Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. kritika. Kursaaleko auditoriuma

Dotorezia eta lema ona

2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Galiziako Orkestra Sinfonikoa

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 19.

Galiziako Orkestra Sinfonikoa maiz itzuli da Musika Hamabostaldira 1995ean lehen aldiz etorri zenetik, eta beti ekarri izan ditu berarekin musika egiteko gogoa eta sen ona. Ostegunean ere orkestraren ezaugarri diren zehaztasuna, norabidea eta dinamiken kontrol sakona atzeman ziren berehala Kursaalean, neurri handi batean, Dima Slobodeniouken batuta zintzo eta adeitsuari esker.

Johannes Brahmsek bere Pianorako 2. kontzertua idatzi zuenean, 1881ean, bere irudia eta izena jada ezagunak ziren Europan. Itxura eta ospea handitzen zihoazen heinean, Brahmsek iseka egiten zion bere buruari, bere piezak huskeriatzat hartuz: izan ere, bere ikasle ohia izandako Elisabeth von Herzogenbergi idatzi zion «pianorako kontzertu ñimiño bat» idatzi zuela, «scherzo txiki eta samur batekin». Hara, pieza handia dugu hau, soilik Elisabeth Leonskaja bezalako interprete batek gorenera eraman dezakeena. Dotorea izan zen hasiera-hasieratik, tronpen deiaren ondoren datozen arpegioetatik Andante-aren samurtasunera, biolontxelo bakarlariaren leuntasunari eskutik helduz, eta baita Allegro appassionato dramatiko eta ekaiztsuan ere. Lanak eta eskarmentuak ematen duten lirismoak, gustu onak eta esanahiak, taulatik atera, eta besaulki-patioa zeharkatu zuten. Franz Lisztek esan bezala, «pentsamendua eta sentimendua harmonian» egon ziren.

Sergei Rakhmaninoven 1. sinfoniaren 1897ko estreinaldiaren zorigaiztoko esperientziak ez dio obrari merezi duena ematen: bere «bizitzako ordurik agonikoena» izan omen zen konpositore errusiarrarentzat, eta porrotaren ostean hiru urtez egon zen ezer idatzi gabe. 1945ean berreskuratu zen, zorionez, sinfonista erromantikoen bidea zabaldu zuen obra, Galiziako Orkestrak berebiziko distiraz jantzi zuena. Allegro animato-a arina eta misterioz betea, Larguetto sotila, haize sekzioaren goxotasun nabarmenarekin, Allegro con fuoco bizia, ospatzailea, erritmoan doia eta irmoa. Slobodeniouk ere leihoak zabalik, ibilbidea argi, atsegin handiz jarraitzen den lemazaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.