EZPELAREN SITSA

2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Zer da?

Intsektu espezie inbaditzaile bat da, Cydalima Perspectalis espeziekoa. Larba fasean, 1 edo 2 milimetro luze dira; helduaroan, berriz, sitsek 4 zentimetro izan ditzakete. Beldarrek berde kolorekoa dute gorputza, eta burua, beltza. Sits helduek, berriz, gorputz zurixka dute, burua eta abdomena izan ezik, horiek marroiak baitira. Hegalen aurrealdea zuria da, baina marra marroi ilun bat dute ertzean, eta puntu zuri bat atzealdean.

Nondik dator?

Asiatik. Ohikoa da Txinan, Japonian eta Korean. Adituek uste dute jatorria Ipar Korean izan dezakeela. Klima epelak eta subtropikalak behar ditu ugaltzeko.

Nola iritsi da Euskal Herrira?

Globalizazioaren ondorioz. Txinatik eta Asiako beste herrialde batzuetatik inportatutako zuhaixka eta landareetan iritsi zen Alemaniara eta Herbehereetara, 2007an. Handik, Suitzara, Frantziara, Ingalaterrara eta Austriara hedatu zen. Euskal Herrian, Bidasoaldean eta Pirinio inguruan antzeman dute batez ere, 2014tik aurrera.

Nola eragiten dio ezpelari?

Cydalima sitsek ezpeletan jartzen dituzte arrautzak. Larbak ateratzen direnean, hostoak jaten dituzte, eta landareen defoliazioa eragiten dute. Kalterik larriena, baina, enborretan eragiten dute: azala urratzen dute beldarrek, eta, horren ondorioz, landarea idortu eta hil egiten da. Ezpelaren desagertzeak eragin oso kaltegarria izan dezake ingurunean; besteak beste, suteak hedatzea erraztu eta bizkortu dezake, eta beste animalia espezie batzuei ere egiten die kalte.

Nola detektatu daiteke?

Zaila da ezpelaren sitsak detektatzea, larba estadioko lehen faseetan, bereziki, hostoen artean ezkutatzen direlako. Gerora, zuhaitzaren kanpoaldera ateratzen dira elikatzeko, eta errazagoa da beldarrak antzematea. Normalean, intsektua bainoago, zuhaitzetan eragindako kalteak detektatzen dira —jandako hostoak, bereziki—, metamorfosi prozesuan utzitako mudak, edota gorozkiak.

Nola egin aurre?

Ez dago neurri erabat eraginkorrik. Pestizidak, esaterako, oso arriskutsuak dira, gainerako espezie eta landareei ere eragiten dietelako. Hortaz, eragotzi nahi dena baino are kalte handiagoa sor dezakete. Hainbat udalek, bestalde, tranpak paratu dituzte zuhaitzetan, sits arrak harrapatzeko. Hegazti intsektujaleak ere erabili dituzte, baina sits inbaditzaileen hazkunde jarraituak gainezka egin die oraingoz.

Aukerarik ez dago, beraz?

Adituek planteatu duten neurrietako bat da ezpel autoktonoen haziak eta larbarik ez duten zuhaixkak gordetzea, izurritea pasatzen denean berriz landatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.