Errusiako Munduko Kopa: A multzoa. Martin Lasarte. Entrenatzailea

«Uruguaik txapelketa handia egin dezake, garai batean bezala»

Itxaropentsu dago Martin Lasarte Realeko entrenatzaile ohia bere selekzioarekin, jokalari gazte abilak gehitu baitzaizkie zelai erdian Muslera, Godin, Suarez eta Cavani beteranoei.
FEDERICO ANFITTI /EFE

Aitor Manterola -

2018ko ekainak 14
Lanik gabe, lan bila dabil Martin Lasarte (Montevideo, 1961), mahai gainean dauzkan aukerak aztertuz. Horretara jarriak dauzka bi begiak Realeko entrenatzaile ohiak, baina futbol munduko ia denek bezala, badu gogoan beste zerbait ere: gaur Errusian hasiko den Munduko Kopa. Gogo hori hazi egiten zaio, gainera, den lekukoa delako, eta Uruguain selekzioaren jardunarekin zainak loditzea ohikoa izan delako historian zehar.

Telefonoz erantzun ditu BERRIAren galderak, jator eta berezkotasunez, eta Uruguairi buruzko hausnarketek hartu dute tarterik handiena. Ondo ezagutzen du zertan dabilen selekzioa, eta gogoeta interesgarria utzi du, txapelketaz harago joan dena: aldaketa sumatzen dio taldeari, jokalari gazteek ekarria. «Ez dira betiko jokalari uruguaitarrak bezalakoak, defentsan abilak eta deserosoak aurkarientzat. Gazte hauek abilak dira baloia erabiltzen ere, eta itxaropena zabaldu dute». Baita selekzioaren jokatzeko modua aldatu ere.

Zer itxura hartzen diozu Uruguairi?

Aldaketa batean gaude selekzioan. Aurreko mendeko 70eko hamarkadara arte, Munduko Kopa irabazteko lehiatzen ginen, eta, gero, indarra galduz joan ginen, hainbat arrazoi tarteko. Tabarezek hartu zuenean selekzioaren ardura 2006an, aldatu egin zen. Forlan, Lugano, Godin, Luis Suarez eta beste batzuk azaltzen hasi ziren, eta beste indar bat eman zioten Uruguairi, eta orain, beste modu bateko jokalari gazteak batu zaizkie, gehienak zelai erdikoak: Vecina, Betancur, Valverde... Ematen du txapelketa handi bat egiteko hautagai izan daitekeela, garai batean bezala. Ez dut esango txapeldun izan daitekeenik, baina finalerdietara hel daiteke. Itxuraz, multzo erraza daukagu, baina, gero, Espainiarekin edo Portugalekin gurutzatuko ginateke final-zortzirenetan, eta balizko kanporaketa hori izango litzateke benetako proba zein mailatan gauden ikusteko.

Aipatu dituzu jokalari gazteak azaldu direla selekzioan, eta taldearen ezaugarri nagusia da gazte onen eta betiko beterano batzuen uztartzea?

Hala da, bai. Egoera arraroa da, lerro batzuetan jokalari beteranoek jokatzen baitute oraindik: Muslera dago atean, Godin atzealdean, Suarezentzat eta Cavanirentzat hirugarren Munduko Kopa izango da... Aldiz, zelai erdian gazteak daude, eta beste modu batera jokatzen dute. Horiek ez dira Uruguaiko betiko jokalarien moldekoak, presioan eta baloia lapurtzen abilak. Teknika aldetik hobeak dira, guk hemen peloteroak deitzen diegunak, eta gazte horien ezaugarri berritzaile horiek ematen digute itxaropena Munduko Kopa ezberdina egiteko.

Azken txapelketetan ikusi da Uruguai badela lehiakorra orain arteko estiloarekin, baina Munduko Kopan oso aurrera iristeko distira ere beharrezkoa da, eta jokalari gazte horiek badute hainbesterainoko maila?

Alderantziz ere ezinezkoa da Munduko Kopan urrutira heltzea; bakarrik distira teknikoa duten jokalariekin, baloia oinetan abilak direnekin soilik ezin da gauza handirik egin. Selekzio onenek bietatik daukate, lana batetik, eta talentu teknikoa bestetik. Dena edukitzen saiatu behar dugu, eta horretan ari gara. Horrek ematen digu ilusioa Munduko Kopa honetan zerbait handiagoa lortzeko.

Hego Amerikako 20 urtez azpiko txapelketa irabazi zuen Uruguaik iaz. Gazte onak datozela berresten du horrek, ezta?

Amerikako selekzioen garaipen zerrendari begiratzen bazaio, Argentinak eta Uruguaik antzekoa daukagu gazte mailetan, eta gure selekzioa txapeldunorde izan zen gazteen Munduko Kopan duela gutxi, finala Frantziaren aurka galdu ondoren. Hain zuzen, talde horretan zeudenek orain 22-23-24 urte dauzkate. Amerikako txapelketa irabazi dutenak gazteegiak dira oraindik selekzio nagusian kontuan hartzeko moduko jokalariak izateko, baina badatoz batzuk. Horrek esan nahi du belaunaldi aldaketa eraginkorra egiteko moduan gaudela, eta hemendik zortzi bat urtera ere selekzio lehiakorra edukitzeko moduan izango gara.

Luis Suarez golegile petoa izanik, golaren bermea nolabait ziurtatua izatea ez al da oinarri sendoa txapelketa handia egiteko?

Jokoaren azterketa sinple-sinplea egiten bada, erraza daukagu, ezta? Eman baloia Suarezi, sartuko ditu eta golak. Cavani ere golegilea da, beti izan da golegilea. Horrelako bi aurrelari edukitzeak aukera handiak ematen dizkigu, bai. Gainera, honek izan behar luke bien azkeneko Munduko Kopa goi-goi mailan, adinagatik, eta nolabaiteko indarra sentitu behar dute azkeneko aukera dutela uste izatean. Oso maila onean daude biak, eta zoragarria litzateke txapelketa handia egitea.

Brasilek 1958an izan ezik, Amerikako selekzioek ez dute Europan Munduko Koparik irabazi. Errusian ere ez?

Europako selekzioek ere ez dute sekula Amerikan irabazi, eta egoera hauek harrigarri samarrak dira. Datu historikoak datu dira, baina, gero, txapelketak eta partidak jokatu egin behar dira, eta datuak ez dira aritzen zelaian batera eta bestera.

Munduko Kopa honetan ere betiko selekzioetako bat izango da txapeldun, ala ezusteren bat azaldu eta lor dezake garaipena?

Baliteke ezusteren bat azaltzea, baina betikoak ibiliko dira goi-goian. Etxeko taldea, adibidez, ez zait iruditzen txapeldun izango denik. Belgika izan daiteke ezustea, baina bidean tokatzen bazaio Alemania, Brasil edo Espainia, iruditzen zait kanporatu egingo dutela. Hiru horiek ikusten ditut faborito nagusi gisa.

Argentina ez?

Ematen du barne arazo batzuekin dabilela. Ez du ematen onenean helduko denik. Messi dauka, hori bai, eta Messi taldean edukitzea hamabi jokalarirekin jokatzea bezalakoa da.

Nolako jokoa ikusiko dugu txapelketa honetan?

Ikusten ari naiz gaur egungo futbolean oinarrizko ezaugarria intentsitatea dela. Sistema bat edo bestea erabili, baloia zelaiaren gainean edo gainetik erabili, kontraerasoan aritu edo ez, intentsitatea da denen ezaugarria. Adibidez, Txapeldunen Ligan ikusi dugu Liverpoolek nola estutzen duen eta zein bizi jokatzen duen. Real Madrilek ere bere burua estutu egin behar izan du Europako lehiaketan, ligan ematen ari zenarekin ez zelako oso urrutira iritsiko.

Baloia ukituz atzetik aurrera iristea ere modan dago, ezta?

Bai, eta azalduko dira horrela jokatuko duten selekzioak. Txakurragoak direnak ere bai, aurkariaren zain norbere zelaian egoten diren horietakoak, gero kontraerasoan ateratzeko. Azkenean, irabazteko denak dira balekoak. Begira Greziak nola irabazi zuen 2004ko Eurokopan. Teorian, beste taldeek baino maila apalagoa zeukan, eta jokatzeko modu kontserbadorea aukeratu zuen. Egia da gero txapelketan ikusten dela zein den maila apalagokoa, aurretik jardutea alferrik izaten delako gehienetan.

Antoine Griezmannen txapelketa izango da?

Ederra litzateke, bai. Ez dakit nola dagoen haren etorkizunaren gaia, Bartzelonara doala esaten baita. Antoinek oso adin egokia dauka, hobetuz eta hobetuz ari da etenik gabe. Frantziako jokalari garrantzitsuena izateko prest dago, eta gustatuko litzaidake hark txapelketa handi bat egitea.

Munduko Kopa alde batera utzita, zer egiten duzu talderik gabe, entrenatu gabe?

Uruguaiko Nacional izan da azken taldea, eta orain, zain nago; aztertzen ari naiz ea zer egin dezakedan datorren denboraldian. Baditut aukera batzuk, baina ez daukat ezer itxita. Atera da Espainia aldean Las Palmasek nahi ninduela, eta segituan deitu nion orduko entrenatzaileari, Paco Jemezi, eta esan zurrumurrua baino ez zela izan eta haren lana errespetatzen nuela, ez nintzela ni hasi Las Palmas aldera neure burua eskaintzen.

Gustatuko litzaizuke Espainiako ligan aritzea berriz ere?

Bai, baina beste talde batzuetan. Adibidez, Coruñako Deportivora joatea asko gustatuko litzaidake, bertan jokatu nuelako. Nahiz eta Bigarren Mailan ariko den, erakargarria egiten zait. Espainiako ligan jokatzen da munduko futbolik onena, eta, jakina, ateak zabalik dauzkat bertara joateko berriz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna