PASCALEN ESFERATIK

Leihoan lo

Xabier Amuriza -

2019ko urriak 5
Sentimendua da emozio-multzo prozesatu bat. Emozioak tximistak bezain biziak izan daitezke, eta tximisten formak bezain ezberdinak. Haran zabal baten sakonetik ezin da igarri planeta esferikoan gaudela. Solas zirkular horiek bezala, non ohartzen baitzara denak zain daudela zu noiz isilduko, bakoitza berea kontatzen hasteko. Ez, ez! Inork ez du nahi inoren txarrik, baina bai dela atsegina inoren txarrei ekitea!

Nik diodanak ez du garrantzirik. Bakarrik eragin dezake nirekin ados daudenengan. Zerbaiti buruz denek soluzio bat dutenean edo «dakitenean», soluziorik eza ulertu behar da. Mundua da zeuk konpon dezakezun apur horixe. Zeuk bakarrik konpon dezakezun hori. Jakintsua da beretzat dakiena. Besteei esplikatuz gozatzeko dakienari beti falta zaio zerbait. Zer zela zenioen, Pascal, banitatea? Horregatik ausartzen naiz kalean zerbait galdetzen edonori, bai baitakit jakin nahi dudana baino gehiago jakinaraziko didatela. Zeu norentzat ari zara? Zeure buruarentzat? O! Nire buruak badaki nire berri, bitarteko gabe. Orduan? Orduan, argi dago. Ez dago salbuespenik ere, araua berresteko. Kontraesana! Ba, bai. Kontraesan gabe esplikatu nahi al duzu adimena?

Trenean atzez ikusten duzun buru hori neska edo mutilik politena da. Biratzen denean, iruditzen zenuena gainditzen badu, trenaz maiteminduko zara. Kanpoaz ere bai, burua besoan. Leihoan lo. Zertarako amets egin, amets gehienak amesgaitzak izango badira, edo onenean, ergelkeriak? Ez da gozoa baranoz inguraturik itzartzea.

Desesperazioaren indarra handia da, baina desesperatzeko ere kemena behar da. Iruditzen al duzu izaki jakintsu bat, torturatzen segi eta segi aritzeko gai dena, baliatuz torturatua ez dela hilko, ez korderik ere galduko? Izaki hori existitu da. Gizakia muturreko eta betiko torturara bidaltzeko prest egon zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna