Errusiako Munduko Kopa: E multzoa. Marko Dmitrovic. Eibarreko eta Serbiako jokalaria

«Garai egokian dago Serbia txapelketa batean aurrerapausoa emateko»

Sekulako sasoia egin du Dmitrovicek Eibarren, eta lan on horrek Munduko Kopako ateak ireki dizkio. Serbia talde ona dela dio, gazteen eta beteranoen nahasketa.

«Garai egokian dago Serbia txapelketa batean aurrerapausoa emateko».
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Eibarrekin denboraldia amaitu aurretik erantzun zituen BERRIAren galderak Marko Dmitrovicek (Subotica, Serbia, 1992). Aparteko gogoa dauka bere herrialdearekin Munduko Kopa jokatzeko.

Munduko Kopan jokatu behar duen jokalariak beti izaten al du buruan txapelketa, nahiz eta beste lehiaketa batzuetan ari jokatzen?

Burutik pixka bat kendu izan dut Eibarrekin beste lehiaketa batzuetan aritu izan naizen bitartean. Bestela, ez dizu uzten unean uneko lana behar bezala egiten. Sailkatzea sekulako lorpen garrantzitsua izan da Serbiarentzat, eta, hori eginik, jokalari guztiok lanean jarraitu dugu bakoitza bere taldean, bestela ez baikenuen aukerarik izango Munduko Kopako taldean sartzeko. Orain, gutxi falta da, eta dagoeneko buruan dut Munduko Kopa, baina eginak ditudalako aurretik Eibarren egindako lanak.

Munduko Kopa barne izaten duten denboraldiak selekzioko entrenatzaileari gauzak erakusteko ere izaten dira, baina.

Bai. Hala behar du izan ezinbestean, guk gure lanaren bitartez eskaintzen diogulako geure burua Serbiako entrenatzaileari, aukera gaitzan txapelketa jokatuko duen zerrendan.

Etxeko lanak ondo eginda zaude zu, denboraldi oso ona egin baituzu Eibarren.

Hala da, bai. Sasoi ona egin dut taldearekin, eta selekzioarekin joan izan naizenean ere maila ona eman dut. Gogoz nago nire herrialdea defendatzeko jokalari batentzat garrantzitsuena den txapelketa honetan.

Jokalari batentzat goia jotzea al da norbere herrialdearentzat Munduko Kopa bat jokatzea?

Bai. Historikoa da Munduko Kopa, eta handiena da jokalarientzat. Baina maila ona eman behar da, lan ona egin entrenamenduetan, zaindu, eta prest egon selekzioan jokatzeko.

Berria zara zu Serbiako selekzio nagusian; bi partida bakarrik jokatu dituzu.

Duela hiru urte joan nintzen aurreneko aldiz, eta aurten egin dut debuta. Gehiagotan ere joan izan naiz, baina jokatu ez.

Atezain titularra izango zara Munduko Kopan?

Galdetu entrenatzaileari. Gogoarekin nago, eta uste dut aukerak dauzkadala jokatzeko. Beste atezainak jokatu zuen sailkatze fasea, Vladimir Stojkovicek, eta agian hark merezi du jokatzea, baina ni prest nago. Nire esku dagoen guztia egingo dut jokatzeko.

Entrenatzaileak hitz egin al du zurekin sailkatu zinetenetik?

Ikustera ere etorri zen hemen Eibarren Bartzelonaren aurka jokatu genuen partida, eta badakit beste partidaren batean ere egon dela. Beti egoten da deituta egon gaitezkeen jokalariak ikusten.

Zer esan nahi du Serbiarentzat Munduko Kopa jokatzeak?

Gauza oso handia da. Zortzi urte dira txapelketa handi batean ez gaudela. Hegoafrikako Munduko Kopa hartan, aukerak izan genituen multzoen fasea gainditzeko, baina ez ginen pasatu; Alemaniari irabazi genion, baina galdu egin genuen Ghana eta Australiaren kontra. Munduko Kopan egotea gauza handia da guretzat, baina uste dut garai egokian gaudela aurrerapausoa emateko. Multzoa indartsua da, baina bigarren lekua lortzeko aukerak izango ditugula iruditzen zait.

Aurreneko lekua Brasilentzat izango delako?

Hala behar luke izan. Ez da multzoko faboritoa bakarrik; Munduko Kopa irabazteko hautagaia ere bada. Mundu guztiak ikusten du Brasil multzoko hiru partidak irabazten, baina txapelketan gauden beste selekzioak ere indartsuak gara, eta ez da izango aurkari errazik.

