Zelai Nikolas. Gure Esku Dago-ko bozeramailea

«Herritarron indarrean sinetsi behar dugu»

Dinamikako eledunak uste du erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida «normaltasunez» zabaltzeko pausoak ematen direla galdeketetan hautetsontziak kalera ateratzen diren bakoitzean.
JUANAN RUIZ / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko maiatzak 8
Igandeko herri galdeketetako parte hartzearekin pozik dago Zelai Nikolas Gure Esku Dagoko eleduna (Barrika,Bizkaia, 1968). Ekainaren 10eko giza kateari begira jarri da jada.

Zer balorazio egiten duzu igandeko galdeketen inguruan?

Oso positiboa. Arrakasta bat da herritarren lanari esker eta tokian tokiko baldintzetara eta zailtasunetara egokituz hautetsontziak kalera ateratzea. Erabakitzeko kulturari eta ariketari esker, herritarrak ahalduntzen ari dira. Agerian geratzen ari da erabakitzeko eskubideak ez duela jendea banatzen; aitzitik, hainbat sentsibilitatetako jendea biltzeko topagune da. Herri galdeketa bat egiten dugun bakoitzean, orain arte lokatzean zegoen eztabaida hori normaltasun osoz zabaltzea lortzen ari gara. Esan dezakegu erabakitzeko eskubidearen eztabaida normaltasun osoz heldu dela Euskal Herriko biztanleen heren batera.

Azaroaren 18an, Donostian eta Irunen egingo dira herri galdeketak. Donostia lehen hiriburua izango da gisa horretako galdeketa bat antolatzen duena.

Erronka handia da, normaltasun demokratikoa herrietatik hiriburuetara pasatuko delako. Donostiatik ikasiko dugu Gasteiz eta Bilbora salto egiten. Zailtasunez betetako urratsa da, dudarik gabe, eta herritarrei dei egiten diegu ariketa horrekin bat egitera. Erronkak berak lagunduko digu bidean topatuko ditugun zailtasunei aurre egiten.

Galdeketa horiek baino lehen, bestelako erronka handi bati helduko diozue: Donostia, Bilbo eta Gasteiz batuko dituen giza kate bat egingo duzue ekainaren 10erako. Zergatik?

Batetik, hiriburuak lotu nahi ditugu. Bestetik, uste dugu Eusko Legebiltzarrean estatus politikoaren inguruan zabalik dagoen eztabaidak erabakitzeko eskubidea izan behar duela ardatz, eta hor ireki daitekeen atea mesedegarria izan daitekeela Euskal Herri osoarentzat. Horregatik planteatzen dugu giza katea Euskal Herri mailako mobilizazioa izatea.

Nora jo behar dute katean parte hartu nahi dutenek?

Izena eman daiteke Gure Esku Dagok herriz herri dituen lantaldeetan edo gizakatea.eus webgunean bertan. Oso garrantzitsua da izena lehenbailehen ematea, antolaketa lanak oso konplexuak baitira.

Gero, giza katearekin islatu nahi den aldarrikapena edukiz bete nahi duzue Herritarron Itunarekin.

Itun horretan, 2019 arrazoi bilduko ditugu zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun azaltzeko. Herritarron beharrak eta ilusioak bilduko ditugu dokumentu batean, Euskal Herrian, lehen aldiz. Gero, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko tresna politikoak dituzten erakundeen esku utziko dugu: hau da, Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren esku. Ipar Euskal Herriko eragileekin ere partekatu nahi dugu gogoeta hori.

2019an ezarri duzue jomuga, orduan atea irekiko baitzaio aro berri bati.

Urte horretan, hauteskunde ziklo bat zabalduko da, eta alderdi politikoek eskaintzak egingo dituzte erabakitzeko eskubidearen gainean. Herritarron borondateaz harago, eremu politikoan ere posible izango da gai horren inguruan normaltasunez hitz egiten hastea. Ziklo berri horretan, zenbait aukera irekiko dira, eta herritarrok aukera horiek baliatu behar ditugu, erabakitzeko eskubidea errealitate bilakatzeko; herritarron esku dago, finean. Herritarrok geure indarrean sinetsi behar dugu. Ostiralean Kanbon egin zen ekitaldian ere eredugarritzat jo zuten euskal gizarteak daukan indarra. Bakegintzan lortu bada urrats eraginkorrak egitea, hein handi batean euskal gizarteak izan duen jarreragatik izan da. Horretan aurrera egitea lortu badugu, gure etorkizuna erabakitzea ere lortuko dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna