Brasilgo Munduko Kopa. B multzoa. Julen Lopetegi. Portoko entrenatzailea

«Eredu hau ez dago Munduko Kopako emaitzaren mende»

Azkeneko bi Eurokopa eta Munduko Kopa irabazi ditu Espainiak, eta jokatzeko eredu jakin batek eraman du garaipenen bidera. Ondo ezagutzen du jokatzeko eredu hori Julen Lopetegik, lau urtez, 2010etik 2014ra bitartean, herrialde horretako gazte mailako selekzioen entrenatzaile izan baita.

«Eredu hau ez dago Munduko Kopako emaitzaren mende».
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Lanez gainezka dabil Julen Lopetegi (Asteasu, Gipuzkoa, 1966). Portok (Portugal) fitxatu zuen duela hilabete, eta denboraldi berria prestatzen dabil. Tartetxoa egin du telefonoz solasaldia izateko, eta Espainiako selekzioaren jokatzeko ereduaz aritu da. Aldekoa da, gustatzen zaio: «Azken urteetako garaipenak lortzeko funtsezkoa izan da, eta errespetua merezi du».

Zein dira Espainiaren jokatzeko ereduaren ezaugarri bereizgarrienak?

Baloiarekin eraso egitea eta baloiaren defendatzea dira jokoaren ezaugarri nagusiak. Erasoan, non eta nola eraso egin behar den ere oso kontuan hartzekoa da, eta gero, jakina, nola defendatu behar den ere bai.

Eredu honek ezaugarri on bat du: baloia edukitzea lehenesten du. Eta txarrik ba al du?

Joko estilo guztiek dauzkate ezaugarri on eta txarrak, eta talde guztietan hau behar da: ereduaren alderdi onak ateratzea eta txarrak nola edo hala ezkutatzea. Gero, jakina, eredu bat jokalarien ezaugarrien arabera moldatu behar da.

Espainiak dituen jokalarientzat, hauxe da eredu egokiena?

Entrenatzaileak erabaki behar du hori. Azkenaldian, jokalari oso teknikoak azaldu dira Espainian, eta horien inguruan antolatu da gainerako guztia.

Ona da selekzio bat eredu jakin batekin bakarrik lotzea?

Ona edo txarra den ez dakit, baina Espainiaren kasuan ona izan da eredu hau erabiltzea, haren inguruan azaldu eta lortu delako dena. Jokalari jakin batzuk aukeratzeko orduan ere lagungarria da eredu jakin bat edukitzea.

2008an hasi zen Espainia eredu hau erabiltzen. Lehen beste era batera jokatzen zuen. Zergatik izan zen aldaketa?

Entrenatzaile bakoitzaren lana da gauzak hobetzea eta aldatzea. Gero, asko zaindu behar du zein jokalari ateratzen ari diren taldeetan, nolako ezaugarriak dituzten. Luis Aragones hasi zen eredu hau erabiltzen, jokalari mota bat elkarren ondoan jartzen: Xavi, Iniesta, Silva... Eta horien inguruan azaldu da gainerako guztia.

Orduko estilo hura eta oraingoa bera dira?

Jokalariak aldatu egin dira. 2008ko batzuk hor daude oraindik, baina beste batzuk berriak dira. Jokalariak aldatzen diren neurrian, ez daude bi talde berdin. Oso antzekoak dira, hala ere. Jokalari eredua ez da aldatu, azken batean, eta horrek asko zehazten du eredua.

Ez al zen 2008ko talde hura orain baino zuzenagoa eta azkarragoa baloia edukitzeari etekina ateratzeko lanean?

Aldaketa asko ez daude. Jokalariak aldatu dira, baina antzekoak dira ezaugarriei dagokienez. Xavi eta Iniestaren inguruan eratu da dena, eta, bi jokalari horien ezaugarriak zein diren ikusita, eredua ez da hainbeste aldatu.

Eredu baten iraupena emaitzen mende dago?

Ez luke hala izan behar. Espainiak aukerak dauzka gauzak ondo egiteko Munduko Kopa honetan, baina zer gertatuko den ez dakigu; ez gara igarleak. Egia da emaitzak baldintzatu egingo duela eredua, futbol mundua nolakoa den badakigulako. Baina eredu honekin lortu dira sekulako garaipenak, eta horrek errespetua merezi du. Irabazi edo ez, irabaztearen mende ez dago. Azken batean, beti irabaztea oso zaila da.

Espainiaren inguruan dabiltzan komunikabideen ezaugarriak ikusita, ez duzu arriskuan ikusten eredua, emaitzak onak ez badira?

Iritziak dira, azken batean. Toki guztietan asko hitz egiten da futbolaz, eta normala da kritikak izatea. Beste kontu bat da eredua aldatzeko erabakia hartu behar duenak gauzak garbi edukitzea.

Jokatzeko eredu perfektua al da hau?

Ez. Eredu guztiak dira onak, eta, aukeratzen duzuna aukeratzen duzula, hobetuz joan behar duzu, gaurkotuz, aldaketak sartuz...

Espainiako Ligan modan jarri ez ote den Atletico Madrilen eredua... Horrek arriskuan jar lezake selekzioaren eredua?

Futbolaren aberastasuna horixe da, eredu asko daudela, eta bakoitzak aukeratzen du berea. Ez dago egia absoluturik. Taldean dauzkan jokalarien arabera eta bere sentimenduen arabera aukeratzen du entrenatzaileak eredu jakin bat. Eta, lan ona eginez gero, emaitzak onak izango dira.

Munduko Kopa honetan, multzoko kideak antzekoak izango ditu Espainiak, ereduaren aldetik. Multzo honek ikusteko modukoa izateko itxura dauka, ezta?

Txile oso ausarta da. Marcelo Bielsaren ezaugarriak dauzka oraindik, eta, orain, Jorge Sampaoli ere oso lan ona ari da egiten. Bizkorrak dira jokalariak. Herbehereen eredua ere ezagutzen dugu, eta, oso jokalari gazteak eduki arren, talde ona da. Munduko Kopa ona ikusiko dugu: partidak politak izango dira, eta gogorrak.

Lan ona egingo du Espainiak?

Talde ona da, eta esperientzia handia daukate jokalariek. Gero, gauza bat da txapelketa ona egitea, eta beste bat irabaztea.

Jokalari batzuk ez dituzu nekatu samar ikusten?

Selekzio guztietan egongo dira nekatuta. Horretan, pare-parean heltzen dira talde guztiak.

Vicente del Bosquek esan du bere jokalariei gosea falta zaiela garaipenak lortzeko. Hori izan liteke arazo handiena?

Jokalariak behin Brasilen direla, gosea eta ilusioa bete-betean izango dute, dudarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.