LEKU-LEKUTAN

Brian Stowell

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko urtarrilak 27
Hogei urte baino gehiago dira Irlandan egindako egonaldi luzeena egin nuela, hilabetez Ipar Irlandako sei konderrietan. Goizero Belfasteko Falls Roaden gora eta behera, Culturlann kafetegi-liburudenda topagune bihurtuta. Han erositako liburuxka txiki bat ekarri nuen etxera: A Short History of the Manx Language (Manxeraren historia laburra). Zenbateraino txunditu ninduen liburuxkak, euskaratu ere egin nuen, sekula argitaratu ez bazen ere. Handik urte batzuetara Brian Stowell liburuxkaren idazlearekin sare sozialen bidez egin nuen harremana, eta are pertsona itzelagoa begitandu zitzaidan. Tamalez sekula ez nuen aurrez aurreko solasaldi bat izan; joan den astean hil zen «manxeraren berpizkundearen erraldoia» deitu dutena.

Irlandako itsasoaren erdian dago Maneko uhartea (Ellan Vannin manxeraz); ez da Erresuma Batuko zati —edo Europako Batasuneko, brexit-ik gabe ere—, Koroaren dependentzia baizik. Hau da, erreginak ordezkaria dauka, baina burujabetza osoz dihardu Manek; Tynwald izeneko parlamentua etenik gabe dabilen munduko legebiltzar zaharrena da. Maneko aitortza ofizial gorena, Tynwald Honour izenekoa, 2010ean jaso zuen Brian Stowellek.

Ehun orrialde baino gutxiagoan, Irlanda eta Eskoziakoaren ahaide zen hirugarren hizkuntza gaelikoaren sorrera, gorakada, gainbehera eta ia desagerpenerainoko bidea kontatzen zuen liburuxkak. Beste hainbatetan gertatu dena, bestalde: komunitate batek berea duen hizkuntza, kanpoko hizkuntza handiago batekin harremanak hastea, eta indar politikoek, militarrek, edo ekonomikoek gidatuta eta eskolak edo Elizak sustatuta, norbere hizkuntza iraganaren sinonimo bihurtzen da. Atzerakada dator, modernizaziorako galga baita, baita irain eta trufarako motibo ere.

XIX. mendearen bigarren erdialdean gertatu zitzaion hori manxerari: 1874an, biztanleen %30ek zekiten; 1911n, ez ziren %5 ere.

XX. mendean transmisioa etenda eta desagerpenaren aurrean, ordura arteko jarrera aldatu zen —hizkuntzaren azken hatsean gertatu ohi denez—: urtetako umiliazioen ostean, hizkuntza zaharra «altxor» edo «ondare» bihurtu zen, iragan erromantiko baten ispilu. Ikertzaileak azken hiztunak elkarrizketatzen hasi ziren, eta Irlandaren independentziak bultzada berri bat ekarri zuen: Eamon de Valera Irlandako lehen presidenteak sustatuta grabazioak egin zituzten. Hala ikasi zituen Brian Stowellek irlandera eta manxera. Eremu zientifikoan onargarri zena, baina, eszentrizitate hutsa zen sozialki planteatzea: hizkuntza berriz mintzatzea eta transmititzea. «Puristek ariketa akademiko moduan hartu zuten; Brianek, berriz, esaten zuen: 'Nik hizkuntza bizitzea nahi dut, periferiako hori guztia oso interesgarria da, baina nik interes handiagoa daukat egunero erabiliko dituen hitzak eta hiztegia ematen jendeari'», gogora zekarren egunotan Phil Gawnek.

Hala ikasi zuen talde txiki batek manxeraz, azken hiztun haiekin orduak eta orduak ematen, eta Brian Stowellek irlanderatik manxerara itzulitako ikas-materialekin. 1974an, Ned Maddrell, manxeraz etxean ikasi zuen azken hiztuna hil zenean, baziren hiztun berriak. Kornuaselleraren berpizkundean baino zorionekoagoak izan dira: Kornuallesen XVIII. mendean hil zenez azken hiztuna, eztabaidak izan dituzte hizkuntza-ereduari buruz; manxeraz, berriz, katea ez da sekula eten.

Stowellek kantu zaharrak bildu, berritu eta bere ahotsez kantatu eta grabatu zituen. Ipuinak idatzi, Alice lurralde miresgarrian itzuli, eta haurrentzako materialetatik eleberriak idaztera ere jo zuen. Duela hilabete, aspaldi eskatu zioten autobiografiaren azken bertsioa bidali zuen, manxeraz. Hedabideetan leku txiki bat lortu du, hogei urtez Brian Stowellek berak gidatu izan zuen Moghrey Jedoonee irratsaioak. Horixe, Kornuallesekiko bigarren aldea: burujabe izatea, eta ez Ingalaterrako konderri soil bat. Eta txikitasunak dena errazten du beti (Small is beautiful!).

Hasierako errezeloen ostean, seinale elebidun batzuk agertu ziren 80ko hamarkadan, eskoletan hautazko ikasgai bihurtu zen zenbait gurasok eskatuta, eta erabat manxeraz diharduen Bunscoill Ghaelgagh murgiltze eskola bat ere badago 2001etik (Bigarren Hezkuntzan badihardu dagoeneko). 2009an Unescok manxera «hildako hizkuntza» izendatu zuenean, Bunscoill Ghaelgaghetik hainbat gutun bidali zituzten umeek eurek ikasten eta mintzatzen zutena bizirik zegoela aldarrikatzeko, eta erakundeak atzera egin zuen.

Nazio txiki bat urez inguratuta, burujabetza politikoa, komunitate trinkoa, eta helburua argi daukan eta lanerako prest den pertsona-talde eraginkorra. Horiexek, manxeraren berpizkundearen giltzetako batzuk. Ned Maddrellekin itzali behar zuen sua goxo hauspotzen asmatu zuen Brian Stowellek, eta egun ba omen dira ia bi mila lagun manxera hiztunak edo ulertzen dutenak. Uharteko biztanleen %2 dira (konparaziora, Eskozian gaelikoz dakitenak baino gehiago). Eta XIX. mende amaieratik lehen aldiz seme-alabei manxera transmititzen dieten gurasoak daude, jatorrizko hiztunen belaunaldi berri bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna