Errusiako Munduko Kopa. D multzoa. Juan Gomez. Realeko jokalari ohia

«Selekzio honek amets egiteko aukera ematen digu argentinarroi»

Leo Messiren alde egin du Juan Gomezek, eta Jorge Sampaoli entrenatzailearen lana ere nabarmendu du. Txapelketa irabazteko lau hautagaien artean jarrita dauka Argentina.

«Selekzio honek amets egiteko aukera ematen digu argentinarroi».
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Gustura hartu du Euskal Herritik egindako gonbidapena Juan Gomezek (Curuzu Cuatia, Argentina, 1971), Munduko Kopaz eta Argentinaz hitz egiteko. Lau denboraldi egin zituen Realean 1996tik 2000ra arte, eta, orain, Esteban semea ari da Real Union B taldean jokatzen.

Argentinarra izanik, Munduko Kopaz hasteko irrikaz egongo zinen, ezta?

Bai, jakina. Gainera, izan naiz hainbat Munduko Kopa ikusten. Esate baterako, Frantziakoa, 1998koa, Realean nengoenez, bertatik bertara izanda, partidak ikustera joan nintzen Bordelera eta beste toki batzuetara. Bestela, telebistan ikustearen zalea naiz, partida guztiak ikusteko aukera egoten baita.

Ez du ematen baikortasun eta poz handirik dagoenik Argentinako selekzioaren inguruan. Hala da?

Oso ohikoa da hori argentinarrengan, abilak baikara geurea birrintzen. Beti ari gara etxe barrukoa gutxiesten. Munduko jokalaririk onena dugu, mundu osoan miretsia baina Argentinan ez hain onartua. Absurdoaren pareko zerbait iruditzen zait Messiri eskatzea Maradonak egindakoak egiteko. Baina Munduko Kopa gerturatuz joaten den heinean, argentinarrok elastikoa janzten dugu, eta jokalariek poz handiren bat emango diguten itxaropena pizten zaigu.

Zergatik ez da maitatua Messi Argentinan?

Messik ez du argentinarra ematen, eta, nire ustez, izaeragatik, gehiago ematen du espainiarra dela. Iniesta, Xavi eta horien parekoa da. Oso umilak dira munduko onenak izanagatik ere. Argentinarrok geure idoloak birrindu egiten ditugu, eta uste dut gaixotasuna dela. Zorionez, gaitz horrek ez nau harrapatu, eta Messiren zalea naiz. Gainera, oso pertsona ona da, onegia aukeran.

Gauza bera gertatzen zitzaion Maradonari?

Gauza bera, bai. Maitatua eta gorrotatua zen, aldi berean. Baina bi pertsona ezberdin dira, eta ezin dira alderatu. Argentinan beti ibiltzen gara alderaketak egiten, eta Maradonak inposatu egiten zuen bere jokatzeko moduarekin eta izaerarekin. Messiri gauza bera eskatzen zaio, baina ez dute nortasun bera. Messi Maradona bezain ona edo hobea da jokoan, baina ezberdinak dira izateko eran. Messi Espainian hazi da, eta hazkuntza prozesua ezberdina izan da Maradonak izan zuenaren aldean. Messiri eskatzen zaio taldea bizkar gainean hartzeko, aurkariak botako duen penaltia geratzeko, eta segituan erasora joan eta gola sartzeko.

Argentinako selekzioa zer da: Messi eta beste hamar?

Ez. Talde ona da.

Zer iruditzen zaizu Jorge Sampaoli?

Ona. Txileko selekzioan lan ona egin zuen, eta emaitzak lortu zituen, lanari esker. Badut fedea harengan. Aurreko Munduko Kopan oso gutxi falta izan zitzaigun txapeldun izateko, eta uste dut selekzio honek ere amets egiteko aukera ematen digula.

Azkeneko txapelketa aipatu duzunez, merezi izan zuen finala irabaztea Argentinak.

Bai. Oso gertu egon ginen, finalean Alemania baino hobeak izan baikinen, baina futbola honelakoa da. Alemania munduko hiru selekzio onenen artean dago. Handia izango zen Argentinak Brasilen Munduko Kopa irabaztea, ametsa guretzat, baina ezin izan zen.

Munduko Kopa irabazita hasiko lirateke Messiri duen balioaren neurria ematen Argentinan?

Bai, dudarik gabe. Argentinarra arrakastazalea da. Begira, Munduko Kopa guztiak nahi izaten ditugu irabazi aldez aurretik, baina bi bakarrik ditugu irabaziak, 1978koa eta 1986koa. Finaletan ere lautan bakarrik egon gara. Messiren kasuan, uste dut, denborak jarriko duela bere lekuan argentinarrek hari begiratzeko dioten ikuspegi okerra.

Islandia, Kroazia eta Nigeria ditu multzo lagun Argentinak. Zer itxura hartzen?

Zailtxoa ematen du. Hasieran, aurkarien izenengatik ez du zaila ematen, baina gaur egun futbola oso lehiakorra da, oso fisikoa. Bakarkako jokaldiek sekulako garrantzia dute. Uste dut oso zaila izango dela guretzat lehen fasea.

Kalean geratzeraino hasieratik?

Ez nuke hainbesterako izatea nahi, espero dezagun aurrera egitea. Bestela, Messi gizagaixoa.

Faboritoak txapelketan, betikoak?

Espainia dago aurretik, eta, gero, Alemania, Frantzia eta Argentina.

Ezusteak zein?

Ezusteak ezustean geratzen dira ia beti. Txapelduna betikoren bat izango da. Ezustea Afrikako selekzioren batek eman dezake.

Zuk ez zenuen inoiz jokatu Argentinako selekzioan.

Sekula ere ez, ezta gazte mailetan ere. Hedabideetan atera zen gertu egon nintzela Frantziako txapelketara joateko, Passarella orduko entrenatzailea ni ikusten egon zela, eta abar... Baina oso zaila zen ni Argentinarekin Munduko Kopan izatea, Realean bainengoen, eta Reala ez da mundu mailako talde handietako bat, zoritxarrez. Jokalari guztiok maila apalekoak ginen.

Izango duzu, bada, pena selekzioarekin ez jokatu izanaz.

Ez pentsa. Gustatuko litzaidake jokatzea, baina nik beti ikusten dut edalontzia gainezka, ez naiz begira egoten albokoak zer duen eta zer ez. Gauzak okertzen direnean ere aurrera beti, eguzkia egunero ateratzen delako. Oso pozik nago dudanarekin, eta uste dut ibilbide ona egin nuela, nik amestu nuena baino hobea, eta oso pozik eta ase nago egindakoarekin.

Ez baitu edozeinek jokatzen River Plate, Reala eta Atletico Madrilen, ezta?

Hala da. Behetik gora joan nintzen: Argentinos Juniorsetik River Platera; handik Realera, sekulako urrats garrantzitsua eginez; eta azkenik, Atletico Madrilera. Realetik joan nintzen Javier Clementek ez ninduelako nahi Realean. Aurretik, hirutan etorri zitzaizkidan bila Atleticokoak Realean nintzela, eta eskerrak eman baina Realean geratu nintzen.

Realeko zaleentzat oso maitatua izan zinen.

Argentinako jokalariak arrastoa uzten du dagoen lekuan, dena eta gehiago ematen duelako zelaian. Izango da ona edo txarra teknikoki, baina jarrera aldetik beti ibiltzen da topera. Uste dut Realeko zaleek, adibidez, horregatik maitatu izan nindutela hainbeste. Realean aurkezpena egin nuenean zintzo esan nuen esan nuena: «Zelai guztiak bustiko ditut nire odol tanta bakoitzarekin». Eta konpromiso horri ez nion sekula hutsik egin. Gero, taldea maitatzera heldu nintzen, baita hiria ere. Beti esaten dut Reala maite dudala gehien. Semerik zaharrena Donostian jaio zen, eta ondorengoen izenak euskaldunak dira: Andoni, Iñaki eta Maite.

Beti esaten duzu zoriontsu izan zinela Realean.

Hala izan zen, eta oso oroitzapen on asko dauzkat. Ia etxean bezala egon nintzen, eta ea egunen batean Realera itzultzen naizen.

Donostian egon zara futbola utzi zenuenetik?

Bai, askotan. Donostiara joan gabe ezin naiz egon. Jendeak ezagutu egiten nau, eta barru-barruko poza ematen dit.

Reala jokatzen ikusten duzula esango nuke, hortaz.

Bai. Denboraldi ona ez da izan Realarena, baina hau futbola da, eta orain saiatu egin behar da egoerari buelta ematen.

Zein azkar aldatzen den talde bera denbora gutxian. Ikusi Reala duela urtebete pasa, eta begira denboraldi honetan.

Realaren onena zaleak dira. Egoera txarretan taldearen alde segitzen du. Tokatu izan zitzaigun bolada txarrak bizitzea, eta zaleek gurekin jarraitu zuten.

Aukeraren bat ere izan duzu Realarentzat lan egiteko, ezta?

2010ean izan zen, eta Lorenekin hitz egitera ere joan nintzen Donostiara. Baina gaur arte. Eta ez zen diruagatik izan, Reala tartean egonda dirua ez delako arazo izango niretzat. Ametsa da niretzat Realean lan egitea, eta beteko da egunen batean, agian. Hitz egin dut Roberto Olaberekin, eta esan diot begiak eta hitzak behar badituzte hemengo futbola lantzeko, ni prest nagoela. Maite dut Reala.

Zu ez zara, baina, entrenatzaile izateko jaio.

Ez. Jokalaria izango naiz beti. Oraindik ere aritzen naiz, hanka bat izorratuta daukadan arren. Ondo zaindua, ondo janda eta ondo entrenatua, lehoiei aurre egiteko ere gai nintzela esaten nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.