Ibai: «Har nezakeen erabakirik onena da Athleticera itzultzea; oso pozik nago»

Erdilaria baikor azaldu da, eta uste du talde zuri-gorria zulotik aterako dela. Aitor Elizegi presidenteak jokalariaren jarrera eskertu du

Ibai Gomez, atzo San Mamesen egindako aurkezpenean. MIGUEL TOÑA / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Athleticera itzultzeagatik «harro eta eskertuta» mintzatu zen atzo Ibai Gomez, bere aurkezpenean. «Har nezakeen erabakirik onena da; oso pozik nago. Erabakiak bihotzarekin hartzen direnean, halako gauza ederrak gertatzen dira», adierazi zuen.

Santutxuko erdilaria San Mamesen aurkeztu zuten, 2022. urtera arteko kontratua sinatu eta gero. Talde zuri-gorrira bueltatzeko prozesua «nahiko erraza» izan dela nabarmendu zuen: «Oso gustura nengoen Gasteizen. Bi urte eta erdi ahaztezin igaro ditut han. Baina Alaveseko buruekin hitz egin, eta, nituen eskaintzak kontuan hartuta, ikusi nuen Athleticera itzultzea zela egokiena. Talde honengatik sentitzen dudana erabakigarria izan da horretarako». Erdilariak ez du etete klausula izango, eta, horren arrazoiaz galdetuta, zera erantzun zuen: «Hau nire etxea da, eta zure etxean zaudenean ez duzu joan nahi. Horrenbestez, ez du zentzurik etete klausulei buruz hitz egiteak».

Alavesen emandako bi sasoi eta erdian asko aldatu dela onartu zuen: «Fisikoki eta mentalki beste bat naiz. Hazten lagundu didan jendea ezagutu dut, eta aldatu egin naizela erakutsi nahi dut zelaian. Dena emango dut talde honen alde, aurreko aldian egin nuen gisan».

Athletic egoera zailean dago ligan, jaitsiera postuetatik bi puntura. Baina horrek ez du «ez kezkatzen eta ez beldurtzen»: «Beldurtuta edo kezkatuta egongo banintz, ez nintzen etorriko. Ziur nago egoera iraultzea lortuko dugula. Azken hilabetean sentipenak desberdinak dira, taldea batuago eta ordenatuago dago, eta, hala jarraituz gero, emaitzak iritsiko dira. Aurreko sasoian, egoera zailagoan geunden Alavesen, eta zulotik irtetea lortu genuen».

Aitor Elizegik presidente denetik egin duen lehen fitxaketa da Ibai, eta pozik zegoen horregatik:«Kirol mailan asko emango digu, eta, gainera, izugarrizko borondatea erakutsi du Athleticera bueltatzeko. Horrek klubaren inguruan eman nahi dugun mezua indartzen du».

Antzera mintzatu zen Rafa Alkorta kirol zuzendaria: «Bi aldeek ahalegin handia egin dugu, eta, orain, jokalaria gustura egotea eta gauzak ondo ateratzea da garrantzitsuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.