Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Oroitzen al dira baleak euskaldunez?

Urtzi Urkizu -

2017ko irailak 28
Bihotzak uharte bakartiak direla esanez / zure gaua da nire aberri eguna». Horrela amaitzen da Gari Berasaluzek 1996an idatzitako Zu gabeko arratsetara irtetzen naizenean olerkia. Uharteak izan daitezke bihotz bakartiak, eta gure aberri eguna aurkituko dugu etorkizunaren uretan.

Uharte bat bada Ameriketako Estatu Batuetan, bakartia, Placentia izenekoa. Xabier Agote Albaolako presidentea eta arkeologo talde bat hara joango dira. Uharte bakartira, duela hainbat mende euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen lankidetza-elkargune bat izan zela frogatzeko asmoarekin. Hori da Elkarrekin-Together dokumentalaren abiapuntua. Indusketa lanetan ari dira, eta bizitakoa pelikula erakargarri bat bilakatzea lortzen dute Migeltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Igor Otxoak. ETBren eta Euskal Zinemaren Galan estreinatu zuten filma, astearte gauean. Emaitza ikusgarria da. Airetik droneekin hartutako irudiak ederki daude txertatuta. Istorioaren mamiari Molinaren eta Irabururen dokumentaletako ohiko indar bisuala gehitzen zaio.

Agoterekin taldean, Xabier Alberdi, Ander Arrese, Iosu Etxezarraga, Maider Irigoien, Beñat Iturrioz eta Leire Otero daude. Elkarrekin, indusketa lanean. Dokumentalak pizgarri polit bat jasotzen du, uhartera Brad Loewen Montrealgo Unibertsitateko ikerlaria iristen denean. Jakinduriari gizatasunez betetako begirada antzematen zaio Loeweni. Zorionez, badaude halako pertsona gehiago Zinemaldiko guneetatik gertu. Astearte gauean diskoteka batean egin zen festan topatu genituen halako batzuk. Horiekin (ia) edozer gauza egin dezakegu, elkarrekin, together: zinema, parranda edo herriak askatasunaren bideetara eraman.

Elkarrekin together-en entzuten da: «Oroitzen al dira baleak euskaldunez?». Oroituko ez dira, ba. Euskaldunok beti oroitu beharko duguna da etorkizuna beste herriekin eraiki behar dugula, elkarrekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna