Normaltasun berria Irunen

Josetxo Urresti Ortiz
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Aurtengoa hausnarketarako urtea izango da gutako askorentzat. Orain arte normaltzat jotzen genituen gauza asko birplanteatu beharko ditugu hemendik aurrera. Pandemian elkartasuna izan da gure ezaugarri nagusietako bat. Oinezko herritarrok ondokoarekin enpatizatzeko eta konfiantza izateko gai izan gara, ondoko hori pertsona gisa guri gustatu ala ez. Osasun langileek beraien laguntza behar zuen orori eman diote arreta, gaixoaren lanbidea, larruazal-kolorea edo generoa edozein izanik ere. Talde kohesionatu gisa funtzionatu dugu, aurreiritzirik gabe, auzolanean.

Aldaketa garaiak datoz. Askok aurreko krisietan egin zuten bezala, mehatxutzat hartuko dituzte datozen aro berri hauek. Aurrekoetan ezer ez aldatzea nahi izan zuten. Beldur izan ziren ekonomikoki baztertuta geratuko ote ziren, munduko gatazkak beren hirian lehertuko ote ziren. Batzuek beren antsietatea kudeatzeko modu gisa gutxietsi egin zuten desberdin pentsatzen zuena. Banaka egin ezin zutenez, taldearengana jo zuten, euren jendearengana, beraiek bezala pentsatzen zuten gehiengoarengana, batzuek bandera ere hartu zuten ikur gisa, baita beren nazioa ere. Pentsatu zuten, halaber, norbait aurkitzen bazuten beren arazoen errua botatzeko, arazo horiek konpontzeko zerbait egiten ari zirela. Herritarrakhesien politikarantz bultzatu zituzten. Gutxi batzuei, gehienetan boteretsuenei, mesede egiten zieten hesiak ziren, beste aldean ikusten zutena gustatzen ez zitzaielako altxatutako hesiak, eta, tristuraz, herritarrak babestu beharrean, are gehiago pobretzen zituen hesiak zirela jabetu gabe.

Inozoak ginateke pentsatuko bagenu gure eremu pertsonal soiletik abiatuta mundua aldatuko dugula, kapitalismoa desagerraraziko dugula edo klima aldaketari aurre egingo diogula, badakigulako hori guztia ez dagoela gure esku bakarrik. Baina egin dezakeguna, gure esku dagoena, gogoeta serio bat hastea da, gutako bakoitzak fase berri honetan izango duen zeregina aurkitzeko. Fase berri hori iritsi da, eta zerbait aldatzen hastea nahi badugu, aro berri hau aukera berri gisa planteatu beharko genuke, tokian tokiko berdintasunezko jendarte berri bat diseinatzeko, gure ekintza txiki bakoitzak hobeto bizi ahal izateko eta gizartearen ongizatea lortzeko balio dezan.

Gure herritik hastea proposatzen dut. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Irunen, Hondarribian bezala, beste leku batzuetan eraikitakoez gain, duela ia hiru hamarkada beste harresi handi bat altxatu zela. Hesi handi bat, bere herritarren zati bat zokoratzen zuena. Ez ziren behartsuak izan, ezta atzerritarrak ere, zokoratu eta baztertuak, beste leku batzuetan gertatu zen bezala, baizik eta emakume talde bat. Emakume haiek oso gauza sinplea eskatzen zuten, gizonek bezalaxe beraiek ere jaietaz berdintasunean gozatzea erreibindikatzen zuten. Hasiera-hasieratik, estrategia diseinatu baten zati gisa seinalatu eta baztertu egin zituzten, eta, gezurra badirudi ere, herriko ustezko politikari aurrerakoi batzuen onespenarekin.

Gaur egun pandemiaren menpe dagoen irundarren zati handi batek, egoitza eta ospitale pribatuen kudeaketa txarragatik eskandalizatzen denak, tradizio faltsu baten izenean euren jaiak pribatizatzea onartu zuen. Irundar haiek aukera bat egin behar izan zuten:kontzientziak agintzen ziena bete ala beraientzat prestigio soziala zena bilatu. Paralizaturik, zur eta lur zeuden talde handitik kanpo geratzeko beldurragatik, eta askotan egoerari bortizki aurre egiteko aginduak jarraitu zituzten, auzokide askoren bidezko aldarrikapenaren eta ilusioaren aurka jokatuz.

Emakume horietako askok, ziurrenik, enpatia eta afektu egokiarekin artatu eta lagundu diete egunotan, izurritearen ondorioz behar izan dutenean, aldarrikapenaren aurkakoei, erizain, garraiolari, supermerkatuko langile, garbiketako langile, adinekoen zaintzaile, mediku edo etxez etxeko banatzaile gisa lan eginez.

Pribatuaren aurrean publikoaren defentsa babestu beharreko balio bat den fase berri honetan, alardea aurten ospatzeko ezintasuna une egokia izan daiteke gutako bakoitzak orain arte ekainaren 30ean jokatu duen rolari buruz hausnartzeko. Beharrezkoa izango da pentsatzea nola lagundu dezakegun, zer ekarpen egin dezakegun hurrengo urtean, birusak aukera ematen badu, berdintasunezko alarde inklusibo bakarra egin ahal izateko, garai berri honi ez ezik, sen onari ere egokitua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.