Migrazioak. Polizia kontrolak

Kanporaketetan parte hartu behar dutela eta, kexu dira langileak Euskotrenen

Abuztuaren 2an enpresak barne komunikazio bat helarazi zien; ipintzen du bidaia txartelak «eman» behar dizkietela Poliziak kanporatutakoei

Euskotrenen Hendaiako geltokia. ISABELLE MIQUELESTORENA.
arantxa iraola
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Udan LAB sindikatuak salatu zuen Euskotreneko Hendaiako geltokiko (Lapurdi) langileei enpresak «agindu» egin ziela trenerako txartelak «emateko» Poliziak mugan kanporatutako migratzaileei. «Euskotreneko langileak behartuak dira pertsona desplazatu horien aurka ekitera», salatu zuen LABek. Horrek langileei ezinegona eragin ziela adierazi zuen. Ordutik, aldaketarik ez dela egon esan du orain sindikatuko ordezkari Ekaitz Telleriak. Geltokiko langileek deseroso jarraitzen dutela berretsi du, eta enpresak argibide nahikorik ez duela eman langileak prozedura horietan aritzera behartzeko dagoen lege euskarriaz: «Ez dakigu legezkoa den».

Enpresak —Gipuzkoako trenbidearen ustiapen arduradunak izenpetuta dago agiria— langileei barne komunikazio batean eman zizkien aginduak, abuztuaren 2an. Lehenbiziko puntuan jartzen du «Frantziako jendarmeriak kontrolak egiten dituenerako» irizpideak direla, «egoera irregularrean» dauden pertsonak itzultzeko. Bigarren puntuak esaten die langileei zer egin: «Gure langileek pertsonari transfer txartela emango diote hurrengo geltokian jaitsi ahal dela adieraziz». Telleriaren esanetan, agindu horien araberako jokaera eskatzen diete ordutik poliziek langileei: «Esaten diete: 'Hartu jende hori, eman txartel bat, eta gonbidatu Irunen jaistera'».

Irundik aurrera ezin jarraitu

LABeko ordezkariak esan du zenbaitetan geltokian bertan ipintzen dela Frantziako Polizia, eta hantxe bertan atzera kanporatzen dituzten migratzaileei eman behar izaten dizkietela geltokiko langileek txartelak. Beste zenbaitetan, ordea, poliziak geltokira iristen dira beste kontrolen batean atzemandako migratzaileekin. Haiei ere txartelak eman behar dizkiete: «Euskotrenen etorri ez diren migratzaileak ere eraman behar izaten dituzte». Horrek langileen zalantzak areagotu ditu. Aski deserosoa da treneko langileentzat migratzaileek Irunen jaitsi behar dutela kontrolatu beharra ere. Badira, esaterako, behin trenean sartuta Bilborainoko asmoa erakusten duten bidaiariak. «Langileak ezin dira horiekin borrokan hasi».

Prozedura horien inguruko kezka agerian utzi dute hainbat eragilek. Eusko Legebiltzarrera eraman ditu horri buruzko itaunak EH Bilduk; Jasone Agirre legebiltzarkideak paratu ditu, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek erantzuteko. Mugan bertan egiten diren kanporatzeak autonomia erkidegoak bere gain dituen eskuduntzetatik «haragokoak» direla erantzun du Artolazabalek: «Estatuarenak dira». Adierazi du Jaurlaritzak Euskotreni eskatu dizkiola argibideak, eta jaso dituela. Aitortu du migratzaileen ingurukoak ebazteko eratuta dagoen erakunde arteko mahaian ez dutela aztertu Hendaiako geltokiko gaia. BERRIAk gaiaz galdetu, eta ez du deus erantzun enpresak.

Irungo harresia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.