Erabakitzen has daiteke

Gernikak eta IDK-k Eurokopako multzoen faseko bigarren itzuliari ekingo diote gaur. Gipuzkoarrek Lyon hartuko dute, eta bizkaitarrek, Rutronik

Laura Speafico Gernikako jokalaria baloiarekin, denboraldi honetako Eurokopako partida batean. LOINTEK GERNIKA.
ainara arratibel gascon
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Eurokopako multzoen faseko bigarren itzulia gaur hasiko da Lointek Gernika Bizkaiarentzat eta IDK Euskotrenentzat. Biek etxean jokatuko dute: bizkaitarrek, Alemaniako Rutroniken aurka (20:00, FIBAren Youtube kanala), eta gipuzkoarrek, Frantziako Lyonen kontra (20:00, ETB4). Partida garrantzitsuak dira, txapelketan aurrera egiteko eta ondo kokatzen hasteko.

Behar handiena duena IDK da. Azu Muguruzaren taldeak garaipen bat eta bi porrot pilatu zituen lehen itzulian. Joanekoan, donostiarrek hamabi punturen aldeaz galdu zuten Lyonen (76-64). Aurkariaren ahalmen fisikoaren aurrean donostiarrak bizi jokatzen saiatu ziren, baina frantziarraktxapelketa irabazteko faboritoetako bat dira. Minutuak aurrera joan ahala neurketaren kontrola bereganatu zuten, eta garaipena lortu. Gaur, denboraldi osoan etxean erakutsitako sendotasunari eutsi nahi dio IDK-k. Taldearen barruko jokoa indartu asmoz, Gnere Alima Dembele hegal-pibotaren fitxaketa iragarri zuen atzo. Malikoa da, 1,86 metro neurtzen du, eta 22 urte ditu. Espainiako Ohorezko Mailan esperientzia du. Leganesen ari zen jokatzen. Bertan 5,1 puntu sartu eta 3,2 errebote jaso ditu batez beste.

Gernikak bi garaipen eta porrot bat daramatza. Anna Montañana teknikariak uste du gaurko partida «gakoa» dela multzoko bigarren postua sendotzeari begira. Izan ere, Rutronikek oraingoz jokatutako hiru partidak galdu ditu. «Dena den, horrek arriskutsu egiten ditu. Ezin dugu lo hartu, eta lehen unetik partidarenbila atera behar dugu. Lehen minutuak funtsezkoak izango dira». Joaneko partidan, irabazi arren (69-73), bizkaitarrek minutu asko eman zituzten atzetik. Partida gogorra eta lehiatua izan zen. Oshlynn Brown pibotak min handia egin zien. 28 puntu sartu zituen, eta 15 errebote jaso. Kanpotik Alex Kiss-Rusk, Alexandra Wike eta Alinna Hartmann dira jokalaririk arriskutsuenak. Bizkaitarrek hobeto aritu beharko dute errebotean hainbeste ez sufritzeko. Izan ere, alemaniarrak arlo horretan izan ziren nagusi joanekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.