Costa Ricaren aurka hasiko zarete. Aurreneko partida honetan hiru puntuak lortzea ia funtsezkoa izan daiteke zuentzat?

Bai. Erraztu egingo liguke multzoen fasean aurrera egiteko bidea, baina sekula ez da jakiten zer gerta daitekeen gero. Agian, aurrenekoa irabazten dugu, eta gero ez gara sailkatzen.

Imajinatu duzu zure burua Brasilen aurka jokatzen?

Tira, amets egin izan dut futboleko gauza askorekin, eta ari naiz ametsak betetzen. Munduko jokalari onenen aurka jokatzea, esate baterako, gauza handia zen niretzat, eta, Eibarrekin, lortu dut. Gozatzeko zerbait da, eta, onenen aurka jokatuta, zeure burua ikus dezakezu, haien parera heltzeko non zauden, eta eskakizun maila goren hori oso ona da edozein kirolarirentzat. Norbere herrialdearekin Brasilen aurka edo beste talde handi batzuen aurka jokatzea sekulakoa da, eta jokalari guztiak gogotsu gaude.

Itxuraz, Suitza izango da zuen aurkaririk gogorrena multzoko bigarren lekua eskuratu eta aurrera egiteko?

Costa Rica ere hor ibiliko da. Jende asko ari da esaten amerikarrak multzoko azkenak izango direla, baina kontuz. Duela lau urteko txapelketan final-laurdenetara heldu zen, eta penaltietan galdu zuen Herbehereen aurka. Hamabost-hamasei jokalari dauzka onak, eta ez ahaztu munduko atezainik onena duela, Keylor Navas. Costa Ricak, Suitzak eta guk lehia estua izango dugu bigarren posturako, betiere egintzat ematen badugu Brasil aurrena geratuko dela.

Nolako taldea da Serbia?

Gazteen eta esperientzia gehiago daukaten jokalarien arteko taldea gara. Alderik ez dago gazteen eta helduagoen artean. Helduek asko laguntzen diete gazteei, eta gazteek sekulako gosea daukate, energia berezia.

Nolakoa da Mladen Krstajic entrenatzailea?

Ona. Erasoko futbola gustatzen zaio, eta baditugu horrela jokatzeko jokalariak. Bizpahiru hilabete darama Serbia zuzentzen, eta ondo ari gara lanean, gauza onak landuz, eta sasoiko heldu gara txapelketaren hasiera honetara.

Entrenatzaileak baloia goian lapurtzeko aukera gehitzen dio erasoko jokoari?

Bai. Badu antzik Eibarren presioa egiteko moduarekin, baina ez gara Eibarren bezala oso gora joaten presioa egitera. Sistemari dagokionez, 4-3-3 erabili izan dugu, baina baita 4-4-2 marrazkia ere. Beti jokatzen dugu aurkariak baino gol bat gehiago sartzera; ez gara defentsan atzean sartzen den talde horietako bat. Ondo datorkigu jokatzeko modu hau.

Zu eroso egoten zara atzeko lerroa oso aurreratua dagoenean, ezta? Eibarren, behintzat, hori erakutsi duzu.

Gustatzen zait, bai. Selekzioak zenbat eta antz handiagoa eduki Eibarren egiten dugun defentsako jokoarekin, niretzat hobeto.

Txapelketa Errusian izanda, zuentzat arazorik ez eguraldiarekin eta horrelakoekin, ezta?

Uda izan arren, bero handia ez luke egin behar, eta guretzat, primeran.

Amerikan jokatzea baino hobeto?

Baietz uste dut. Batetik, ordu aldaketa, etxetik urrun... Errusian izanda, gure zaleak ere aukera gehiago izango dute gu animatzera joateko.

Nolakoa izango da Munduko Kopa hau?

Talde asko daude oso indartsuak. Hiruzpalau dira faboritoak: Brasil, Espainia eta Argentina. Gero, Frantziak ere aukerak izan ditzake.

Zaila da Munduko Kopa bat faborito ez den batek irabaztea?

Ezin da sekula jakin, talde on asko baitaude. Kanporaketetan, partida bakarrera edozer gerta daiteke, baina onenek jokalari onenak izaten dituzte, eta horiek ohituta daude partida estuak eta handiak jokatzen. Ez zait iruditzen ezustekoren bat finalerdietara ere helduko denik.

Zer beste atezainen kontra jokatzea gustatuko litzaizuke?

Alemaniaren aurka eta Neuerren aurka jokatuko nuke. Sailkatzen bagara, agian beraien aurka jokatuko dugu final-zortzirenetan, multzoen gurutzaketagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.