'Naparra. Kasu irekia'

Pauso bat aitortzarako bidean

Idazlea: Jon Alonso. Argitaletxea: Elkar.

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Joan den urtearen amaieran argitaratu zen Jon Alonsoren Naparra. Kasu irekia saiakera iruzkinduko dugu datozen lerroetan. Euskal Herriko historia garaikidea aztertzeko Tene Mujika beka jaso ondotik osatu zuen liburua egile iruindarrak, eta, aztergai gisa, izenburutik bertatik antzeman daitekeenez, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra edo Bakunin militantearen desagerpena baliatu zuen.

Iruditzen zait Tene Mujika bekak beti ematen dituela saiakera sendoak; Xabier Gantzarainen Zuloa edo Kattalin Minerren Moio ditut buruan, adibidez. Jon Alonsoren hau oso testu desberdina da, baina; aurreko beste bienek tonu intimoagoa zuten, egileek jorratzen zituzten gaiekiko zituzten sentimenduak azaleratzen ziren testu haietan. Idazle nafarraren liburu honetan, ordea, begi analitikoz egindako ikerketa plazaratu du Elkar argitaletxeak.

Liburua bi zatitan banatua da: lehen kapituluan, Naparraren militantziaren testigantza ematen da, jardun politikoaren hasikinetatik haren bortxazko desagerpeneraino; eta, bigarrenean, berriz, haren desagerpenaren ondoko 40 urteetako bilaketaren nondik norakoak jakinarazten dira. Horretarako, desagerpenaren inguruko hipotesien errepasoa egiten da. Egilea zientifikotasunera lerratzen da; iturriak arakatu, aipamenak egin, alderatu, eta abar egingo ditu, oso lan kontrastiboan.

Hasierako atalean, lanaren helburua aipatzen du egileak: gertakariaren inguruko hipotesiak errepasatu, eta urtetan eragotzi izan zaion egia aitortzea. Biktimaren ingurukoenganako errespetutik sortutako testua da hau, beraz, hasierako kapituluetan argi geratzen den bezala. Honela azaltzen du berak: «Iruditzen zait semea galdu berri duten aita eta ama bat direla, segurtasun osoz, manipulazio politikoa egin nahi izatearen jokoaren bekatutik libre dauden bakarrak (...). Eta horrek moldatu ditu, neurri handi batean, kasuari buruz dauzkadan iritziak» (96. orr.). Horregatik, Naparraren kontakizunarekiko modu osagarrian, egileak gaztetandik ezagutzen duen familiaren errelatoa desagerpenaren inguruko ikerketarekin alderatzen du. Izan ere, Alonsok hainbat iturri mota kontsultatu ditu lanean zehar: hemeroteka, polizia-ikerketako autoak, epailearen testigantzak eta militantzia-kideen kontakizunak. Baina Naparraren ingurukoen ahotsa biltzeko ere tartea izan du; horrela, irakurleak aurkituko ditu familiakoen eta lagunen nahiz ikaskide-ohien lekukotasunak ere.

Baiki, liburuaren balioa testuinguraketa jardun horretan ere badelako irudipena dut nik; Naparraren bizitzara gerturatzea egitean, aldi berean, garai baten kronika egiten duelako saiakeragileak. Alonsok datu objektiboak eta haiek interpretatzeko gakoak ematen dituenean, egileak aro bateko konplexutasuna irudikatzen asmatzen du. Idazleak iturriak eta sentimenduak elkartzetik lortzen duen testu poliedriko hori bereziki erakargarria gertatu zait niri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.