mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Erabaki politikoak

2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Brittney Griner saskibaloiko izarraren eta Viktor But mende honetako arma trafikatzaile ezagunenetakoaren arteko preso trukea gauzatu zuten atzo Etxe Zuriak eta Kremlinek.

Trukeak bi herrialdeen arteko hitzarmen batean du oinarri legala, baina egiteko erabakia guztiz politikoa da. Grinerrek eta Butek egindako delituen artean dagoen aldea alimalekoa da, eta Grinerrek egindako lege urraketak AEBetan eta bertze herrialde anitzetan jasoko lukeen zigorra —jasotzekotan— ez da inondik ere konparagarria Errusiako Justiziak emandakoarekin —bederatzi urteko espetxealdia, zigarro elektronikoan erretzeko kalamu olioa eramateagatik—. Horregatik, Etxe Zuriak baloratu du politikoki jasanezinagoa zaiola entretenimendu industriako izar bat arrazoi horregatik Errusiako espetxe batean usteltzen uztea, bere garaian etsai publikoen zerrendan goitiko postuetan zuen arma trafikatzaile baten 25 urteko zigorra erditik etetea baino.

Euskal Herrian ohikoak dira zuzenbide estatua arau mugiezinak idatzita dituen liburu sakratu baten gisa aurkezten duten diskurtsoak, izaera politikoa duten auziak blokeatuta uzteko: karta bat mugituz gero, demokraziaren eta bizikidetzaren gaztelu osoa goititik beheiti eroriko omen litzateke. Etxe Zuriak 25 urteko espetxealdira zigortutako arma trafikatzaile bat utzi du Errusiaren esku. Kritikak jaso ditu, baina ez du ematen karta gaztelua deseginen denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.