaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.